Xabier Etxaniz: «Aurrerapausoa eman dut, libururako propio idatzitako istorioak direlako»
«Txatartegirako ipuinak»-ekin ipuingintzara bueltatu da Xabier Etxaniz (Trintxerpe, 1971). Autoak, zahartzaroa eta borroka armatua tartekatuta, tonu griseko bederatzi istorio proposatzen ditu.
O. LARRETXEA | DONOSTIA
«Barrea eragitea zailagoa da eta gainera, nik gauza tristeak kontatzeko joera daukat, hala sentitzen dut», zioen Xabier Etxaniz Rojo idazleak bere azken lana atzo Donostian aurkeztu bitartean. «Txatartegirako ipuinak» (Erein) bere laugarren ipuin bilduma da eta seigarrena orotara. Azken honetan ere istorio laburrak bildu ditu honela idazten «erosoago» sentitzen delako. «Egia esan istorio bat hasita badut baina hogeigarren lerroan gehiegi luzatu naizela iruditzen zait». Hala ere, estiloarena ez da «gehiegi kezkatzen» duen kontua.
Autorearen aburuz, berritasuna erabilitako metodologian dago, «aurrerapausoa» eman duelakoan baitago. «Aurrekoetan istorioak idatzitakoan bildu eta argitaratzera bidaltzen nituen, baina azken honetan libururako bereziki idatzitako istorioak izan dira».
Hiru osagaiak
Guztira bederatzi istorio dira eta euren artean ezberdinak izan arren, denek partekatzen dute ezaugarri bat, bertan topa daitezkeen elementuak. «Ipuina hiru zutoinetan oinarritzen da: autoak, zahartzaroa eta borroka armatua». Autobusak, garraiobideak, motorrak eta auto-ilarak izango dira, eta denek patu bera izango dute: txatartegia.
Autoak ez dira txatartegirako bidean doazen bakarrak izango. Bigarren zutoina eratzeko, zahartzen ari diren pertsonak hautatu ditu Etxanizek, txatartegia zahartzaro eta heriotzaren metafora gisa. Autoreak «norabide hori» (adinarena) hartua duela aitortu zuen gainera. «Lagunei euren haurrak zer moduz dauden galdetu beharrean, dagoeneko euren gurasoak nola dauden galdetzen hasiak gara». Gehienak gizonak dira, eta erretiroa bizitzen ari direla, maitasuna, sexua, nahiz gaixotasunak biziko dituzte. Azkenik borroka armatua izango da eta hemen ere autoa agertuko da, kasu honetan lehergailuz betea.