GARA > Idatzia > Kultura

ETBko Langile Batzordeak zuzendaritzak hartutako neurriak bertan behera uzteko eskatu du

Zuzendaritzak espedientea egin dien bi kazetariekin bat egin du ETBko Langile Batzordeak. Adierazpen askatasunaren aurkako portaera onartezina dela salatu dute, hori eta erredakzioan zentsura ezartzea bat delako.

A. ARRUTI | BILBO

Espedientea zabaldu dieten ETBko bi kazetariri babesa eman zion atzo bertako langileen batzordeak. Goizean batzartu ostean adostutako agirian azaldu zutenez, «ETBko enpresa ba-tzordeak bat egiten du ETBko zuzendaritzak zigortu nahi dituen kazetari biekin. Enpresa batzordeak ezin du onartu zuzendaritzaren portaera, adierazpen askatasunaren kontrakoa delako eta ETBko erredakzioan zentsura ezartzea suposatzen duelako».

Pasa den astelehenean, Gernikako Estatutuaren egunean Juan Carlos Viloria ETBko politika arduradunak idatzitako testua irakurtzeari uko egiteagatik zabaldu diote Maite Zurikarai kazetariari espedientea. Jasone Agirreri, berriz, behin-behineko erredakzio kontseiluak gertakarien harira zuzendaritzari bidalitako testua langileen artean zabaltzeagatik. Herenegun gainera, Miguel Angel Idigorasek, ETBko zuzendariak, espedienteekin aurrera jarraitzeko agindu zion enpresako giza baliabideen sailari.

Batzordeak atzo adierazi zuenez, «EITBko zuzendaritza kide gehienak kazetari izanik, harritu egin gaitu hartu duten bidea. Enpresa batzordeak zuzendaritzak hartutako neurriak bertan behera uzteko exijitzen dio zuzendaritzari eta kazetarien profesionaltasunaren kontrako erasoei amaiera emateko. Kalitateko informatiboak egitea bada ETBren erronka, zuzendaritzak bere jarrera errotik aldatu behar duela deritzo ETBko enpresa batzordeak».

Deialdiak eta atxikimenduak

Datorren astearterako langile batzarra deitu du batzorde honek, eta asteazken arratsaldean elkarretaratzea egingo dute Bilboko EITBren egoitzaren aurrean, «Adierazpen askatasuna. Zentsurarik ez» lelopean.

Euskadi Irratiko langileen batzordeak ere, ETBko oharrarekin bat egin eta elkartasuna adierazi zien bi kazetariei.

Aralarko legebiltzarkide Mikel Basabek ETBko langileen batzordeko ELA eta LAB sindikatuen ordezkari banaren agerraldia eskatu du, EITBren kontrolerako batzordearen aurrean. EAJk, berriz, Alberto Surioren eta Miguel Angel Idigorasen presako agerraldia eskatu du. «Oso larria den gertaera baten aurrean gaude, EITBren arduradunengatiko azalpen publikoa merezi duena. Jakin nahi dugu zeintzuk izan diren espediente horiek irekitzeko arrazoiak eta, berez, gure ustez guztiz justifikaezina den erabaki hori hartzera eraman dituzten gertaerak», esan zuen Luke Uribe-Etxeberria legebiltzarkideak.

ELKARRETARATZEA

Astearterako langile batzarra deitu du ETBko langileen batzordeak eta asteazken arratsaldean elkarretaratzea egingo dute Bilboko EITBren egoitzaren aurrean, «Adierazpen askatasuna. Zentsurarik ez» lelopean.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo