GARA > Idatzia > Iritzia> Hemeroteka

ARGIA | Inma Errea

Zientzialariak

(...) Zientzialariak dira, adituak, herritar arrunton ikuspegian konprenitzeko zailak diren gauzez asko dakien jendea. Haien jakinduriaren konplexuak erraz eramaten gaitu onartzera haiei entzun eta haien iritzi eta aholkuei men egin behar diegula.

(...) Ishibashi Katsuhiko sismologoari, esaterako, inork gutxik egin zion kasu 2007an Herald Tribune egunkarian «lurrikarei aurre egiteko zentral nuklearren ziurgarritasuna murrizteko neurri erradikalak hartu ezean Japoniak laster benetako katastrofe nuklear bat pairatu ahalko zuela» esan zuenean.

Beste edozein asmakuntza humano bezala zientzia ere pertsonen eta erakundeen ideologiatik eta interesetatik aske ez dagoenez, kezkatu nintzen Espainiako Gobernuko presidenteari energia nuklearrari buruzko eztabaida «zientifikoa» egin behar zela, eta ez «ideologikoa», esaten entzun nionean: zientzia ideologiaren aurretik ezarri eta, aferen gaineko ezagumendu konplexua estakuru hartuta, erabakiak adituek hartu behar dituztela esaten digutenean ohikoa da ezkutuko interesak izatea jokoan, eta, edozein kasutan, gogoratu beharko genuke, Frantzia aldean «lazturik» dabiltzan ekonomialariek dioten bezala, herritarrok hartu beharko genituzkeela, eta ez adituek, guri dagozkigun erabakiak, modu kolektibo eta demokratikoan.

Zientziek eta teknikek huts egiten dutenerako, bestelako makuluak behar dira, eta naturari lotuago bizitzeak, literaturak edota historiak zertxobait laguntzen ahal digute. Josu Jimenez Maiak 2005ean Berrian argitaratu eta geroago Patxi Zubizarretak ere jasotako ipuin ekialdetarrean, Ai Kajiyama neskatilaren aitonak sua eman zien zaintzen zituen herriko laboreei, eta horrela, sutetik ihes eginaraziz, itsas ondoan bizi ziren herritarrak mendirantz bideratu zituen. Auzoek, haserre, aitona-biloba inguratu zituzten, xaharraren jokamolde haren zergatiaz galdezka. Erantzuna olatu erraldoi batek ekarri zien berehala, lur erre berriak estali zituenean. Ipuina XIX. mendekoa da, eta jendea tsunamien arriskuei buruz ohartaraztea omen du xede. Mende hartan bakarrik, bi tsunami izan ziren Japonian, eta horietako batek, 1896koak, 25.000 lagun hil zituen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo