GARA > Idatzia > Kirolak

ITSASOA

«Mendizaleen bidaiatzeko moduarekin bat nator, ingurunea aintzat hartzean»

p046_f01.jpg

Kepa ACERO I Surflaria

«5 olatu, 5 kontinente» proiektua maiatzean hasi zuen Kepak. Namibia, Indonesia, Australia eta Txile zeharkatu zituen, eta orain Euskal Herrian da. Herrialde bakoitzean hautatutako olatuaren gainean baldintza onenetan ibiltzea zuen helburu. Oraindik ez da amaitu, Mundaka falta da.

Haritz LARRAÑAGA |

Kepa Acero algortarra etxean da lau kontinente zeharkatu ostean, baina bere proiektua oraindik ez da amaitu, Mundakako olatua bere onenean harrapatzea falta zaio. Maiatzaren 16an abiatu zen, eta lehen kontinentea Afrika mendebaldea izan zen, Namibiako eskeletoen kostaldea hain zuzen ere. Bigarren kontinentea Asia izan zen, Indonesiako irla eta oihanetan barrena abiatu zen. Indiako ozeanoa utzi gabe Australiako hego-mendebaldera jo zuen jarraian. Eta handik Ozeano Barera, Txile hegoaldeko ur hotzetara. Orain etxean da, Algortan, Mundakako olatua baldintza egokietan harrapatzeko zain. Bidaiaren nondik norakoak kontatu dizkigu Kepak.

Nondik sortu zen bidaiaren ideia?

Aspalditik nuen beste modu batean bidaiatzeko gogoa. Asko bidaiatu dut, batez ere txapelketetan lehiatzeko, baina bidaian bertan sakontzeko paradarik gabe. Aspalditik nenbilen gure bidaiatzeko moduaren inguruan pentsatzen. Iñurrategiren "Gure Himalaia" proiektua asko gustatu zitzaidan. Mendebaldeko biztanleok dugun bidaiatzeko moduaren gaineko hausnarketa egokia iruditu zitzaidan. Azken batean, lekuetatik pasa egiten gara, eta bertako jendea nola ikusi dugun irudiarekin geratzen gara, haiek gugandik zer jaso duten jakin gabe. Pou anaiek «7 horma, 7 kontinente» proiektua egin zutenean buruan nituen ideiak lotu eta nire proiektuari forma ematen hasi nintzen.

Bidaia honi jarritako helburuak lortu dituzula esan al daiteke?

Munduko bost olatu on aukeratu eta horiek baldintza egokietan harrapatzea zen helburua. Ikuspegi profesional hertsi batetik begiratuz gero, ez dut helburua betetzea lortu. Aukeratutako olatu bakoitza baldintza egokietan harrapatzea zen helburu nagusia, eta hori ez dut lortu. Namibian olatuak txikiak ziren eta Australian berriz, ez zen olaturik. Beraz, alde horretatik ezin dut esan helburua bete dudala. Bestalde, bidaiaren beraren esperientzia ikaragarria izan da, bidaiaren alde humanoak ase nau eta hori ere helburuetako bat zen, nahiz eta helburu pertsonalagoa izan.

Aukeratu dituzun bost olatuak, ezker olatuak dira. Arrazoi berezirik izan al duzu olatu horiek aukeratzeko?

Luzerako proiektu bat zela ikusita, ezker olatuetan min hartzeko aukera gutxiago nuela pentsatu nuen, eta horrela, bidaia osorik egitea errazago berma nezakeela pentsatu nuen. Ezker olatuetan aurpegiz noa. Tubo onak izaten diren lekuetan, ur gutxi izaten da eta hondoan haitza edo koralezko arrezifea izaten da kasu gehienetan. Min hartzeko aukera asko dago, zauriak oso ohikoak dira, baina kontua da ahalik eta zauri leunenak izatea. Aurpegiz bazoaz, behar izanez gero, zure gorputza olatuaren magalera bota eta kolpea ekidin dezakezu. Bizkarka, ordea, zailagoa da, istripuak ohikoagoak dira.

Taulekin arazorik izan duzu?

Taulekin orokorrean ongi moldatu naiz. Batzuetan taula bakarra eraman dut soinean, oinez asko ibili behar nuelako eta zama kentzearren. Indonesian neuzkan taula guztiak hautsi nituen. Australian taula gehiago igorri zizkidan babesleak, Pukasek, baina han olaturik izan ez genuenez, etxera bueltan ekarri ditut eta oraindik hor dauzkat. Denera hamar taula behar izan ditut, etxean ditudan horiek kontuan hartuta.

Izan zaren lekuetatik bat aukeratu beharko bazenu, zein aukeratuko zenuke?

Zaila da leku bat aukeratzea, bakoitzak bere xarma baitauka. Eragin gehien Namibiak izan du, itzuli beharreko lekua da. Irizpide profesionala kontuan hartuz gero, ordea, Indonesia da olaturik hoberenak dituena, dudarik gabe. Une honetan, proiektu asko ditut buruan. Horietako bat da Indonesiako irlen ezagutzan sakontzea, baina oraindik ez dut proiektua gauzatzen lagunduko didan babeslerik aurkitu.

Zure bidaiaren jarraipena blogaren bidez egin duen orok zure irakur zaletasunaren berri izan du.

Asko irakurri dut. Irakurtzeak nigan izan duen eragina ere islatu nahi izan dut. Surflarien ohiko topikoarekin hautsi nahi nuen. Surflarien irudia txapelketatik ateratzen den irudiarekin oso lotuta aurkezten da, eta surfa ez da hori bakarrik, zerbait transzendentalagoa da, baita lehian dabilen surflariarentzako ere. Txapelketak gustuko ditut, baina hori ez da dena, beste atal bat baino ez da.

Mendizaleen ikuspegiarekin bat nator, ingurunea kontuan hartzearen ideiarekin eta hori bera islatu nahi izan dut nire bideo eta idatzietan. Unai Basurko ere eredu izan dut, momentu gogorrak erlatibizatzeko gaitasun hori, beharrezko osagaia da. Bidaia ahalik eta ondoen egiten saiatu naiz eta hori erakutsi nahi izan dut.

Bidaian zehar izango zenituen esperientzia txarrak, ezta?

Momentu txarrak bai. Esperientzia txarrak? Esperientzia gogorrak, baina esperientzia aberasgarriak. Desertuan zaudela, mugitzen den gauza bakarra zure burua dela konturatzen zarenean... eta egun bat bestearen atzetik... gogorra da. Painatan irlan ere izan nituen sentsazio gogorrak. Jende guztiz desberdina, ingurune basatia, babes eza...

Bidaiari gisa aholkurik eskatu balizute, zer erantzungo zenuke?

Mendebaldeko biztanleon bidaiatzeko modua aldatu behar da. Autokritika moduan diot. Alde humanoa gehiago lantzen saiatu behar gara, bidaia modu egokiago batean planteatzen. Hartu eta eman, ez soilik hartu. Harremanak landu (hartu-eman). Norabait joaten garenean ekarpenen bat jasotzen dugu bertakoengandik, guk ere modu berean jardun beharko genuke, haiei gure ekarpena eginaz. Egon garen lekuan hartutako olatu guztiak zaku batean sartu eta etxera itzultzen gara, bestelako ekarpenik egin gabe. Harremanei garrantzia handiagoa eman beharko genieke, gauzak beste modu batera egin beharko genituzke. Nola? Ez dakit, zaila da, gutxienez hobeto egiten saiatu. Haien hizkuntzan ikasitako hitzek edo komunikatzen saiatze hutsak, garrantzi handia har dezakete, begirunea erakusten duten jarrerak dira, asko lagun dezaketen detaile txikiak dira harremanetan sakontzeko.

Nahiz itsasoan ez izan tamaina, helmugak ez du axola: helburua, bidaia

Edozein bidaiariren bloga begiztatuta, gauzak oso errazak diren itxura hartzen diegu askotan, baina irudi horiek nola hartu diren edo irudi horiek hartu ahal izateko aurretik eman behar izan diren zenbait urrats ez dira ikusten eta hori ere askotan oso kontuan hartzekoa da.

Kepak kalitate bikaineko bost olatu aukeratu zituen bere proiektuari forma emateko; afera dirudiena baina zailagoa da, ordea. Olatu bat baldintza onetan harrapatzea zaila bada, gainera inoren laguntzarik gabe testigantzaren irudiak jasotzea oraindik zailagoa da.

Namibiako basamortuko bakardade infinitua, Indonesiako uholdeak, irletako eltxo eta animalien gertutasuna, malaria, ingurune ezezagunaren zama etengabea, urruntasuna eta abar. Blog batean egoeraren benetako dimentsioa irudikatzeko, egoera zailak dira.

Namibian 80.000 fokarekin aritu zen surfean, lortu nahi zuen olatua ez, baina beste olatu on batzuk harrapatu ahal izan zituen. Indonesian helburu zuen Painatango irlan olatu on asko hartu zituen. Australian urteko sasoi onenean joanda ere ez zuen olatu bat bera ere hartzea lortu. Txilen lortu zuen helburua eta gainera Punta Lobos olatua ere hartu zuen. Baina batez ere, bidaiaren nondik norakoak erakusteko gai izan da, lekuan lekuko berezitasunak eta bertako jendearen testigantza zuzenak. Lurralde bakoitzeko aborigenak begirunez aurkeztu dizkigu. Bidaiaren alde humanoa landu eta helarazi nahi izan du, eta hein handi batean, bere irudimen gaitasunari esker, lortu duela esan daiteke. Baina interesgarriena zera da, surflariei bidaiatzeko beste eredu bat aurkeztu diela, eta hori beti da pauso bat. H. L.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo