GARA > Idatzia > Iritzia> Ikusmira

Bloody Sunday eta Martxoak 3: errepresio bera

Derry (Irlanda), 1972ko urtarrilak 30. Armada britainiarrak eskubide zibilen aldeko manifestazio bat tirokatu eta hamalau lagun hil zituen.

Gasteiz (Euskal Herria), 1976ko martxoak 3. Langileen eskubideen aldeko greba eta mobilizazioen testuinguruan, Polizia espainiarrak San Frantzisko elizan bildutako langile batzar bat tirokatu eta bost lagun hil zituen.

Bi gertakariok tarte berezia dute Irlanda eta Euskal Herriko oroimen kolektiboan. Bietan ere herritarren eskubideen aldarrikapena isildu nahi izan zuen errepresio itsuak. 1998an Londresko Gobernuak Bloody Sunday delakoaren gaineko ikerketa sakona agindu zuen, eta 2010ean, ikerketaren ondorioz, David Cameron lehen ministroak barkamena eskatu zuen Gobernu britainiarraren izenean. Gasteizko biktimek, ordea, benetako ikerketa baten zain jarraitzen dute oraindik. Ez diote, ordea, uko egin beren eta herritar guztien eskubideak aldarrikatzeari. Aurten, martxoaren 3ko sarraskiaren 35. urteurrenean, Derryko hildakoen sendien ordezkaritza bat izango da Gasteizen, sarraski bien arteko antzekotasun nabarmenak -hala nola estatuen justifikazioenak- agerian utziz. Estatu-errepresioak senidetu zituen, baina etsi beharrean, eskubide zibil eta politikoen aldeko eta inpunitatearen kontrako borrokaren eredu bihurtu dira.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo