GARA > Idatzia > Kultura

Elizondo atera zen irabazle baztango biltzarrean

Eguna goibel eta euritsu hasi zen arren, Baztango eta inguruetako herritarrek ez zuten Elizondon urtero ospatzen den Baztandarren Biltzarra galdu nahi izan atzo. Herri bakoitzak eraikitako orgen erakustaldia izan zen goizeko ekitaldirik garrantzitsuena eta, azkenik, Elizondoko Beti Zurrutak orgak irabazi zuen lehen saria. Bere atzetik, Elbetekoa eta Elizondoko Aise gelditu ziren.

p042_f02_120x172.jpg

M. LARRINAGA | ELIZONDO

Aurtengoa Baztandarren Biltzarra ospatzen hasi zeneko 48. urteurrena izan da eta, iaz egin zen moduan, aurten ere igandean bakarrik ospatu da, nahiz eta aurreko urteetan larunbatean ere festa egin ohi zen. Historia, umorea eta salaketak nahasten ditu egun honek Elizondon. Baztango herri bakoitzak bere historiari edo egoera bati buruzko orga eraiki ondoren, ospakizunean egiten den desfilean hartzen du parte.

Orain 48 urte sortu zen egun hau. «Baztango herri guztiak biltzeko eta festa bat egiteko sortu zen biltzar hau», azaldu zuen Ixa Barberena antolakuntzako kideak. «Herri bakoitzak bere historia aztertzen du eta, horren arabera, orga bat sortzen du antzerkiak ere eginez».

Aurtengo edizioak Baztango ikastola omendu du, haren 40. urteurrena ospatuz, eta ikastolako irakasle batek, guraso batek eta haur batek eraman zituzten desfilearen buruan ageri ohi diren banderak. Euskarak egoera latza bizi zuen garaian, Baztango guraso batzuek, oztopo ugari gaindituz, ikastola sortu zuten 1970-71 ikasturtean, eta oraindik ere indartsu jarraitzen du lanean.

Aurtengo irabazlea Elizondoko Beti Zurrutak taldea izan zen «Santanderreko zurginak Baztanen» izenburupeko orgarekin. Bertan, Santanderretik Baztanera etorri ziren zurginen bizimodua azaldu zuten, basoko zuhaitzak zerratzen aritzen zirenekoa, alegia. Bigarren, Elbete herria gelditu zen. Kafea garestiegia zen garaian ezkurrekin egindako infusioa egiten zuten Elbeten, eta organ ezkurrekin egiten zuten prozesua erakutsi zuten. Azkenik, Elizondoko Aise taldea izan zen hirugarren. Azken hauen orgak urte hauetan sortu den landetxeen negozioari egin zion aipamen, dirudienez, Baztanen negozio garrantzitsua bilakatu baita.

Guztira, 21 orga atera ziren Elizondoko kaleetan zehar; hona hemen horietako batzuk: Amaiurko orgak, «Nafarroako konkista prestatzen» izenburupean, Nafarroako konkistaren aurreko mugimenduak horien parodia eginez agertu zituen. Bertan, Fernando Katolikoa ageri zen Julio II.a aita santuari bulda eskatzen. Konkista horren 500. urteurrenerako urtebete falta denean, Gaztelako erregearen asmoa adierazi nahi izan zuten amaiurtarrek eta, aldi berean, 2012. urtean, Amaiurren eta Maulen artea, historia eta musika batuko dituen ikuskizunaren aurkezpena ere egin nahi izan zuten.

Berroeta herriak Sastrako parajeetako ubideak sortu ziren garaiak gogorarazi zituen bere orgarekin. 1911n hasi ziren eraikitzen, uraren indarra baliatuz Maringo zentral hidroelektrikoan argindarra lortzeko helburuarekin. Hori eraikitzeko inbertitzaile nagusiak gipuzkoarrak izan ziren, ordea: Papelera Española eta Sociedad Explotadora de Ferrocarriles y Tranvías, alegia. Ahalik eta lasterren amaitzeko, enpresa horietako hainbat langile bertara bizitzera joatera behartu zituzten eta horrek herrian izan zituen ondorioak azaldu zituzten berroetarrek. Eta bestetik, lan horiei guztiei esker sortutako dirutza hori Gipuzkoara eramateak sortzen zuen amorrua ere erakutsi nahi izan zuten.

Erratzuk 1943an bertaratu zen Maritxu Viscarret irakasleak egindakoak ekarri zituen gogora. Izan ere, señorita Maritxu ez zen besteen antzekoa. Honek ez zien «Cara al sol» kantarazten bere gelako neskatxei; euskal kantuak erakusten zizkien, jolas-orduetan euskaraz jostatzeko baimena zuten eta Euskal Herriko historiako pasarteak ere kontatzen zizkien gaztetxoei.

Iaz irabazle suertatu zirenek, oronoztarrek, ezkontzetako dotea izan zuten beraien orgaren gaia. Aurten, Barbenea etxaldeko alabaren eta herriko familia xume bateko semearen arteko maitasun istorioa kontatu dute. Mutilak ezkonsaria ordaintzeko behar beste ondasun ez zuenez, neska Ameriketatik etorri berri den gizon batekin ezkonaraziko du bere familiak. Oroznotar batzuk herritarren antzera jantzita agertu ziren, beste batzuk guardia zibilez. Izugarrizko iskanbila sortu zuten, mutil gazteak bere buruaz beste egingo zuela mehatxu egiten baitzuen. Ikusleek, ordea, ez zuten oso kontuan izan gaztearen pena.

Gartzaindarrek, egungo egoera aintzat hartuta, proposamen praktikoagoa aurkeztu zuten: krisi ekonomikoari aurre egiteko beste modu bat ekarri zuten Elizondora: «Gure aiton-amonen garaietako bizimodua berreskuratu behar dugu». Hala, organ krisia ahalik eta ondoen igarotzeko gartzaindarrek hartu dituzten neurriak erakutsi zituzten; zerria hil eta mahai giroan txerrikiak janez atera ziren.

Elizondoko Lapatinek duela ehun urte Estatu frantseseko mugan dagoen Beartzungo zuloan Guardia Zibilak eraiki zuen kuartela irudikatu zuen. Koartel horren helburua kontrabandoa kontrolatzea zen arren, bertakoek kontrabandoan lasai jarraitu zuten. Orga inguruan aritu ziren korrika desfile osoan zehar, guardia zibilez jantzitako hainbat gazte baserritarrez jantzitako eta zaku bana zeramaten beste herritar batzuen atzetik, kontrabando hori kontrolatu nahian, baina aktoreak ez ziren iheslari bakarrak; guardia zibil faltsu horiek ikusleak ere haztatzen baitzituzten badaezpada ere.

Desfilearen amaierako muturrean Herri Ekimenak antolaturiko orga agertu zen. Mezua zuzena eta argia: «Dispertsioak hiltzen du!». Euskal Herriko presoen egoera salatzen zuen hainbat adibide emanez. Alde batetik, Joxemigel Gaztelurena, etxetik 1.200 kilometrora dago Algeciraseko espetxean. Bestetik, Iñaki Erro, Almerian, etxetik 1.020 kilometrora. Orga guztietan txalotuena izan zen azken hau.

Baztandarrekin batera eta bertako alkateak gonbidatuta, Juan Karlos Izagirre Donostiako alkatea ere bertan izan zen ikusle gisa. «Lehenengo aldia da Baztandarren Biltzarrera etorri naizela. Hona noizbehinka etortzen gara, baina gaurko egunez, lehenengo aldiz, eta oso polita iruditu zait. Oso koloretsua eta parte hartzailea iruditu zait, hainbeste herrik eta kuadrillak ideia bat sortzeko eta elizondotarren aurrean saltzeko bat egitea oso polita da. Euskal Herriko beste txoko bat da eta gomendatzeko modukoa, gainera, gu datorren urtean itzuliko gara», azaldu zuen Izagirrek desfilea amaitu zenean.

 
Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo