GARA > Idatzia > Kultura

Andoni Egaña: «Mugak sormenerako mesedegarriak izan daitezke»

«Bertsormena. Landu sormenaren alderdi komunikatiboa» ikastaroa abiatu du Andoni Egañak UEUko udako ikastaroen barruan, eta ipuingintza, zutabegintza eta bertsogintza alderatu ditu bertan.

GARA | EIBAR

Bertsozale Elkartearekin batera UEUk antolatu duen ikastaroaren ardatz nagusi gisa, «narrazio laburrek, egunkariko zutabe edota irratietako kolaborazioek eta bat-bateko bertsoaldi batek elkarren artean duten antza aztertu nahi izan dugu», adierazi du Egañak.

Txapeldun ohiaren esanetan, «ezberdintasunak ezberdintasun, antzekotasunak badira, eta luze-laburreran, adibidez, badute parekotasunik, bai sortzailearen aldetik, bai hartzailearen aldetik ere».

Sormenaren ikuspegitik ere, «bakarkako lan batean etortzen zaizuna ez da ideia potolo bat, baizik eta printzaren bat. Eta gauza bera gertatzen da zutabe bat idazteko orduan ere, ez duzu tesi bat idatzi behar. Ipuingintzan ere berdin, printzatik haratago lantzen hasten bazara...». Eta printza horren kudeaketan ere badute antzekotasuna hiru sorkuntza atalek. Horregatik, ikastaroan printza nola landu, noizko utzi ideia nagusi hori... aztertu dituzte.

Bertsotan, esaterako, «lehen, gaiak itxiagoak ziren, eta gaiak zabaltzen hasi zirenean asmatu beharreko istorioak aukera ezberdinak planteatzen zituen, bazegoen hasierako ideia bukaerarako uzteko aukera, edo lehen ideia bigarren bertsoaren amaieran botatzea edo...».

Euskal hedabideetan zutabegintzan bertsolari asko aritzea ez da kasualitatea, zarauztarrak dioenez. «Hori ez da gertatzen bertsolariak oso onak garelako, baizik eta lan mota horretara bertsolaria ohituta dagoelako. Zutabegintza askotan enkarguzkoa eta epe baten barruan izaten da, eta bertsolaria sormenezko denboran lan egitera ohituta dago».

Ipuingintzaren, bertsogintzaren eta zutabegintzaren bidez ideia bat komunikatzea da helburua. Komunikatzeko modua ordea, oso ezberdina da, bakoitzean. Egañaren esanetan, «galdetuko banio jendeari, irratsaio bat egiteak, egunkarirako zutabe bat idazteak edota bertsotan egiteak, zerk emango liokeen beldur handiagoa, askok bertsotan aritzeak erantzungo luke. Baina bertsotan egitea errazagoa da, zu han baitzaude zeure burua defendatzeko. Zutabe txar bat idatzi eta hurrengo egunean zu ez zaude irakurlearen etxean azalpenak emateko, bertsotan, ordea, bai». Kontuak horrela, «komunikazioan zenbat eta zailtasun gehiago izan hobe da, zeren zailtasun horiek gainditzen ikasten duzunean, jada komunikazioaren zati handi bat egina duzu, arrakasta komunikatiboa gertuago duzu».

Mugaren onurak

«Mugak mesedegarriak direla esango nuke», bota du bertsolariak. «Gutxienez doinu bat eta neurri bat beti ditugu, eta askotan gaiak ditugu, eta baita laguna ere. Zuk ezer ez badaukazu ere, lagunaren indarrak lagundu zaitzake. Orduan sormenerako hesiak ez dira txarrak. Gero momentu sortzaile on-onetan, hesi horiek gainditzeko gai bazara, oraindik hobe, baina marko bat izateak sormenerako lagundu egiten du».

Gaur aurrera egingo du ikastaroak, Ander Lipus eta Jon Maiaren gidaritzapean. Goizeko bederatzietatik aurrera, «Kantatzetik kantatzera. Testuaren interpretazioa kanta eran. Doinuaren, erritmoaren, bolumenaren kudeaketa» izango du mintzagai zumaiar bertsolariak. Eta 11.30etik aurrera berriz, «Pertsonaiaren larrutik; gorputz adierazpena?» gaia landuko dute, markinar antzezlea irakasle dutela.

Bazkalostean gainera, arratsaldeko lauretatik aurrera, Jon Maiak eta Ander Lipusek goizean emango dituzten azalpenen araberako ariketa praktikoak landuko dituzte.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo