DURANGOKO AZOKA
Argizaiolarekin, txikitan bezala eskertu zuten Imanol Urbietaren lana
Imanol Urbieta musikari zarauztarrak Argizaiola saria jaso zuen atzo Gerediaga elkartearen eskutik. Senitarteko, lagun, ikasle eta irakasleek kantuan eta dantzan eskertu zioten egindako ekarpena.
Ane ARRUTI | DURANGO
«Eskerrik asko» izan zen atzo arratsean Durangoko San Agustin kultur gunean gehien entzundako hitz bikotea. Eskerrak Imanol Urbietari, berak egindako lanari esker, hainbat eta hainbat jenderi biziarazi dizkion momentuengatik. Eta eskerrak eman zituen berak ere, 76 urterekin, azken egunotan zoriontsua izan delako. «Maitatua sentitu naiz», esan zuen hunkituta. «Adin honekin, lagunartean egotea gure osasunarentzat zoragarria da», gaineratu zuen.
Nerea Mujika Gerediaga elkarteko presidentearen eskutik jaso zuen Urbietak Argizaiola oroigarria. «Ze intuizio ona, musika eta kantua hezkuntzan txertatzea», nabarmendu zuen Mujikak.
Eskola garaiko urteetara jauzi egin zuten atzo omenaldian parte hartu zutenek. Atarte kultur elkarteak antolatuta, kantuan, dantzan eta jolasean ospatu zen musikari eta irakasleari eskainitako ekitaldia. «Ikusi-makusi» jolasarekin hasi eta «Txiki-txikia» kantua abestu zuten denek, baita olatua egin ere. Jende ezagun ugari bertaratu zen: Toti Martinez de Lezea, Porrotx, Xabier Zabala, Tasio Erkizia, Josu Txapartegi Txapas... Bere inguruan, berriz, semeak, bilobak, Zarauzko lagun, lankide zein ikasle ohiak eta Kontxi Aizarna bikotekidea.
Ikasle ohiak, orain irakasle
Irakasle asko izan ziren omenaldian Urbietari eskerrak eman nahi izan zizkiotenak. «Zure lanekin hazitako ume bat naiz. Orain, lau haurren ama eta irakaslea, eta gure geletan egunero presente zaitugu», esan zion batek. «Kantuan kontzeptu asko irakatsi daitezkeela ikasi dut», beste batek. «Andereño guztiak beti prest egoten ginen Imanolek esaten zuena egiteko. Lurrera bazen, lurrera. Gitarra hartu behar bada, hartu gitarra».
Belaunaldi guztiak harrapatu dituen erakusgarri, hiru haurtxok eskainitako kantua izan zen. «Ranroberra» abesten hasi ziren eta areto guztia jarri zuten dantzan. Urbietak ezin izan zuen bere aulkian eserita geratu. Bastoiaren laguntzaz zutitu eta esan zuen: «Beti umeekin aritu naiz lanean eta garrantzi handia daukate niretzat. Muxu bat ematen utziko?». Txalo artean jaso zituzten haurrek aitonaren musuak.
Une hunkigarriak bizi izan ziren gero; Urbietaren hainbat eta hainbat lagunek imanolurbieta.blogspot.com atarian utzitako esaldi mordoaz osatutako bideoa proiektatu baitzen. Denei eskertu zizkien euren hitzak, baina bereziki sekula ahaztuko ez zaizkion batzuk ekarri zituen gogora: «Bereziki urte hauetan ni izaten laguntzeagatik eta ni izaten uzteagatik». Atari hau sarean mantenduko da aurrerantzean eta edonork idatzi ahal izango ditu Imanolen kantu eta dantzekin izandako bizipenak. Atzo, blog hau kudeatzeko kodeak kutxatxo batean eman zizkioten, hain zuzen, Kontxe Aizarnari.
Bukatzeko, pantailan guztien artean osatu zuten mezu elektroniko batekin agurtu zuten: «Eskerrik asko maisu Imanol, gure lana errazteagatik eta bide berriak uztartzera bultzatzeagatik».
«Jubilatua bai, baina erretiratua ez», esan ohi du azken urte hauetan zarauztarrak. «Momentu honetan jubilatuen zuzendari naiz», esan zuen atzo. Lanean jarraitzen duenaren erakusgarri da oraintxe aurkeztu berri duen azken lana. «Aitona-amonekin kantari» diskoak gaur egungo presakako bizimoduaren aurrean, biloben zaintzan aiton-amonek daukaten garrantziari begira osatutako lana da. Haiei eginiko omenaldia, Urbietaren esanetan.
24 abestik osatzen dute diskoa, familiako zaharrenen eta gaztetxoenen artean kantatzeko pentsatua. «Abestiak laburrak eta goxoak dira», azaldu zuen Elkar diskoetxeko Josebe Ormazurik, azaroaren amaieran Donostian egindako aurkezpenean. «Humanoa gelditu da», gaineratu zuen Urbietak bere aldetik. 31 ahotsek hartu dute parte abesti berriz osatutako bilduma honetan.