GARA > Idatzia > Iritzia> Zirikazan

Josebe EGIA

Indarkeriaz blai

A urreko astean Erromon gertaturiko bortxaketaren harira, beste behin sumina sentitzeaz eta neska bero eta babes olatu batez bustitzeko desio osoaz gain, badut barruan hainbeste festak, hainbeste ordu txikitara arteko kale girok, jende andana edanean ibiltzeak dakarren agertokiaren beldurra. Badut, era berean, agertoki horretan mugitzen diren askoren gaineko kezka. Gehien-gehienak gazteak izaten baitira, mordo bat nerabeak ere, eta ukaezina da bizitzako arlo guztietan bezala, festan ibiltzeko eta bertan erraz samar sor daitezkeen egoeren aurrean behar besteko azkartasunaz jokatzeko, eskarmentu eta erreakzio ahalmen urrikoak direla.

Batetik, kezkagarria iruditzen zait sexu-bortxakeria, indarkeria eta tratu txarrekin erlazionaturiko zenbat eta zenbat kasutan izaten den hain gaztea erasotzailea. Baita biktima ere. Badut susmoa oraindik ere egoera hori bizi dutenen inguruko ideia okerra dugula barneratuta, hau da, uste izaten dugula bikote helduak direla tarteko, emakumea etxeko andrea eta gizona alkoholikoa, bestelako drogen mendekoa edo aparteko estrespean bizi dena. Ordea, aspalditxo dakigu horrek ez duela errealitatearekin zerikusirik, alegia, ez dagoela profil finkorik. Eta gertatzen direnei erreparatuta, adina oso kontuan hartu beharreko faktore kezkagarri eta garrantzitsua dela uste dut. Ikertu beharrekoa, dauden tresna eta baliabide guztiak baliatuz, argi baitago indarkeria hori nonbaitetik sortzen zaiela, ihesbidea, besteak beste, emakumeekiko bortxakeriaren bidez ematen diotela, eta errora eta gazte hauen guztien lanketara jo barik, nekez erauziko dugula arazo hau jendartetik.

Bestetik, festetan egoten den joan-etorria, aparteko alkohol-irenstea, jolasa, sedukzioa, gauaren besarkada... hain une polit eta ahaztezinen sehaska izan daitekeena, infernu eta amets gaizto bilakatzen da askotan, tragediara heldu barik ere, gazte bat betiko marka dezakeen egoera latz. Hain zuzen, jendetzaren anonimotasunak, mozkorkeriak eta gauaren babesak bultzatu egiten baititu indarkeriaz beteriko pertsonak berau askatzera, ausartago bilakatzen dira eta ahulago ikusten dituzte besteak, emakumeak, hain zuzen. Berez ere, ziurrenik, gutxiagotzat jotzen dituztenak, euren desioen objektu huts. Eta nago, gainera, maiz ez dutela jarrera oldarkor eta jazartzaile horien aurreko arbuio garbi eta ozenik hautematen inguruan, lagun arteko txantxa giroan bailitzan, eta hain justu hori uste dut dela kezkagarriena gazteei begira.

Izan ere, zenbateraino helarazten zaie, jendarte honetako esparru ezberdinetatik, emakumeen hitzak balio osoa duela edozein izanda ere eremua? Bai bizitza publikoan, bai harreman intimoetan? Eta zenbateraino jasotzen eta onartzen dute eurak ere badirela inguruko egoeren erantzule, ikusle eta, sarri, lekuko izateaz harago?

Indarkeriaz josita dago gure jendartea, indibiduala zein instituzionala. Horrek eragin izugarria dauka pertsonen jarreran. Are gehiago nerabe eta gazteen artean. Erronka eta borroka, beraz, mota guztiko indarkeriaren kontra joatea da.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo