GARA > Idatzia > Kultura

Kontsumo gaindosizko gizarteari so jarri da Asel Luzarraga lan berrian

«Utopiaren itzalak» (Txalaparta) nobela aurkeztu zuen atzo Asel Luzarraga idazle mundakarrak. Bere orain arteko nobela «ideologikoena» dela esanez definitu zuen Bermeon hasi, Buenos Airesen jarraitu eta Temucon bukatutako lana. Amak bere buruaz beste egin ostean, desintoxikazio zentro batean sartuko den junkie bat du protagonista. Bilbon eta Mundakan kokatu du istorioa Luzarragak, oraingoan, ordea, arazo unibertsalez hausnartzeko.

p047_f01_148x112.jpg

Ane ARRUTI | BILBO

«Junkioi desintoxikatu eta berriz hastea geratzen zaigu. Gizarte junkie honi kontsumo gaindosiz hil eta birjaiotzea baino ez; desintoxikazio aukerarik ez», irakur daiteke Asel Luzarragaren liburu berriaren kontrazalean. Kontsumismoaren junkieak dira «Utopiaren itzalak» (Txalaparta) nobelako protagonistak, «gaur egungo gizartearen metafora».

Euskal Herrira itzuli berritan da idazle mundakarra, baina aspalditik zebilkion buruan istorio hau. «Bermeon nengoela, duela hiru bat urte hasi nintzen liburua idazten. `Mozorroaren xarma' bukatu, eta honi heldu nion. Beraz, zati handi bat Bermeon idatzi dut, beste zati handi bat Buenos Airesen eta bukatu, Temucon».

Amak bere buruaz beste egin duen egun berean sartuko da Josu junkiea desintoxikazio zentro batean eta uztera doan egunean hilko da izenkide duen Eskorbutoko bere idoloa. Osaba Artur enpresari ezkertiarrarekin lan egiten hasiko da orduan.

«Kolapsoaren teoria»-k eta berdintasunaren eredua zein ote den ideiari tiraka hasi zen Luzarraga istorioa josten. 1992. urtean kokatu du, «perspektiba hartzeko. Orduan izan ziren Olinpiadak, Sevillako Expoa, baina 90eko hamarkadako ajeak ere bai, nire nerabezaroarenak, Euskal Rock Radikalarenak...». Garai hartako itzalak ere agertzen dira. «Drogek eta, batez ere, heroinak sarraski handia egin zuten inguru hauetan».

Liburu «ideologikoena»

«Balizko errotak irinik ez» esaerarekin definitu zuen Fernando Morillo idazleak Luzarragaren anarkista sena, «esaten duena egin egiten du». Eta autoreak berak ere bere liburu «ideologikoena eta anarkistena» dela aitortu zuen. Soluziorik ez, baina galdera eta zalantza asko planteatzen ditu eta autokritikarako tartea ere hartzen du. Horretarako, adibidez, pertsonaia boliviar bat erabili du, Laurita. «Hara joan aurretik sortu nuen pertsonaia, indigena, eta bere bitartez nahi nuen hango herri indigenen ikuspegia eman. Behin han izanda eta errealitatea gertuagotik ezagututa, pertsonaia honen ahotan gauza gehiago ipintzeko baliatu nuen. Beraz, eragina eduki du hango egonaldiak baina ez azken gertaerek».

Pertsonaia hau baliatu du, esaterako, euskal diasporaren beste errealitate bat islatzeko. «Latinoamerikako historian ikusten da euskaldunak, gehienean, genoziden alde egon direla eta portaera arrazistak izan dituztela. Diktaduretan ere beti izan dira abizen euskaldunak tartean. Orokorrean, oso jarrera atzerakoiak izan ditugu».

Josuren inguruko pertsonaiek eta aurretik hildakoek ere, garrantzi handia izango dute istorioa, zalantzak eta galderak kokatzerako orduan.

«Erantzukizun moduan hartu dut Txilen gertatutako guztiaren berri liburu batean ematea»

Temucoko epaitegiak 220 eguneko kondena ezarri zizun eta kanporatzea agindu. Zertan gelditu da afera hori guztia?

Aurkeztu genuen helegitea atzera bota dute, eta orduan, kondena konplituta gelditu naiz. Kanporatua izan aurretik alde egin nuen, beraz, ez naute kanporatu, baina kanporatze agindua daukadanez, ezin naiz itzuli. Orain beste bide batzuk aztertuko ditugu, beste helegiteren bat aurkeztu edo ikusiko dugu nora jo. Horrela behintzat ez gara geldituko.

Zeintzuk izan litezke beste aukera horiek?

Agian Auzitegi Gorenera jotzea edo bestela nazioartera, Giza Eskubideen aldeko Ipar Amerikako Batzordera edo. Aztertu beharra daukagu.

Nolakoa izan da Euskal Herrirako itzulera?

Estres apur bat hasieran, ze gauza asko egon da hasieran pilatuta. Baina orain banoa jadanik lasaitzen, eta oso ondo. Familia, lagunak... oso gozo hartu naute. Orain Mundakan nago bakarrik eta oso lasai. Patxada berreskuratuta, batez ere. Orain kontua da nire bikotea handik ekarri ahal izatea.

Bera han dago oraindik, beraz?

Bai, hangoa da eta bagabiltza visa lortzeko lanetan hona etorri ahal izateko.

Hango egonaldiari buruz zerbait prestatzen ari omen zara.

Orain bi liburu egiteko asmoa daukat. Bata da fikzioa, nobela. Hori kartzelatu aurretik neukan asmoa hango errealitateari buruzko liburu bat idazteko. Baina, urte batzuk hartu nahi nituen dokumentatzeko. Gertatutako guztiak azeleratu du azkenean prozesua, eta orduan, kartzelan ekin nion liburua idazteari. Nire bizipen batzuk erabiliko ditut bertan, baina ez da izango nire benetako historia. Baina gero, hango abokatuarekin hitz eginda, erabaki dut eta erantzukizun moduan hartu dut gertatutako guztiaren berri ematea, baina kronika moduan edo ez dakit nola deitu, baina, bai benetako gertaera guztiak kontatuz, dokumentazioa, datu guztiak... Eta hori gaztelaniaz egingo dut, Txilen argitaratzeari begira. Jende asko dabil han horrelako errepresio eta muntaien biktima dena, eta uste dut eurentzako lagungarri izan daitekeela hori dena argitzea. A. A.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo