GARA > Idatzia > Euskal Herria

«Mundu alternatiboa» xede, aste osoko jardunaldiak eginen dituzte Mugerren

Uztailaren 12tik 18ra eginen da Alter-herria egitasmoa Elizaberri auzoko Ibar trinketean. Aurten Attac eta Bizi mugimenduek elkarlanean antolatutako edizioan, hitzaldi, tailer eta ikastaroak izanen dira.

Ainize BUTRON | BAIONA

Altermundialismoaz hausnarketa orokorra bideratzea helburu, Alter-herria ekimena izanen da Mugerreko Elizaberri auzoan, datorren uztailaren 12 eta 18 artean.

Attac mugimenduak urtero antolatzen duen gogoeta aste hori, aurten Euskal Herrian gauzatzea erabaki du, eta horretarako Bizi mugimenduarekin harremanetan jarri da.

«Attac-ek eta Bizi-k bi dinamika ezberdin bideratzen badituzte ere, xede eta helburuetan elkartzen dira. Euskal Herria borroka lurralde bat delako antolatu nahi izan dute astea hemen Attacekoek», azaldu zuen Bizi mugimenduko kide Mattin Ihidopek.

Elizaberri auzoko Ibar trinketean iraganen da, beraz, Alter- herria. Astebetez altermundialismoari buruzko ideia orokorren inguruan hausnarketa bideratzeaz gain, ekintza zehatzak finkatzeko gune izatea ere nahi dute. Horretarako, hitzaldi, ikastaro eta mugimenduen arteko teknika trukaketak izanen dira.

Orotara, 120 lagunek hartuko dute parte Ibar trinketean. Guztiek teoriatik praktikara igarotzea xede izango dute. Alter-herriaren helburua bikoitza dela nabarmendu zuten antolatzaileek: analisi altermundialistei loturiko ekintzak antolatzeko moduaz hausnartzeko eta kritikak egiteko denbora hartzea, eta, eraginkortasun handiagoa erdiesteko militantziarako lagungarri gerta daitezkeen teknikak ikastea.

«Denbora mugatu batean Bizi kolektiboa antolatzen den gune bat da. Herriaren instalaziotik garbiketaraino, elkarbizitza eta ardura kolektiboak ikasten dira. Kanpalekua, sukalde kolektibo eta ekologikoa, eguzki energia bidezko dutxak, komun idorrak, eta beste gauza anitzek osatzen dute Alter-herria», gehitu zuen Ihidopek.

Empresarios, preocupados

Edukiari dagokionez, uztailaren 12 eta 18a bitartean mota askotariko tailer eta hitzaldiak antolatuak dira. «Krisi klimatiko, energetiko, ekologiko, ekonomiko, finantzario, soziala pil-pilean da. Zergatik eta nola birbideratu?» izango da gai nagusia.

Galdera nagusi horri erantzuna emateko tailer andana izango da, eta, gaiak honakoak izanen dira: zirkuitu laburreko elikagaien salerosketa, mugikortasuna, irakaskuntza mota alternatiboak, herri-kooperatibak eta etxebizitza.

Gai horiek guztiak lantzeko tokiko zein Estatu frantseseko hizlariak izanen dira: Michel Berhokoirigoin eta Jon Harlouchet laborariak, Chantal Torre ekonomialaria, Peio Etcheverry-Aintchart hautetsi eta historialaria, Jeronimo Prieto LABeko sindikalista eta Victor Pachon CADE kolektiboko arduraduna besteak beste. Uztailaren 11, 12 eta 13an Alter-herriaren muntaketa lanetan arituko direla gogorarazi zuten antolatzaileek. Alabaina, aldi berean hitzaldi eta bilkura orokorrak izanen dira.

«Euskal Herriko historia herrikoia»-ri buruzko hitzaldi batekin hasiko da astea uztailaren 12an.

AHT

AHT linea berria izanen da hitzaldi eta tailerretan aipatuko diren gaietariko bat. Uztailaren 14an, Alter-herritik autobusa aterako da AHTren aurka Urruñan eginen den ibilaldian parte hartzeko.

Izen ematea

Alter-herrian parte hartzeko aurretik izena ematea ezinbestekoa zela azpimarratu zuten Attac eta Bizi mugimenduetako ordezkariek. (0033) 559- 25 65 52 zenbakira deitu behar da horretarako.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo