GARA > Idatzia > Iritzia> Kolaborazioak

Paulo Agirrebaltzategi Idazlea

Bitoriano Gandiaga «Memorian» (hil zeneko 10. urteurrenean)

Adiskideen oroitzapenean eta ikerlarien azterketan ez ezik, bere literatur idatzietan ere bizirik jarraitu du Gandiagak

Izen horrexekin -«Memorian»- eskaini zion Gontzal Mendibilek bere oroitzapen kanta hunkigarria Bitoriano Gandiaga hil berriari; eta Bratislavako Orkestra Sinfoniko eta Donostiako Orfeoiarekin batera grabatu zuen diskoaren titulu bihurtu zuen gainera.

Duela hamar urte hil zen Bitoriano Gandiaga, «poeta onetan eta oso onetan apartekoa»: 2001eko otsailaren 21ean. Beste hainbatek eduki eta erabili dute Gandiaga beren oroitzapenetan hamar urteotan, kantatu beren kantetan eta landu beren idazlanetan. Guztien berri ematea ezinezkoa da hemen, baina horietakoren batzuk ekarriko ditugu testigutzat.

Askori geratu zaigu bereziki memorian 2001eko abuztuaren 17 hartan Urbian eta Arantzazun entzundako jai-kantaldi haiek, Donostiako Musika Hamabostaldiak Gandiagaren omenez antolatuak. Bertan hartu zuten parte Gandiagaren errezitatzaile eta kantarietako ezagun askok: Mendibil, Oskarbi, Valverde, Lete, Nogales, Knörr, Artze, Zabala, Urko eta bestek. Durangon eta Gernikan errepikatu zuten emanaldia eta «Elorri loratua» izeneko CD bikoitzean argitaratu Keinu etxeak (2003).

150 bat titulu erregistratuak ditugu, Gandiagari buruz hamar urteotan argitaratuak: artikulu eta liburu... albiste, iritzi, saiakera eta azterketa. 2001. urtean bertan eskaini zion liburu bio-bibliografikoa poeta mendatar-arratzuarrari Mendatako Udalak: Bitoriano Gandiaga eta Mendata. Gandiagaren poesiaren azterketa-liburuen artean bereziki aipatzekoak dira: Jose Mari Kortazarren «Erlijio gaia Gandiagaren poesian» (2005) eta Sebastian Gartzia Trujilloren «Herri maitea, Herri dorpea» (2007). Azken honek, Gandiagaren «Hiru gizon bakarka» liburuaren ikerketa zabal-sakona izanik, Europako pentsamendu eta kultur korronte modernoaren testuinguruan ipintzen digu Euskal Herriari buruzko haren obra poetikoa, aipu eta erudizio oparoz, gure poeta Arantzazukoa mundu zabaleko solas plazara atereaz. Bestelako hizkera eta estiloz Gandiagaren erreferentzia «unibertsal» bera erakutsi digu Joxe Azurmendiren «Azken egunak Gandiagarekin» liburu berriagoak ere (2009), Mendebaldeko labirinto filosofikoaren probaldia eraginez gizon-fraide Bitoriano eta poeta-artista Gandiaga zenari; aitzakia baino askoz gehiago, zio eta akuilu gertatu zaio Joxeri Gandiagak bizi eta poetizaturiko misterioa -«mitoa»-, bere aldetik filosofiaren ibilbide bihurrien irakurketa kritiko bere-berea egiteko.

Adiskideen oroitzapenean eta ikerlarien azterketan ez ezik, bizirik jarraitu du Gandiagak bere literatur idatzietan. Nabarmentzekoa da autorea hildako urte berean (2001) gertaturiko argitalpen antologikoen eztanda modukoa, aldizkari nahiz liburuetan: «Idatz & Mintz» (zenbaki monografikoa), «Bizitza itxaropen delako» (Amaia Iturbe, EHU), «Bitoriano Gandiaga» Kaiera (Koldo Izagirre, Susa), «50 olerki Gandiagatar» (Labayru); geroxeagokoak dira «Zurgai» aldizkariaren «Con Vitoriano Gandiaga» (monografikoa, 2003) eta «Hitz lauz idazten» (prosazko idatzien antologia, Iñaki Sarriugarte, 2006).

Eta berpiztuta agertu zaigu Gandiaga behin eta berriro bere obra poetiko berrietan (bizitzan argitaragabekoetan). Arantzazuko Ostertza sailak bi libururen atal nabarmenak eskaini dizkio bertako poeta gogoangarriari: «Justizia eta Bakea». «Poemak eta otoitzak» (horko 15 olerki Gandiagarenak dira; 2003) eta «Jaunarekin supazterrean». «Gandiaga oroituz» (Patxi Ezkiagaren poema-liburua, Gandiagaren olerkitxo epigramatikoen laguntzarekin orrialdez orrialde, 2003). Esangura guztiz berezikoa izan zen «Adio» poema-sortaren, autoreak berak prestatuta utziaren, argitalpen apaina (Joxe Azurmendiren sarrera mamitsuarekin, 2004); arnasaldi handikoa, ostera, lau liburuki «monografikotan» emandako «Poema argitaragabeak» bilduma handia (sarrera bana eta guzti, Elkar-Arantzazu-Labayru, 2005): «Biziminez» (hitzaurregilea: S. Trujillo), «Euskalminez» (hitzgile.: P. Agirrebaltzategi), «Jainkominez» (hitzgile.: P. Ezkiaga), «Izadiminez» (hitzgile.: I. Sarriugarte). Azkenik, berri-berria «Gabon dut anuntzio». «Soinuz eta kantuz» obra (Arantzazu, 2010), non duela 25 urte argitaraturiko «Gabon dut anuntzio» liburua (musika-partitura eta guzti) osatuta baitator Gabonen inguruko Gandiagaren beraren beste 60 bat bertso-sorta eta poesia argitaragabeekin; obra eta argitalpen berri honen ekarpen nagusia, hala ere, X. Egañaren irudiez gain, Pello Zabalaren eta J. L. Atxegaren doinuen 3 CDak dira, liburuko 50 bat pieza «soinuz eta kantuz» grabatuta eskaintzen dituztenak, Gandiagaren beraren zortzi errezitaziorekin batera.

Bitoriano Gandiagaren oroitzapena bizirik zaindu duten ekimen nagusi batzuk, ez denak, ekarri ditut hona. Amaitu aurretik, ordea, ezin utzi ahantzita haren «memoria» luzatzeko eta lantzeko baliabide oso garrantzizkotzat jotzen dudan http://www.gandiaga.com/ webgunea, non gure autorearen obra literario-poetiko osoaren edizio kritikoa aurki baitaiteke, idazki honen sinatzaileak landua eta Koldo Mitxelena Kulturunean ostatatua. Bitoriano Gandiaga (autorea eta obra) ikertu nahiko dutenek hor corpus eta informazio baliozkoak eta ezinbestekoak aurkituko dituztela uste dut. Lagungarriagoak izango lirateke, jakina, edizio kritiko osoa paperean ere argitaratuta balego. Itxaropena ez da galtzekoa.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo