GARA > Idatzia > Eguneko gaiak

Kronika | Alkatetzetako izendapenak

Herriak udalak berreskuratu dituela ospatu dute nonahi

Hautestontzietan herritarrek aldaketa nahi dutela erakutsi zuten, eta, behin udalak osatuta, aldaketa horren lehen pausoa ospatu zen atzo hego Euskal Herrian. Udal aretoetan Bilduko hauta- gaiek karguaren zina egiten zuten bitartean, atarietan milaka lagun bildu ziren. Poza eta ilusioa nagusi, emozioz beteriko eguna izan zen atzokoa herri askotan.

p007_f0188637.jpg

Janire ARRONDO

Luzaroan begiko mina eman dien bandera espainola Udaletxeko balkoitik kentzea izan zen Lizartzan atzo egin zuten lehenbiziko lana. Urte «luze» eta «latzak» bizi izan dituzte Tolosaldeko herrian, azken zortzi urteotan herritarrek, Udaletik baztertuta egoteaz gain, bestelako eraso ugari ere sufritu behar izan dituztelako. Duela zortzi urte EAJko Joseba Egibarrek hartu zuen Alkatetza; duela lau, berriz, PPko Regina Otaolak. Indarrez bereganatu zuen herria, horren adierazle balkoian zin- tzilikatu zuten bandera espainola.

Atzokoa, ordea, ospakizunerako eguna izan zuten Lizartzan, herritarrek euren Udala berreskuratu dutela ospatzeko eguna.

Goizean goiz, Aitor Agirre Bilduko alkateak eta gainontzeko zinegotziek karguak hartu baino lehen, bizilagunek azken urteotan euren etxeko balkoietan izan dituzten ikurrinak hartu eta Udaletxe inguruan zintzilikatu zituzten. Gero, eraikineko balkoiko masta nagusian ere jarri zuten ikur zuri, gorri eta berdea plazan bildu ziren ehunka lagunen txalo eta oihu artean. Lizartzako Udala berriro ere herri borondatea errespetatuz osatuta, ikurrina ere bere lekura itzuli da.

Bai Euskal Herriari ekimenak Lizartzako plazan egin zuen ekitaldian honakoa nabarmendu zuen: «Herri gisa zapaldu nahi izan dute Lizartza, baina ezin izan dute; amaitu da gaua eta ez gaituzte isildu; Lizartza herria zutik da, euskal herriak bezala». Hala, Lizartzatik Euskal Herrira euskal nortasun ikurren defentsa zabaldu nahi izan zuten ekimeneko kideek: «Gurea defendatu! Lizartzan bezala Euskal Herri osoan! Gure ondorengoek Euskal Herri libre eta euskaldun bat ezagut dezaten».

Sagardotegira tolosarrak

Eguerdiko hamabietan egin zuten Tolosako Udaletxean Alkatetza aldaketa egiteko Osoko bilkura, eta bertan izendatu zuten Bilduko hautagai Ibai Iriarte alkate. Batzar aretoa leporaino beteta zela egin zuten alkatearen eta zinegotzien izendapena. Ekitaldia amaitu ondoren, udaletxe aurreko Plaza Zaharrean bildu ziren dozenaka herritarrek txalo eta «Independentzia» oihu artean hartu zuten Iriarte alkatea. Udaletxean hasitako ospakizuna amaitzeko asmorik ez eta ehundik gora tolosar sagardotegira joan ziren eguerdian garaipena ospatzera.

Ekitaldi hunkigarria egin zuten, bestalde, Villabonan. Galder Azkue Bilduko alkate berriak eta gainontzeko zinego- tziek euren karguak hartu ondoren, aurreko legegintzaldian zendu ziren bi zinegotziak gogoan izan zituzten. Hain justu ere, 2009ko uztailaren 31n, herriko jaien amaieran Ertzaintzarekin izandako aurrez aurreko baten ondoren ondoezak jota hil zen Remi Ayestaran alkateordearen omenez jarritako monolitoan lore sorta jarri zuten. Baita gaixotasun baten ondorioz hil zen Josune Arretxe zinegotziaren hilobian ere. Galder Azkue alkate berriak biek egindako lana eredu hartuta egingo dutela lan zin egin zuen.

Ospakizunak herriz herri

Azken urteotan udaletatik kanporatuta egon ondoren, gogoz ospatu dute herrietan Bilduren garaipena. Lasarte-Orian esaterako, bizilagunek zein hedabideek gertutik jarraitu zuten Bilduko Pablo Barrio alkate izen- datu zuen Udalbatzarra. Aginte-makila eskuetan zuela, txalaparta soinuz hartu zuten bizilagunek udaletxe atarian.

Errenteriako Julen Mendoza ere ehunka lagunek hartu zuten, independentziaren eta presoen etxeratzearen alde oihu egiten zuten bitartean. Beste hainbatetan, herriko jaiekin bat egin zuen Bilduren ospakizunak, Beasain eta Bergaran esaterako.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo