GARA > Idatzia > Kirolak> Herri-kirolak

«Gu etxean eta gure erara arituko gara, eta hori baliatu behar dugu»

p038_f01.jpg

Bixente MITXELENA

SEGALARIA

Bixente Mitxelena ilusioz gainezka dago. Etzi arratsaldean, Hernanin, Goenaga lagun duela, alemaniarren aurkako sega apustua jokatuko du. Bera ongi dago, hori dio, behintzat. Garbi dauka, gainera, etxean arituta, euskaldunen erara jokatuta, irabazteko baliatu behar dutela aukera. Hori bai, alemaniarrak indartsuak direla eta oso lan ona egingo dutela ohartarazi nahi izan du.

Jon LEUNDA

Bixente Mitxelena eta Jexuxmari Goenaga neurtuko dira larunbatean Hernanin, Jauregiko belardietan, Schmit eta Heinz alemaniarren aurka. Mitxelena da lauren artean ezagunena, behin baino gehiagotan Euskal Herriko txapelduna izana baita, eta Erasunen aurka ere bi apustu handi jokatutakoa da. Horiek izan dira oiartzuarrak jokatu dituen azkeneko bi apustuak. Azkeneko urteetan nazioarteko eran aritu da, baina etzi berriro ere era tradizionalean ikusteko modua izango da.

Zer moduz zaude apusturako?

Ongi, gustura nago. Orain atseden apur bat hartu, giharrak lasaitu eta prest larunbatean alemaniarren aurka jokatzeko. Ongi ikusten dut nire burua, sentsazio oso onak izan ditugu.

Zuek lan luzera ohitutako segalariak zarete, eta haiek ez. Erreferentzia falta hori al da okerrena?

Hori da. Hemengo batekin jokatuta, badakizu zenbat egin dezakeen, edo lehen zenbat egin duen, eta horren arabera baduzu erreferentzia bat. Haien kasuan ez daukagu ezer. Egia da haiek ez direla normalean lan luzean aritzen, baina izan dute prestatzeko astia. Jakin dugunez, gainera, gureak baino askoz sega handiagoak ekarriko dituzte, eta bakoitzak ordu erdia ongi betetzen badu, belar asko moztuko dute. Oso ongi prestatuta daudela ere ohartarazi digute.

Zuk azkeneko bi apustuak Erasunen aurka jokatu zenituen. Honek ba al dauka haiekin zerikusirik?

Ez, hau lasaiagoa da. Haiek era zaharreko apustuak izan ziren. Bi ordura jokatu genituenak eta zalaparta asko sortu zutenak. Han talde lan latza egin behar zen. Gero, biok ere ez ginen urrutikoak, eta presioa handia zen. Kasu honetan alemaniarrak ez datoz ostiralera arte, eta gauzak askoz ere lasaiago daude.

Saio honetan bakoitzak ordu erdiko lana egin behar duzue. Horrela hobeto?

Jendeak horrela dio eta, denborari begiratuta, horrela ematen du, baina ni ordu erdira okerrago aritzen naiz, nahiago dut ordubetean aritu. Ordubetean baduzu tartea azkar hasi eta gero erritmoa lasaitzeko, berriro azkar amaitzeko, baina ordu erdian ez dago horrelakorik. Dena bizi egin behar bada. Ni hobeto moldatzen naiz ordubeteko saioetan.

Nola ikusten duzu Goenaga?

Oso ongi. Egia esan, txundituta utzi nau. Lehen, txapelketetan, nire aurka aritutakoa da, baina orain oso ongi ikusten dut. Agian, nik hainbat edo gehiago egiten du, eta esaten diot berari, ni baino gehiago egiten duen batekin joateak poza ematen didala. Agian, amaiera faltako zaio, baina hasieran ikaragarri jotzen du, eta lehen hogei minutuan latz ebakitzen du belarra. Itxura ere oso dotorea dauka segan. Oso gustura ari naiz berarekin.

Badira urte batzuk era tradizionalean aritzen ez zarela. Zer moduz moldatu zara berriro ere lan luzera?

Gaizki. Asko kostatu zait berriro jartzea, eta dezente sufritu dut, nahiz eta orain oso gustura nagoen. 2005ean utzi nuen lehiaketa; ebakuntza bat egin zidaten eta gaizki atera zen, eta ordutik ezinean ibili naiz. Hasiera zaila izan arren, gero hobeto sentituz joan naiz, eta une honetan oso gustura nago.

Desafioa Jauregiko belardietan jokatuko duzue. Horrelako belardi mitiko batean aritzeak ere lagunduko du, ezta?

Bai, bai, dudarik gabe. Hantxe hasi nintzen ni segan, eta garai hartan Jauregin jokatzea sekulakoa zen. Han handienak aritzen ziren, eta haien alboan aritzea sekulakoa zen, ilusio handia egiten zuen. Beti jende asko batzen den lekua da gainera. Belardia bera ere oso ona da lanean aritzeko eta, alde horretatik, ez dago kexarik.

Nolako belarra dago?

Belar ona dago. Herenegun egin genuen entrenamendua, eta belar oso ona dago. Sailak ere egin ditugu, eta uste dugu denak orekatuak daudela. Lehen esan bezala, lekuak ez dauka aitzakiarik guretzat, eta ez dut uste haientzat ere izango duenik.

Zuen erara arituta, esan daiteke zuek zaretela irabazteko faboritoak?

Nik baietz uste dut. Garbi daukagu beraiek segan egingo dutela, segalari indartsuak dira, baina gu etxean arituko gara, gure erara, eta horretaz baliatu behar dugu garaipena lortzeko. Gu irabazteko itxaropen osoarekin joango gara, eta ahalik eta gehien egingo dugu garaipena lortzeko. Hala ere, badakigu irabazteko lan handia egin beharra izango dela, eta horretan saiatuko gara hasieratik.

Erabakita al daukazue nola arituko zareten lanean?

Bai. Goenaga Heinzen aurka arituko da, eta ni, berriz, Schmiten aurka. Zein lehenago eta zein bigarren, haiek aritzen direnaren arabera izango da. Horrela erabaki genuen herenegun egindako bileran, eta horrela arituko gara larunbatean.

Hau izango al da Bixente Mitxelenaren itzulera lan luzeetara?

Galdera ona da, baina erantzuna zaila da. Orain dela hilabete galdetu izan bazenit, ezetz esango nizun, baina une honetan oso sentsazio onak dauzkat, eta oso gustura nabil. Ez dakit txapelketa batean berriro parte hartuko dudan. Dagoeneko 43 urte dauzkat, eta agian gazteei ateak ixtea dela iruditzen zait, baina honelako lanetan aritzeko moduan ikusten dut neure burua. Ez dakit gerora zer gertatuko den, ez daukat erabakita.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo