GARA > Idatzia > Kultura

Nautilusaren barruan itsas historiari errepasoa egiten dio Untzi Museoak

Donostiako Untzi Museoak 1991ko maiatzaren 23an zabaldu zituen bere ateak hiriko portuan dagoen eta iraganean kontsulatuko dorretxea izan zen eraikuntzan. Euskal Herriko itsas ondarea kontserbatu, ikertu eta zabaltzea izan du helburu nagusi hogei urteotan, eta hala jarraitzen du gaur egun ere. Urteurrena ospatzeko, «Itsas zabalean» bideo instalazioarekin euskal historian barrena urpeko bidaia zirraragarria egiteko aukera dago.

p044_f02_097x099.jpg

M. LARRINAGA | DONOSTIA

Julio Berneren Nautilus itsaspeko ezaguna du eredu «Itsas zabalean» ikus-entzunezkoaren agertokiak. Donostiako Untzi Museoak eta Morgan Creativos enpresak sortutako proiektu berriaren helburua museoak bete berri dituen 20 urteei ohore egitea da.

Bideoak Euskal Herriak itsasoarekin izan duen eta gaur egun oraindik ere mantentzen duen erlazio estua erakutsi nahi du beste modu batean. Morgan Creativoseko ekoizleak, Asun Lasartek, atzoko aurkezpen ekitaldian azaldu zuenez, «hainbeste alditan kontatu den hori modu atsegin batean kontatu nahi genuen». Hala, sarrera behintzat desberdina eta deigarria da zinez.

Itsaspekoaren atea ireki bezain pronto, tramankuluaren barruan sentitzen du norberak bere burua. Pantaila nagusi batean ikusten da bideoa eta alboetan kokatutako leihoetatik itsaspekoko batetik ikusiko liratekeen paisaiak begiztatzen dira. Kontakizunean historiaren iragana eta orainaldia biltzen dira; euskaldunek itsasoan egin dituzten ekintza eta bidaiak, alegia. Hala, XVIII. mende erdialdean Donostiak zuen itxura erakusten da, museoa jasotzen duen dorretxearen garaiko erabilera eta baita portuak izaten zuen bizitza ere. Bestetik, euskal itsasgizon ezagunenak ere ekartzen ditu gogora: Elkano, Urdaneta... Datu zehatz asko azaltzen dira denbora gutxian eta modu argian.

Memoria lana

Soko Romanok eta Jose Maria Unsainek, Untzi Museoaren arduradunek, bi hamarkada hauen errepaso txiki bat egin zuten. «Oraindik egiteko asko badago ere, Untzi Museoa tresna oso eraginkorra izan da itsas ondarea babestu eta euskal itsas kultura eta historia ikertu eta zabaltzeko lanean», azaldu zuen Unsainek.

Museoa ireki zenetik aldi baterako 30 erakusketa ikusi ahal izan dira dagoeneko, betiere itsas ondarearen hainbat alderdi garrantzitsu edo ezezagun aditzera emateko asmoarekin. Horien artean «Antonio Gaztañeta 1656-1728», «Pasaia. Iraganaren oroigarria etorkizunari begira», «Ontzi tradizionalak milurteko berriaren atarian», «Itsas Marruma. Euskal kostaldearen argazki zaharrak (1850-1960)», «Olatu perfektuak, sorrera eta desagerpena», «Marea beltza», «Euskaldunak eta Pazifikoa. Andres Urdanetaren omenez» edota gaur egun ikus daitekeen «Baleazaleak» nabarmen daitezke.

36 berreskurapen

«Gure itsas kultura material eta immaterialaren elementu garrantzitsuak babestea lehentasunezko ardura izan da Untzi Museoan», esan zuen Unsainek. «Itsasontzien berreskurapena eta babesa izan da ahalegin handiena eskatu duen lan arloa», gehitu zuen. Izan ere, Gipuzkoako eta Bizkaiko kostaldean erabat utzita zegoen ontzien berreskurapena. Hala, 1991. urtean, museoaren irekierarekin batera, itsasontzien bilketarako plangintza jarri zuten martxan; hau da, euskal kostaldean lanerako zein aisialdirako erabilitako itsasontzien eredu adierazgarrienak biltzen hasi zen museoa. Hogei urte hauetan 36 itsasontzi desberdin bildu ditu museoak eta horietako batzuk Pasaiako Ondartxo Itsas Kulturaren Zentroan ikus daitezke egun. Horri lotuta, Maria Jesus Aranburuk, ordu gutxiren buruan Kultura eta Euskara foru diputatu izateari utzi zionak, museoari kokaleku handiagoa bilatzeko lanean dabiltzala adierazi zuen. Aspalditik hala dabiltzan arren, oraindik ez da ezer zehazterik izan; «ez dakit noiz, baina egongo da», esan zuen.

Hogei urte hauetan, milioi erdi bisitari inguru jaso dituztela ere esan zuen Unsainek. Hala ere, 1996an sarrera kobratzen hasi zirenetik bisitari kopurua nabarmen jaitsi dela onartu zuen.

ATE IREKIAK

Hogei urte hauek ospatzeko ekimen bezala zein erakusketa eta bideo instalazioa ezagutarazteko asmoz Donostiako Untzi Museoak doan eskainiko du sarrera gaurtik igandera bitartean.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo