GARA > Idatzia > Kultura

Eleberriaren mugak gainditu eta hezur-haragizko bihurtu dira Daniel eta Paulo Obabatarrak

Hogeita bost urte igaro dira Bernardo Atxagak Obaba irudimenezko lurraldea sortu zuenetik. Aldiz, oraindik orain belaunaldi berrien arreta bereganatzen jarraitzen du. Azkena, Imanol Rayo zuzendari gaztearena. «Bi anai» eleberria hartuta, paperean islatutako fantasiazko mundua pantaila handira eramango du iruindarrak, euskaraz.

f039_f02_140x91.jpg

Oihane LARRETXEA

Artikutzako paisaia berde eta lasaiak agertoki natural handi bilakatu dira egunotan. Izan ere, Gipuzkoa eta Nafarroa arteko inguru eder horretan ari da Imanol Rayo zinemagilea Orio Produkzioak ekoiztetxearen laguntzaz «Bi anai» eleberriaren egokitzapen zinematografikoa egiten. Filma, gainera, euskaraz egingo da; «jatorrizko lana euskaraz eginda dagoelako», adierazi zuen zuzendari nafarrak. «Euskaraz da jatorrian eta gu euskaraz bizi gara -erantsi zuen-. Horrela egiteko erabakia modu naturalean sortu zen; ez diot buelta gehiegirik eman».

Filmazio lanak ekainaren 21ean Lesakan hasi bazituzten ere, proiektuaren nondik norakoak ezagutzeko atzo ireki zizkioten ateak prentsari Artikutzan. Bertan, zuzendari eta protagonistekin solasean aritzeko parada izan genuen, baita berak idatzitako eleberriaren egokitzapena ikustera hurbildu zen Bernardo Atxagaren iritziak jasotzekoa ere.

Imanol Rayok 25 urte besterik ez ditu, hau da, «Bi anai» eleberriak bezainbeste. 2005. urtean «No mires al sol» eta «Feliz año Oswaldo» film laburrak egin zituen eta urtebete geroago «La mosquita muerta» eta «Leihotik» etorri ziren. Atxagaren eleberria zinemara eramateko proiektua orain gauzatzen ari bada ere, zinemagileak berak aitortu zuenez baziren hiruzpalau urte ideia buruan bueltaka zuela. Tarte horretan, Atxagaren lanari hamaika buelta eman dizkio eta gidoia sei aldiz berridatzi du guztiz borobildu arte: «Egokitzapena egiterako orduan, liburua baino, gaia bera interesatzen zitzaidan. `Bi anai' nobela motza da, baina, hala ere, pentsarazteko aukera handia ematen du; gauza asko uzten ditu airean. Horregatik aukera handia nuen bai pertsonaiei bai euren jokabideei buelta asko emateko. Hori izan da agian paperetik hona eman den aldaketarik handiena», azaldu zuen.

Atxagaren eleberria aukeratzeko arrazoien berri ematerakoan, gai herrikoi bat modu ez herrikoian tratatzeko gogoa zuela nabarmendu zuen Rayok; distantziaz egin nahi zuen, eta hori izan da, hain zuzen ere, izan duen erronkarik handiena. Gidoiari ere bere ukitua eman diola argitu zuen: «Nire modura egin dut». Zentzu horretan, nobelak oso estilo zehatza duenez, estilo hori bere ikuspuntura moldatzerakoan kode aldaketak gertatzea ezinbestekoa zela azaldu zuen: «Esango nuke egokitzapenean bi alderdi bilakatu direla ezinbesteko: gertaeren sorrera eta ikuspuntu aldaketa. Jatorrizko testuan ikuspuntu global omnipresentea dena, zehatza bilakatu da bertsio honetan».

Idazlearen begirada

Bernardo Atxagak ez zuen Artikutzan egoteko aukera galdu. Izan ere, bere eleberri baten egokitzapena gertutik jarraitzeko aukera izateaz gain, laguna du Rayo. Harreman hori aldeko faktoretzat jo zuen iruindarrak. «Ez da eduki dudan laguntza bakarra izan, baina Atxagaren onespena hasieratik izan nuen, eta hori, noski, onuragarria izan da. Babesa alboan edukitzeak indarra eman digu». Atxagak, bere aldetik, moldaketa lanetan gidoiak irakurri dituela onartu arren, ez duela bere iritziekin Rayo baldintzatu nahi izan nabarmendu zuen, baita horregatik iritzi horiek ez dituela gehiegi plazaratu ere: «Nik honako araua jarraitzen dut: ez hitz egin ulertzen ez duzun horretaz». Idazlearen aburuz, narrazio baten euskarria aldatzean, narrazioa bat-batean eraldatzen da; batzuetan kapitulu bat ez delako aipatzen, beste batzuetan pertsonaien garrantzia ez delako bera... Horregatik, ohar txikiak besterik ez ditu egin, «ez baitut zinemaz ulertzen eta kalte egin nezakeelako. Hala ere, guztiz fio naiz, Imanolen ideologia artistikoa ezagutzen baitut. Berea oso ideologia berezia da, poesiarekin zerikusi handia duena. Gainera, ideia finkoak ditu: pelikula egingo du saiakeran mundua lehertzen bada ere».

Obabaren sorreraz mintzatu zen autorea, baina malenkonia eta nostalgiarik gabe. «Niretzat, zalantzarik gabe, iragana da -adierazi zuen-. Alde horretatik abantaila da, Obabari beste norbaitek egin izan balu bezala begiratzen baitiot». Hala, mundu hori «itxita» duela baieztatu zuen, kanpotik «atseginez» begiratzen duen mundua dela, alegia: «Ez daukat orainaren tentsiorik. Aldiz, azken nobelaren bertsioa egingo balute, urduritasuna izango nuke, errealitate horretan nagoelako oraindik, motorra piztuta dudalako».

Aktore gazte zein eskarmentudunak

Filmaren mamira bueltatuz, ezinbestekoa da aktoreez aritzea. Eskarmentu handiko aktoreak ari dira lanean; esaterako, Kandido Uranga, Klara Badiola edota Patxi Santamaria. Aldiz, Rayoren nahietako bat, «ahalik eta emaitza naturalena lortzeko», aktore ezezagunen papera indartzea izan da, bere ustez errazagoa baita horiek eleberriaren testuinguruan txertatzea. Aktore gazteen artean, besteak beste, Loreto Mauleon eta Oihan Lopetegi daude; Teresa eta Carmen neska gazteen paperak egin dituzte. Bi anaia protagonistak, aldiz, Bingen Elortza eta Aitor Koteron dira, hurrenez hurren Paulo eta Daniel. Elortza donostiarrak «La máquina de pintar nubes» (2009) film luzean parte hartu zuen, eta Koteron antzerkian nahiz «Goenkale» telesailean aritu da.

Biek ala biek pertsonaien soslai grisa goraipatu zuten. «Zuzendariak protagonista lauak, grisak, neutroak nahi zituen. Ildo horretatik jo dugu, eta, beraz, bakartia da Paulo, bere munduan bizi den mutila. Ez du gurasorik eta bere anaia zaindu beharra du. Atormentatu hutsa da», azaldu zuen Elortzak. Nahiko zaila suertatu zaio Pauloren papera egitea, Rayok ez zuelako aurpegietan espresiorik nahi. Hori bai, «pertsonaia polita da», esan digu. Koteronek aurreratu zigunez, berea hitzik gabeko gidoia da; hau da, sentipenak eta umoreak imintzio bidez adierazi behar ditu, «horiek ere neurtu egin behar ditut baina, hala nahi baitzuen Imanolek». Koteronek antzeztutakoa pertsonaia berezia da, izan ere, Daniel atzeratua da. «Atzeratua da, baina ez tentela. Gertakarien aurrean bere sena jarraitzen du». Daniel izateko, beraz, eskuak eta begiak bereziki landu behar izan ditu erandioarrak. «Gidoi ezak ordea, ez du papera errazagoa egiten -zioen-. Imintzioak bide bakarra direnez, kontu handia jarri behar da zuzendariak eta gidoiak eskatzen dutenarekin asmatzeko. Guztia keinu bakarraz helarazi behar bada baina, aldi berean, linealtasuna eskatzen badizute, non jarri neurria?».

Artikutzan beste bi astez egongo dira lanean, eta, ondoren, beste bi astez Iturenera joango dira bi anaien etxe barruko eszenak grabatzera. Artikutza aukeratzeko arrazoiak bi izan dira Beñat Ibarbia ekoizleak azaldu zigunez. Batetik, modernizatu gabeko zonaldea da, eta, beraz, bertako etxeek primeran irudikatzen dute 50eko hamarkada. Bestetik, Artikutza leku itxia denez, ez dago ez kutsadura akustikorik, ezta luminikorik ere. Gainera, inguruko basoek ere nahi duten ingurunearekin bat egiten dute. Guztia antolatuta bezala badoa, uztailaren 30ean amaituko dute filmaketa eta 2011. urtearen hasieran prest izango da «Bi anai» filma. «Hortik aurrerakoa zinema jaialdiek azal dezaketen interesaren araberakoa izango da», azaldu zuen Ibarbiak.

 
Vestuario oscuro y otoñal para personajes rurales y lineales

Para dar con el vestuario adecuado, según detalló su responsable, Josune Lasa, ha de hacerse un estudio previo. En el caso de “Bi anai”, se ha documentado con fotografías familiares de aquella época rural de Nafarroa. Para hacerse con la ropa, «como ocurre muchas veces», se fue a Madrid, donde existen almacenes en donde la alquilan.

En cuanto al estilo, Lasa aludió al aire oscuro y otoñal que pidió Imanol Rayo: «Insistió mucho en eso y por eso no hay apenas color. Si me atrevía con un tono teja, me venía preguntando que qué pasaba con esa prenda», explicó con humor. Los colores por lo tanto, son un elemento clave en “Bi anai”, un pueblo donde reina la tristeza y los jóvenes visten como si fueran personas mayores.O.L.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo