«Bateragune auzia» dela-eta ekainean epaituko dituzte ezker abertzaleko zortzi kide
Ezker abertzaleko zortzi kide epaituko dituzte ekainaren 27tik aurrera Madrilgo Auzitegi Nazionalean, «Bateragune auzia» dela-eta. Fiskaltzak hamarna urte eskatzen ditu Arnaldo Otegi, Rafa Diez, Sonia Jacinto, Miren Zabaleta, Arkaitz Rodriguez, Mañel Serra eta Amaia Esnalentzat.
GARA |
Ekainaren 27tik aurrera ezker abertzaleko zortzi kide epaituko ditu Auzitegi Nazional espainolak «Bateragune» izeneko auzian, legez kanpoko Batasuna alderdia berrantolatzea leporatuta. Arnaldo Otegi, Rafa Diez, Sonia Jacinto, Miren Zabaleta, Arkaitz Rodriguez, Txelui Moreno, Mañel Serra eta Amaia Esnal epaituko dituzte hain zuzen.
Horrela, erabaki zuen epaitegi bereziko Zigor Arloko laugarren aretoak atzo plazaraturiko auto batean. Epaiketa ekainaren 27an hasiko da eta uztailaren 7rako dauka amaiera iragarrita.
Fiskalaren esanetan, Bateragune egitasmoaren lana «konfrontazio politikoa maila gorenera eramatea zen». Horretarako, bi lan ildo zituen, beti ere fiskalaren ustearen arabera: «ETArik gabeko ezker abertzalearen edozein tarte indarrik gabe uztea» eta «ETAren jarduera eta helburuen pean egongo litzatekeen polo subiranista bat eraikiz eraikuntza nazionalerako indarrak biltzea».
Gauzak horrela, «araudi konstituzionaletik sortutako erakundeei zilegitasuna kentzen» ahaleginduko litzateke Bateragune, beti ere fiskalaren arabera, «ezarri nahi duten nazio baten marko zatikatzailea direlako».
Polo subiranista sortzea
Polo subiranista hori antolatzeko, EA, Aralar eta AB alderdi politikoak eta ELA sindikatua «Euskal Herriaren eta Estatuaren arteko konfrontazio gunera» eramateko asmoa zuten, fiskalak adierazitakoaren arabera.
Haren hitzetan, ETAk «borroka armatuan geldialdiak» izango zituen estrategia bat jarri zuen martxan, horrela polo subiranista hori gauzatu ahal izateko. Beste garai batzuetan, berriz, ekintza armatuei ekingo zion.
Fiskalak gaineratzen duenez, ETAren ekintzak «ustezko gatazka politiko batean kokatzeko eta Estatuaren jarduera deslegitimatzeko» ekitaldi publiko zenbait egin zituen Bateragunek, prentsaurrekoak, elkarrizketa eta ezker abertzalearen komunikatuak.
Fiskalaren arabera, estrategia hau indartzeko helburuarekin, 2009ko apirila eta abuztua bitartean ETAk ekintza armatuak egin zituen Arrigorriagan, Palman eta Burgosen, eta horietan polizia bat eta bi guardia zibil hil ziren.
Horrez gain, fiskalak dio Bateragunek gutxienez hamar bilera egin zituela. Horietako lehena 2009ko apirilaren 17an izan zen, bere hitzetan, eta LABek Donostian duen egoitzan egiten ziren. Egoitza horretan atxilotu zuten Rufi Etxeberria ere, gero auzitik kanpo utzi zutena.
Arnaldo Otegi, Rafa Diez, Sonia Jacinto, Miren Zabaleta, Arkaitz Rodriguez, Txelui Moreno, Mañel Serra eta Amaia Esnal dira ekainaren 27tik aurrera Madrilen epaituko dituzten euskal herritarrak.
Hamarna urteko espetxe zigorra eskatuko du fiskalak zortzi auzipetuentzat. Leporatzen dieten delitua «erakunde terroristako kide izatea» da, urtarrilaren 4an aurkeztu zuten idazkiaren arabera.