GARA > Idatzia > Kirolak> Arrauna

San Miguel liga

Ehunenekoan aldearekin nagusitu da Pedreña

Kantabriarrek hamabi ehuneneko errenta baino ez diete atera Orio eta Tirani eta denboraldiko aurreneko garaipena erdietsi dute.

p030_f01.jpg

Ander GARTZIA

Hamabi ehuneneko sekula ez dira horren zirraragarriak suertatu orain dela zortzi urte eskas sortutako TKE ligan. Denbora minino horrek Pedreñako koadrilan atzo eragin zuen poza ere ez zen txikiagoa izan. Arraunaren Olinpoaren parte izatetik gainontzeko traineru lurtarren pare izatera oso tarte estua dago, eta, azken segundoraino, hiru ontziren zoria hari mehe horren esku izan zen atzokoan. Oriok eta Tiranek egundoko estropada egin zuten ohorezko txandan, baina inork gutxik espero zezakeen aurkaria izan zuten: Pedreñak aurreneko txandan egindako denbora bikaina. Galiziarrak, atzetik aurrera jardun ostean, gipuzkoarren denbora berean iritsi ziren helmugara, baina ez ziren kantabriarren denbora hobetzeko gai izan. Horrenbestez, Pedreñak denboraldiko aurreneko garaipena erdietsi zuen. Oriok, berriz, epaileek bigarren postua eman eta gero, ligako sailkapeneko puntan jarraitzen du.

Halaber, Moañako uretan bigarrenez jarraian jokatutako estropadak eleberri beltz batek izan ditzakeen osagai guztiak izan zituen: misterioa, arrotzak baitzaizkigu Galiziako badietako urek gordetzen dituzten sekretuak; zirrara, eta ezustekoak. Hala ere, hainbat urtez Pedreñako ontziak eta elkarteak berak erakutsi duten eboluzioa eta garapena aztertuz gero, bidegabekeria litzateke, garai honetan, kantabriarrek erdietsitako garaipena ezustekotzat jotzea. Angel Gomezek zuzentzen duen traineruak maila handiko gizonak bildu ditu tosten artean eta hala erakusten dute, besteak beste, txapelketaren aitzineko erlojupekoan lortu zuen bigarren postuak eta etxean erdietsitako hirugarrenak.

Tiran eta Hondarribia

Atzoko estropadak, ordea, beste bi garaile garbi izan zituen. Alde batetik, etxean aritu zen Tiranen zaletuek bapo gozatu zuten «Ruly» ontziak emandako erakustaldiarekin. Galiziarren traineruaren brankak garaipena igurtzi bazuen ere, Daniel Perezen mutilek asteburu bikaina borobildu zuten. Bestetik, Hondarribiarren lana txalotzekoa izan zen. Denboraldiaren zati handi bat puntako ontzien ainubean eman ostean, meritu handiko laugarren postuan heldu ziren helmugara Urdaibairi 72 ehuneneko atera eta gero. Mikel Orbañanosen mutilek behar zuten horrelako estropada bat eta ikusi beharko da Moañan jokatutako azken estropada inflexio puntu bat den edo ez.

Afamoko bandera

oreka nagusi

Berdintasuna erabatekoa da eta denboraldi hasieran jokatutako sei estropadetan bost garaile ezberdin izan dira dagoeneko: Orio, Urdaibai, Astillero, Pasai Donibane eta Pedreña.

euskotren liga

Emakumezkoen ligan Galiziak asteburu paregabea borobiltzea lortu du bere zaletuen aurrean bigarren garaipena erreskadan lortu eta gero. Galizia, Gipuzkoarekin batera, sailkapeneko puntan da.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo