GARA > Idatzia > Mundua

Kirgizistan bitan zatitzeko arriskua areagotzen ari da, adituen arabera

Kirgizistango egoera ez da bere onera etortzen eta aurki egitekoak diren hauteskundeei boikot egiteko deialdiak izan dira egunotan. «Gure botoak kontuan hartzen ez badituzte, Parlamentua boikoteatuko dugu», esan zuen kirgiz etniako manifestari batek ostiralean Oshen.
p020_f01_148x108.jpg

Jose Angel ORIA

Osh hirian manifestazioa egin zuten Kurmanbek Bakiev aurreko presidentearen milaka jarraitzailek. Mobilizazioak oso argi adierazi zuen behin-behineko Gobernuak ez daukala herrialdeko hegoaldeko eskualde horietan ia indarrik, eta edozein gauza erabakita ere, asko kostatuko zaiola bereari eustea.

Bakievek izendatu zuen Melis Myrzakmatov Osheko alkate eta presidente ohiak bere kargua udaberrian utzi beharra izan zuenean -ehunka hildako eragin zituzten istiluen ondorioz-, Roza Otunbayeva behin-behineko presidentearen Gobernuak Udaleko kargu hori utz zezan gestioak egin zituen. Baina alkateak bereari eusten dio, eta bere jarraitzaileak kalera protesta egitera irteteko prest daude. «Ni ez noa inora, ni herriarekin bainago, zuekin», esan zien Myrzakmatovek Osheko plaza nagusian. Otunbayeva presidentea- ren dimisioa eskatu zuten manifestariek. «Gobernuaren porrot iraingarria» ikusi zuen AP agentzia estatubatuarrak.

Nazioarteko informazio agentzien arabera, gutxienez bi ministro larri ibili ziren manifestarien artean. APk jakitera eman duenez, Azimbek Beknazarov presidenteordea bizkartzainez inguratuta hurbildu zen alkatearen aldekoengana, paper-zorro blindatuarekin bularra babesten zuela. Manifestariek oihuka hartu zuten, nahiz eta Beknazarovek esan zuen Myrzakmatov dela Osheko alkate, behin-behineko Gobernuan kargu bat eskaini dioten arren. Inguruan zeuden manifestari batzuek bultza egin zioten eta bizkartzainek berehala atera behar izan zuten presidenteordea.

France Presse agentziak, berriz, Aigul Ryskulova Lan ministroari gertatutakoaren berri eman du. Giroa lasaitzeko asmotan joan zen bertara, agentziaren arabera, baina manifestariek gaizki hartu zuten eta auto ofizialean bizkartzainen laguntzarekin sartu eta ihes egin beharra izan zuen.

Melis Myrzakmatoven aldekoek alkatea non dagoen argitzeko exijitu zioten Gobernuari aurreko egunetan. Bishkek hiriburuan aurreko astean ikusi zutenetik, inork ez zekien non zebilen. Alkateak berak jakinarazi zien jarraitzaileei ostiraleko manifestazioan, hiriburuan atxilotu eta hiru egunez eduki zutela horrela, eta behin-behineko Gobernuak alkatetza uzteko eskatzen ziola. «Ez dut nire postua utziko», esan zien jarraitzaileei, bero-bero eginda.

iheslariak

Osh eta Jalal-Abad Kirgizistango hegoaldeko hirietan joan den udaberrian piztutako indarkeriaren eraginez, 400 hildako izan ziren eta 400.000 lagunek ihes egin beharra izan zuten.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo