GARA > Idatzia > Kultura

24 piano-jotzailek hartuko dute parte Donostiako XVII. Nazioarteko Piano Lehiaketan

M. LARRINAGA | DONOSTIA

Bi urte igaro dira Donostian egiten den Nazioarteko Piano Lehiaketa azken aldiz ospatu zenetik. Izan ere, ordura arte urtero antolatzen zen lehiaketa bi urtean behin egitea erabaki zuten antolatzaileek denbora falta eta zailtasun ekonomikoak zirela-eta. Gainera, Donostia Kulturak antolakuntzaren arduraren zati bat ere hartu zuen bere gain.

Aurten, datorren ostegunetik larunbatera (hilaren 24tik 26ra) ospatuko da lehiaketa, eta guztira 24 parte hartzaile izango dira hirian hiru egun horietan, Austria, Alemania, Errusia eta Estatu espainoletik etorriak. Txapelketa bi mailatan banatu da, goi maila 1 eta 2, erdiko mailarako piano-jotzaile bakarra aurkeztu baitzen.

Goi maila 1eko emanaldiak eta sari banaketa 24an izango da Victoria Eugenia antzokiko Club aretoan, 11.00etatik aurrera goizean eta 16.00etan arratsaldez. Maila horretako lehen saria 2.000 euro izango dira, bigarrenak 1.000 euro jasoko ditu eta hirugarrenak, 500.

Goi maila 2ko emanaldiak 25ean hasiko dira, 10.00etan areto berean, eta egun bereko 20.30etik aurrera finalisten izenak emango dira. Finala hurrengo egunean izango da, hilaren 26an, Victoria Eugenia antzokiko areto nagusian, eta lehen saridunak 4.000 euro jasoko ditu, bigarrenak, 2.000 eta hirugarrenak, 1.000.

Horretaz gain, Enrique Lartundo fundazioak 750 euroko hiru beka emango dizkie parte-hartzaile gipuzkoar onenei hobekuntza ikastaroak egin ditzaten. Gipuzkoako Ateneoak, bestalde, finalera heltzen diren musikari batzuekin kontzertu bat antolatuko du eta Musika Hamabostaldiak lehiaketaren irabazleetako bati bere kontzertu egitarauaren barruan kontzertu bat eskaintzeko aukera emango dio. Azkenik, Euskadiko Orkestra Sinfonikoak kontzertu bat emateko aukera emango dio lehiaketaren irabazleetako bati.

Hilaren 24 eta 25eko emanaldiak ikusi ahal izateko antzokiko leihatilan jaso beharko dira gonbidapenak doan baitira emanaldiak. Finalera joan ahal izateko ordea, hilaren 26an izango dena, sarrerak salgai daude jadanik, 3 eurotan ohiko saltokietan (leihatilan edo Kutxaren bidez).

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo