GARA > Idatzia > Kultura

Scorseseren «Boardwalk Empire» telesailak zabalduko du FIPA jaialdia

Urtarrilaren 24an hasita, zazpi egun iraunen du aurten Biarritzeko nazioarteko ikus-entzunekoen FIPA jaialdiak. Aurten, proiektatzeko aukeratuak izan diren ehun bat lanen berezitasuna goraipatzeko, jaialdiaren ateak Martin Scorsese zinemagilearen azken telesailarekin zabalduko dituzte. Horren ondotik, nazioarteko egitasmo ugari ikusteko aukera izanen da.

p046_f01_203x108.jpg

Ainize BUTRON | BIARRITZ

Nazioartean ikus-entzunezkoen arloan egiten diren lan «onenak» ikusgai izango dira zazpi egunez Biarritzeko FIPA jaialdian. «Telebista idealaren» izendapena aldarrikatzen duen jaialdiak, ondoko urtarrilaren 24an zabalduko ditu ateak, eta 24. edizioko egitarau aberatsa nabarmentzeko Martin Scorsese zinemagilearen «Boardwalk Empire» telesaila proiektatuko dute.

AEBetako HBO telebista katea hasi zen joan den irailean telesailaren lehen atalak ematen, eta jaialdiaren antolatzaileen esanetan, Scorseseren estiloaz gozatzeko aukera ematen du lanak. «AEBei buruz duen ikuspegi kritikoarekiko leial izaten jarraitzen du Scorsesek serie horretan», esan zuen FIPAko arduradun nagusi Teresa Cavinak.

Urtarrilaren 24ko ate irekitze ofizialean eginen den lehen proiekzio horren ondotik, urtarrilaren 30era bitartean, ikusleek nazioarteko ehun egitasmotik gora ikusteko aukera izanen dute Biarritzeko zinemagela eta aretoetan. Horien artean, hirurogeita hamar inguru lehiatuko dira urteroko fikzio, serie, dokumental, erreportaje eta musika-ikusgarrien sekzioetan.

Aniztasuna

«Aurten aukeratuak izan diren programek aniztasuna eskaintzeaz gain, idazkera aldetik, ikuspegi erakargarri eta harrigarriak ematen dituzte», goraipatu zuen, bestalde, Olivier Mille lehendakariak.

Egunero hogei bat lan emango dira, beraz. Hautatutako lan multzoa anitza bada ere, Teresa Cavinek, ikusleak lagundu nahian, gaien araberako aukeraketa xume bat eskaini zuen atzo.

Lehenik, lehiaketan parte ez hartu arren, Kamerun, Nigeria eta Kongo herrialdeak gaitzat dituzten hiru telesail nabarmendu zituen: Sani Elhadji Magorik Boli Kostara erbesteraturiko Nigereko gizonei buruzko «Koukan Kourcia» dokumentala eta Patrick Epape kamerundarrak Douala dantzariari buruz egindako «Life» erreportajea.

«Hegoafrikak ez ezik, Afrikako gainerako herrialdeek zailtasun asko dituzte ikus-entzuneko lanak kaleratzeko. Hiru dokumental horiek Afrikako herrien etsipena eta, aldi berean, itxaropena mahai gainean jartzen dute», nabarmendu zuen Cavinak.

Txina ere aipatu zuen FIPAko arduradun nagusiak. Aurtengo edizioan lehiaketan diren proposamenetako asko Asiako herrialdean ekoiztutakoak dira. «Txinako obrak beti izaten dira oso interesgarriak. Talentu handiko zinemagile asko dago, eta, zentsuratik at, ikus-entzuneko programetan, egileak askatasun espazio bat bilatzen saiatzen dira», gehitu zuen.

Lehiaketa barruan, Jing Wangek enpresa farmazeutikoen inguruan egindako «Vegetate» pelikula (fikzioa), Gao Weiren Qiang etniari buruzko «A er dang an» lana (dokumentala), eta Txinako telebistan dagoen zentsurari buruzko Gao Pan zinemagilearen «3, 1415» dokumentala dira goraipatuenak.

FIPA, 2010.urtean nazioartean izandako gertakariak aipagai dituzten hainbat fikzio lan, erreportaje eta dokumental ikusteko gune aproposa da. Esaterako, «Presse et pouvoir, un divorce impossible» eta «Rue est à eux» Estatu frantsesetik datozenen bi erreportajeek egungo prentsaren egoera aztertzen dute; Suitzako «Sorelle d'Italia» lanak Berlusconiren Italia islatzen du; Britainia Handiko «This World: The Wounded Platoon» lanak Irakeko gerrari egiten dio erreferentzia; eta Greziako «Crisis» erreportajeak Atenaseko gazteriaren bizimodua du aztergai.

Komediak

Telebista kateetako albistegietan azaltzen diren eguneroko irudietatik haratago joateko aukera ematen du FIPAk aurkeztuak diren sorkuntzekin.

Telesailen sailean, esate baterako, Australiako «Rake» komediak Cleaver Grenne abokatuaren unibertsoan barnatuko ditu ikusleak. Horiekin batera, Abderrahmane Sissako zinemagilea eta Beatriz Gonzalez Hego Amerikako artistari buruzko dokumentalak goraipatu zituen Teresa Cavinek. Lan horiek ahal bezainbat hedatzeko, aurten jaialdiak zazpi egun izanen ditu, eta urtarrilaren 29an, gauean, izanen da itxiera ekitaldia.

Urrezko eta zilarrezko FIPA sariak banatu ostean, Alexandre Sokourov zinemagile ospetsuaren «Il nous faut du bonheur» lanak emanen dio amaiera aurtengo edizioari.

Ohorezko Eurofipa saria Arte telebista kateak jasoko du

Ohorezko Eurofipa saria nork jasoko duen jakinarazi zuen atzo Olivier Mille jaialdiko lehendakariak. Arte telebista kateak aurten 20. urteurrena ospatzen duela-eta, FIPAk gertakaria baliatu du eta «kate horretan aritu diren gizon eta emazteak» omentzea erabaki du. «Arte katerik ez balitz, ikus-entzuneko programen aniztasunaren zati handi batek, ez zukeen aurrera egiteko aukera izango. Artek askatasun tarte bat ematen du egungo ikus-entzuneko munduan», goraipatu zuen lehendakariak.

Omenaldi horren karietara, «etorkizunari begira» dagoen kate baten irudia eskaintzea erabaki dute jaialdiko antolatzaileek. Urtarrilaren 28an, Europako zinemagile eta ekoizleak bilduko dituzte ikus-entzuneko sorkuntzaren etorkizuna aipatzeko. Jerome Clementek gidaturik, Nino Kirtadze, Paul Moreira eta William Karel zinemagileak, eta Pierre-Olivier Bardet ekoizlea bilduko ditu.

«Aurtengo Eurofipak Europako ikus-entzuneko programek duten geroari buruz hausnartzeko aukera ematen digu», gehitu zuen Millek. Lehiaketatik kanpo eskainiko diren beste sarien artean, Michel Mitriani saria Europako hiru sorkuntza onenei emanen diete. A.B.

Fitxa

Egunak: urtarrilaren 24tik 30era.

Lekua: Biarritzeko Gare du Midi, Royal, Bellevue eta herriko Kasinoan.

Prezioa: proiekzioko 5 euro. Abonamendua: 25 euro, aste osorako.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo