GARA > Idatzia > Kirolak> Tour

Pistolaren tiroak indarra galdu ote?

Amets TXURRUKA | Txirrindularia

Rotterdam-eko hoteltxo hartan lehen agurra idatzi nuenetik gertaera ugari izan ditutgu Tour honetan: atseginak, desatseginak, ikusgarriak, polemikoak... denetarik pasatu da Tour berezi honetan! Maldan gora berdinduta geratu da bi indartsuenen arteko dema eta, futbo-lean gertatzen den legez, bazirudien penaltietan erabakiko zela Tour hau, azken erlojupekoan alegia. Eta han ere ezberdintasun gutxi!

Maillot horiaren eta zuriaren arteko dema (Alberto eta Andy) «pistoleroak» irabazi digu. Baina estu hartu du gazte luxemburgotarrak, pistolak tiro egin du bala aurten ere, baina segurtasun txalekoa jarria izango zuen edo... ez du besteetan bezalako zauririk eragin. Maldan gora inolako lotsarik gabe agertu da, baina erlojuaren aurkakoan ez genuen espero halako defentsarik. Datorren urterako hordagoa gaurtik dago mahai gainean, irrikaz itxarongo diogu zaleok hurrengo ekitaldiari!

Zale askok Bales-eko matxura izango dute buruan segundo haiek izan balitu, emaitza bestelakoa izango zela pentsatuz, baina ez al gara oroitzen Spa-n bukatutako etapako segundoez? Eta harbidekoez? Emaitza faktore askoren baitan dago eta ez dut uste ezer leporatzerik dagoenik inori. Taldean ere bero-bero ginen Eliseo zelaietan laranja koloreko maillota ikusteko, baina gure ilusioa eta berotasuna azkar hoztu dizkigu errusiarrak. Isil-isilean bere legea ezarri du, pitinka-pitinka etenik gabe gora egin du eta Samuelek baino goraxeagotik ikusi ahal izango du Eliseoetako harbidearen ertzetan txalo sorta eskaintzen duen jende andana. Hala ere, azpimarragarria da Samuelek egin digun Tourra eta pixkanaka aurrera egiten ari dela eta kaxoian lekua duela erakutsi digu. Taldekideek buru-belarri lagundu diote helburu hori lortu nahian eta neronek ere pena handia daukat erronka hori lortzeko bidean aldamenean egon ezin izana!

3 aste pasata, ohikoa den galderatxo bat datorkit burura: Zer dago faltan eta zer soberan? Soberan harbideko etapa egon dela argi daukat! Faltan, aldiz, gauza asko botako zenituzten, baita neuk ere! Tartean, iaz garaipen ikaragarri harekin zorioneko egin gintuen Mikel Astarloza, baita haren seguidilla ere, baina horretarako gai ez dut ikusten neure burua eta ez naiz saiatu ere egingo!

Horrenbestez, lanpostu berri honetako nire lanak bukatuta besarkada batekin agurtzen zaituztet. Txoko honetan kontu kontari gustura ibili bagara ere, aurrerantzean, errepidetik izango duzue gure berri. Eta ea ahalik azkarren den! Ongi izan!

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo