GARA > Idatzia > Kultura> Musika

ELKARRIZKETA: Keu Agirretxea, musikaria

ĢEa denbora eta abestien arteko borrokan kantuak irteten diren irabazleģ

p046_f01_148x120.jpg

Anartz BILBAO | DONOSTIA

Eskarmentu handiko musikaria dugu Keu Agirretxea. Gitarra bortitz astinduz ezagutu genuen hastapenetan, eta izenari buelta emanda, UEK legez agertzen ditu plazara egitasmo propioak. Azkena, Gaztelupeko Hotsak ziguluak argitaratu duen «Denbora vs kantuak» lana. Kantuak eta denbora elkarren parean etsai jarri ditu izenburuan ondarroarrak. «Abesti asko desagertu egiten dira denboran, eta gustatuko litzaidake disko honetako abestiak hemendik eta hamar edo hamabost urtera entzutea eta gaur transmititzen didatena sentitu ahal izatea, eramango diren moden edo estiloen gainetik. Ea denboraren eta abestien arteko borrokan kantuak irteten diren irabazle».

Gitarra jotzaile trebeak hilero-hilero kanta bat sortu eta Internet bidez zaleei eskaini dizkie, eta, behin asmoa gauzatuta, lan berri batean batu ditu guztiak. «Beste pauso bat eman nahi izan dugu, promozio bide berriak probatu eta orain arte egin ez ditugun formulak erabiliz», azaldu digu Agirretxeak. Gainera, «entzuleari diskoaren prozesu guztia jarraitzeko aukera eman nahi izan diot, noiz eta nola grabatu dudan, zein mikro erabili dudan, nork kolaboratu duen, zein egunetan, inpresioak... Dena kontatu nahi izan dut». Eta horretarako abestiekin batera blog txiki bat jarri zuen martxan, akaso egitasmoak berekin ekarri duen alderik politena, sortze prozesuaren berri izateko parada eman baitigu. «Nire asmoa jendea `engantxatzea' izan da eta hurrengo abestiaren zain egon zedila. Izan ditut pare bat hilabete oso justu ibili naizena. Hilaren 28a eta oraindik bukatu gabe abestia... presio txiki hori ona izan da».

Behin erronka burututa, kantuok disko eder batean batu eta argitaratu egin ditu orain, zuzeneko DVD eta guzti. «Askok esan didate `baina jendeak deskargatuta izango du, zergatik kaleratu?'. Diskoaren prozesu guztia jarraitu duenari ilusioa egingo dio formatu fisikoan izatea, landutako diseinu batean. Lana borobiltzea dela uste dut».

«Denbora vs kantuak» lanean «hamar abesti daude CDan, denak berriak. Nire etxean eta Ondarroako musika eskolan grabatuta eta nahastuta. Eta DVDan Durangoko Plateruena antzokian eskaini genuen kontzertua dago; hamaika abesti, kalitatezko irudi eta soinuarekin. Honi guztiari aurreko diskoko bideoklip bat gehitu diogu, Donostiako Dokan zuzenean grabatua».

Akustikoan eroso

«Gitarra jotzen hasi nintzenean Rush, Black Sabbath edo Whitesnake taldeetako gitarra jotzaileak gustatzen zitzaizkidan -aitortu digu-, baina gehien Alex Lifesonek betetzen ninduen... eta betetzen nau. Gero Hendrix eta Steve Ray Vaughan deskubritu nituen... John Scofield ere asko gustatzen zait». Beste asko ere aipatu dizkigu, besteak beste birtuosoen munduko Richie Kotzen eta Paul Gilbert -honekin orain bi urte klase pribatuak hartzeko aukera izan zuen-, edo John Mayer, Omar Rodriguez, Suzzane Vega, Jose Gonzalez... «estilo propioa dutenak».

Konposatzeko orduan, «gehienetan ahotsaren melodia etortzen da lehenengo» dio, «akorde batzuen gainetik. Gero eskema egiten hasten naiz, estrofa, estribilloa, zubiak; beste instrumentuak sartu...».

«Denbora vs kantuak» lan akustikoa da, presarik gabe eta soseguz entzutekoa, melodia gozoz bilduko zaituena. «2008an `Une akustikoa' diskoa atera nuenetik, oso eroso sentitzen naiz abesten eta gitarra akustikoa jotzen. Asko dago deskubritzeko oraindik, hasi berria naiz mundu akustiko honetan».

Gure inguruko musika egoerari so eginda, berriz, «talde eta bakarlari asko daudela ikusten dut» dio Agirretxeak. «Diskoak ere grabatzen dira eta taldeek zuzenean jotzeko aukera izaten dute, bai gaztetxeetan, aretoetan, tabernetan, antzokietan...». Gero udako kontzertuen kontua dago, baina hori «beste gauza bat da. Diskoak funtzionatu badu, bulegoa baduzu, promozio ona egin badizute... faktore asko daude, tartean zortea!». Ondarroarraren kasuan, gustura dago izan duen arretarekin. «Niretzat garrantzitsuena ilusioa izatea eta disfrutatzea da, eta oso pozik nago».

Dena egiteko denbora duela dio: «Alaba eta emaztearekin egon, familiarekin, koadrilarekin, esku pilotako partiduak ikusi, baita Athletic-enak ere...». Izan ere, 14. diskoa kaleratu berria du, «eta hasi nintzeneko ilusio berdinarekin segitzen dut. Hogeita bat urte daramat musikan eta etapa asko bizi izan ditut, onak eta txarrak. Musika egiten, kontzertuak ematen eta disfrutatzen segitu nahi dut».

hogeita bat

«Hogeita bat urte daramat musika munduan eta garai asko bizi izan ditut, onak eta txarrak. Musika egiten, kontzertuak ematen eta disfrutatzen jarraitu nahi dut»

akustikoa

«Oso eroso sentitzen naiz abesten eta gitarra akustikoa jotzen. Asko dago deskubritzeko oraindik, hasi berria naiz mundu akustiko honetan»

Agenda betea, Governors eta Fignuh Experience-rekin

Bakarlari dabilenetik gehiena berak grabatzen badu ere, tartean «luxuzko kolaborazioak» izan dituela azaldu du Keuk. Azken lanean, esaterako, Mikel Arakistain (Uek, Fjord, Etsaiak ) baxuan, Jon Gurrutxaga (Jon & Sugramas, Arima Beltza) baterian, Beñat Basterretxea perkusioan, Asier Ituarte (Sagarroi, Joxe Ripiau) tronboian eta Isusko Ramon saxoan. Hitzetan berriz, Kirmen Uribe, Mikel Etxaburu eta Aiert Goenagaren testuak musikatu ditu, berak propio idatzi dituenekin batera.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo