GARA > Idatzia > Kirolak> Errugbia

Top 14

Amaitu dira huts egiteko zeuden aukera guztiak

J.L.

Lau jardunaldi besterik ez dira geratzen Top 14ko lehen fasea amaitzeko, eta taldeek azkeneko aukerak dituzte beren helburuak bete ahal izateko. Gainera, datorren asteburuan geratu egingo da Top 14a, Europako lehiaketak direla-eta, eta horrek oraindik eta garrantzi handiagoa ematen dio asteburu bonetako jardunaldiari.

Aviron izango da hasten lehena. Zuri-urdinek bigarren fasea jokatzeko itxaropenei eutsi nahi badiete, azkeneko aukera izango dute, gaur galtzen badute ez baitute ia aukerarik izango.

Zuri-urdinek Racing Metro Paris hartuko dute gaur Jean Dauguer zelaian, 14.30etik aurrera. Lapurtarrek oso neurketa zaila dute, izan ere frantziarrak sailkapeneko bigarren postuan daude 68 punturekin, eta hauek bigarren fasea jokatzeko txartela eskuetan izan arren, lehen bi postuetan amaitu nahi dute, horrek finalerdietarako txartela emango baitie final-laurdenak jokatu beharrik gabe.

Aviron une honetan sailkapeneko bederatzigarren postuan dago 54 punturekin, baina seigarren postua lau puntura dute. Beraz ez dute dena galduta, gaur garaipena lortuta eta aurreko taldeek huts egiten badute, berriro ere hor sartuko bailirateke. Bestela ere, Avironek behar-beharrezkoa du garaipena, izan ere, puntuez gain, pasa den astean Biarritzen aurka emandako itxura negargarria hobetu nahiko dute, eta Ligako bigarren sailkatua menderatzea bezalakorik ez dago horretarako.

Biarritzek ere garrantzi handiko partida du. Zuri-gorriak sailkapeneko laugarren postuan daude 62 punturekin. Final-laurdenak jokatzeko oso egoera onean dago taldea, baina orain helburua aurreneko bien artean sartzeak ere izan behar du, eta horretarako Clermonten aurka irabaztea oso garrantzitsua da. Frantziarrak zazpigarren postuan daude 58 punturekin. Biarritzek irabazten badu, Avironi mesede galanta egingo lioke gainera.

Gernika

Espainiako Kopan, Gernikak finalerdiak jokatuko ditu gaur 17.30etik aurrera El Salvadorren aurka, etxean, Urbietako zelaian. Kanporaketa partida batera dela kontuan hartuta, berde-beltzek sekulako aukera daukate finalean sartzeko.

Ligan bi taldeak oso parekatuta ibili dira, eta gaur ere edozer gerta liteke, nahiz eta bizkaitarrak etxean arituko direnez, faborito izango diren. Zuzendaritzak aurreko giroa berotu nahi izan du, eta horretarako herri bazkari bat antolatu dute, eta handik joango dira zelaira.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo