GARA > Idatzia > Iritzia> Txokotik

Iker BIZKARGUENAGA Kazetaria

Aldaketa badator, datorrela euskaraz

Araba Euskaraz zela-eta aurreko igandean Laudion bildutako jendetzaren eta sortutako giro paregabearen argazkiak begiratzen ari nintzela, bat-batean zalantza sortu zitzaidan: Laudiok ez al du berezkoagoa inguruko herrien «Bagara», abestiko «Bagare» sonatua baino? Nik behintzat sekula ez diot laudioar bati bagareka entzun... Jai eguna nuenez, gai horrekin eman nuen ordu erdi, «Laudion bagare» edo «Laudion bagara», zalantzari aterabidea bilatu nahian.

Lan horretan nenbilen, telebistan Idoia Mendia agertu zenean. «Honek ez dio gai honi buelta handirik emango», pentsatu nuen. Hasieran ateraldiak irribarre eragin zidan, baina gero, egun modan dagoen sumina sortu zitzaidan. Izan ere, zergatik pentsatu nuen Lakuako Gobernuko bozeramaileak ez duela Laudioko euskararen gaineko bakarrizketa filosofikorik izango? Ba, euskararekin duen harremana urrunekoa delako. Gaztetan ezagutu baina beste kontinente batean bizi den lagunarekin izaten den harremana bezalakoa: noizean behin email bat idatziko diozu, baina bere bizitzak ez zaitu bustiko.

Hori da, nire ustez, Idoia Mendiak euskararekin duen harremana. Hala-moduz hitz egiteko gai da, duela zenbait urte ikasi zuelako, baina nabarmena da azken urteetan ez duela zaindu, eta ez dakiela ondo. Eta, ez dezagun ahantz, bera da Eusko Jaurlaritza deitzen den instituzio horren aurpegia.

Beste inon gertatzen ez dena gertatzen da gure herrian. Nafarroan, Gobernuko bozeramaileak ez daki euskaraz, eta ez du inoiz jakingo. Euskararik ez balego ere, bera lasai. Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako gobernuburuak, bestalde, euskaraz txarto moldatzen den politikaria aukeratu zuen hedabideekin eta herritarrekin komunikatzeko. Jakin badakit PSEn badagoela euskaraz bikain egiten duenik, baina Patxi Lopezek nahiago izan zuen Mendia jarri.

Bi aukera daude: lehena, Lopezek ez jakitea bere bozeramaileak ez duela euskaraz ondo egiten; bigarrena, ez zaiola batere inporta. Bi aukerak, dena den, ez dira kontrajarriak. Edonola ere, lehendakariak eta bere alderdiak euskaldunoi mespretxua erakutsi digute urte hauetan.

Euskal Herrira aldaketa dator, eta hori badakite Lopezek, Mendiak eta enparauek ere. Baina, mesedez, aldaketa etor dadila euskaraz. Eta ez dezala inork berriz bazterrean utzi.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo