GARA > Idatzia > Kirolak> Mendia

kirol eskalada Izar berri bat

Enzo Oddo, muturreko zailtasuna 15 urterekin astintzen

Eskalatzaile frantziarra kirol eskaladako elitearen taldean sartu da. Pasa den udaran, adibidez, Ceuseko «Biographie» bidea (9a+) kateatu zuen. Horretaz gain, 9a graduko beste dozena erdi bat bide egin ditu.

p043_f01.jpg

Andoni ARABAOLAZA I

«Frantzian dauden muturreko zailtasuneko bide bakarrenetarikoa da, eta, Chris Sharmaren bideoa ikusita, irrikatzen nengoen probatzeko. 2009. urteko azaroan lehen aldiz probatu nuen, baina ezin izan nuen kateatu. Neguan ondo entrenatu ondoren, pasa den ekainean itzuli nintzen. Beste zentimetro batzuk kendu nizkion, baina saioa bertan behera utzi nuen min hartu nuelako atzamarretan. Uztailaren amaieran, probatzen ari nintzela, behealdeko blokeko pausu gogorrean helduleku bat puskatu nuen. Bost eguneko atsedena hartu ondoren, sarrera hori ondo gainditu, baina berriro saririk gabe geratu nintzen. Azkenean, abuztuaren 15ean kateatzea erdietsi nuen».

Horixe adierazi zuen Enzo Oddok Ceuseko «Biographie» bidea (9a+) kateatu bezain laster. 15 urte besterik ez ditu gazte frantziar horrek, eta dagoeneko elitean sartu da. Horrela bada, Adam Ondra txekiarra berdindu du Oddok; hots, biek ala biek 15 urterekin 9a+ zailtasuneko bide bana sinatu dute. Ondraren kasuan «La Rambla» (Siurana) izan zen giltza.

Gazteak berak azaldu duenez, bidearen sarreran dagoen blokeko pausu gogor baten helduleku bat hautsi egin zuen. Tarte hori 7c+ zen, eta orain diote 8a izan daitekeela. Alabaina, momentuz marraren behin betiko zailtasuna ez dute aldatu. Gazteak dio zailagoa dela, baina ez askoz ere zailagoa.

Era horretan, Oddok bere lehenbiziko 9a+ graduko txartela eskuratu zuen. Inor ez du ezustean harrapatu; izan ere, bere libretan 9a zailtasuneko dozena erdi bat bide ditu.

Asmo handiak

«Biographie» bidea poltsikoratzea kosta egin zaiola aitortu du. Guztira, 40 saio inguru egin ditu: «Bidearen lehen zatia (8c+) 25 bat aldiz igo nuen. Gogor lan egin eta entrenatu behar izan nuen. Poz handia hartu nuen, nire lehen 9a+ izan delako. Motibazio ikaragarria nuen, baina, era berean, estres handia pairatu dut. Ez nuen entrenamendu zehatzik egin. Margalefen `Victimas Perez' marra (9a) egiteak asko lagundu ninduen horretan. Ezaugarri berekoak dira: erresistentzia gogorra eta atsedenik gabekoa».

Ceuseko bidearen zazpigarren igoera izan da. Chris Sharma, Sylvain Millet, Patxi Usobiaga, Dave Graham, Ethan Pringle eta Ramon Julianen osteko igoera izan da.

«Biographie» sinatu ondoren, Oddoren hurrengo kateatze adierazgarria Ameriketako Estatu Batuetan iritsi da. J. B. Tribouten «Just do it» (8c+) bide mitikoari buruz ari gatzaizkizue.

Eta, jakina, gazte horren asmoak ez dira kateatze horietan amaituko. Frantziarrak aurreratu duenez, bidaiatzeko gogo izugarriak ditu: «Urte intentso bat antolatu dut. Olianako (Lleida) `Papichulo' (9a+) probatu nahi dut. Eta Margalefen (Tarragona) ere proiektu asko ditut. Udazkenean ere `Action directe' (9a) eta `Shangri La' (8c+) eskalatu nahi ditut Frankenjuran, Fontainebleaun hilabete pasatzea gustatuko litzaidake... Eta jakina nire ikasketak ezin ditut ahaztu. Hor ere lan gogorra dut».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo