GARA > Idatzia > Kultura

Miren Agur Meabe eta Ainhoa Irazustabarrena IBBYren Ohorezko Zerrendan sartu dira

IBBY haur eta gazte literatura erakundeak bi urtean behin osatzen duen mundu mailako 2012ko Ohorezko Zerrendan sartu dituzte Meaberen «Mila magnolia lore» eta Irazustabarrenaren «Zein polita den Panama!».

GARA | BILBO

Haur eta gazte literaturan mundu mailan sona handiena duen zerrendan sartzeko aukeratuak izan dira Miren Agur Meaberen «Mila magnolia lore» (Mensajero) eta Ainhoa Irazustabarrenaren «Zein polita den Panama!» (Kalandraka-Pamiela), idazleen eta itzultzaileen alorrean, hurrenez hurren. Galtzagorri elkarteak, euskarazko haur eta gazteen literatura sustatzea helburu duenak, proposatutako lanen artetik aukeratu dituzte bi titulu hauek.

IBBYren (International Board in Books for Young People) Ohorezko Zerrenda berriki argitaratu diren liburuen hautaketa bat da, eta haur eta gazte literaturako kalitate handiko lanak biltzen ditu. «Bi urtean behin osatzen da eta IBBYren kide diren herrialdeetako idazle, ilustratzaile eta itzultzaileak nabarmentzen ditu. Zerrenda honetan sartzeak liburu hauen zabalpen eta ezagutza sustatzen du. Nazioarteko editoreek liburu hauen berri jasotzen dute zerrendaren bidez eta honek atzerriko edizioen itzulpenen gorakada nabarmena ekarri ohi du», azaldu zuten Galtzagorrikoek.

Euskal elkarteak azaldu zuenez, OEPLI (Organización Española para el Libro Infantil) erakundeak du zerrenda horretarako Estatu espainoleko hautagaiak aurkezteko ardura. «Estatuan hizkuntza ofizial bat baino gehiago daudenez, IBBYk OEPLIri idazle eta itzultzaileen sailean launa lan aurkezteko eskubidea ematen dio. Ilustratzaileen alorrean berriz, lan bakarra proposa dezake OEPLIk».

Idazleen alorrean 2012ko Ohorezko Zerrendarako OEPLIk aurkeztu zituen lanak honakoak izan ziren Meaberenaz gain: Jordi Sierra i Fabraren «Historia de un segundo» (SM), Miquel Rayoren «L´enigma Altai» (Edebe) eta Francisco Castroren «Chamademe Simbad» (Galaxia). Ilustratzaileen alorrean, berriz, Miguel Calatayudek ilustratutako «Kembo, incidente en la pista del circo Medrano» (Kalandraka) aurkeztu zuten.

Bukatzeko, itzultzaileen alorrean, Irazustabarrenaren lanarekin batera honakoak aurkeztu zituzten: Ana Maria Navarreteren «Tiempo de milagros» (Edelvives), Jordi Vila i Tubauren «Huckelberry finn» (La Galera) eta Carmen Torresen «Kafka e a boneca viaxeira».

IBBYren azken Ohorezko Zerrendan, Ruben Ruizen «Anekdotak» (Pamiela) eta Xabier Olarraren «Hobbita» (Igela) itzulpena sartu ziren. 2008an, berriz, Patxi Zubizarretaren «Urrezko giltza» (Erein) eta Juan Mari Mendizabalek itzulitako «Bidaia munduaren amaierara» (Erein) aukeratu zituzten.

EUSKALDUNAK

Estatu espainolak aurkeztutako lanen artean bi hautagai euskaldunak aukeratu dituzte. «Zerrenda honetan sartzeak liburu hauen zabalpen eta ezagutza sustatzen du», azaldu zuten Galtzagorri elkartekoek.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo