GARA > Idatzia > Kultura

UDATE

«Besta hagitz parte hartzaileak dira, hori gustatzen zait gehien»

p043_f02_148x088.jpg

Raul Iglesias

Berako kultur teknikaria

Donostian bizi den aretxabaletar hau Berako kultur teknikaria da orain dela sei urtetik, eta sanestebanen antolaketa primeran ezagutzen du. Musika taldeei eta soinu teknikariei lagundu bitartean eta jaietan dena ongi joan dadin adi-adi, berak ere gozatzeko tarteak hartuko ditu. «Besta hagitz parte-hartzaileak dira hauek, eta hori da gehien gustatzen zaidana», nabarmendu du.

Txupinazoa bota aitzinetik solas egin dugu Raul Iglesias kultur teknikari eta jaien koordinatzailearekin. Lanean harrapatu dugu, azken xehetasunak lotzen Bera gorriz jantziko den egun hauetarako dena prest izateko. Sei urte darama antolaketan, eta sumatu dituen aldaketak aurrekontuaren ingurukoak dira batez ere. Bertze hainbat eta hainbat herritan bezala, krisia dela-eta egokitu egin behar izan dituzte ekitaldiak, baina, hala eta guztiz ere, egitarau aberatsa osatzea lortu dute denen artean, ongi pasatzeko gogoa duen edozeinek gozatzeko modukoa.

Zeintzuk dira aurtengo bestetako berrikuntzak?

Berrikuntza handirik ez da izanen, baina bi behintzat aipatuko nituzke: su artifizialak berreskuratu ditugu (joan den urtean ez ziren izan) eta musika talde anitzagoak etorriko dira: reggae erritmoak izanen dira, musika kubatarra, euskal musika... Azken egunean, adibidez, Ives Rakotoren pop afrikarra aditzen ahalko da, baita Habana son eta DJ A-Rasta-K ere. Hauek bereziak dira. Lehen euskal musika izaten zen batez ere.

Zein ekitaldi nabarmenduko zenituzke egitarauan?

Bi ekitaldi nabarmenduko nituzke: lehenbiziko eguneko goizeko ekitaldiak gustatzen zaizkit bereziki, txupinazoa, erraldoiak eta buruhandiak... Eta azken eguneko herri bazkaria. Bietan giro hagitz polita sortzen da. Lehenbiziko egunean, ilunabarrean, Gure Txokoa dantza taldeak egiten duen dantza ikuskizuna ere ikaragarri atsegin dut. Sekulako lana egiten dute Eztegara pilotalekuko ekitaldi polit hori prestatzeko, eta herri osoa biltzea lortzen dute.

Nola prestatu dituzue aurtengo bestak? Zeintzuk parte hartu duzue antolaketan?

Bilera irekiak prestatzen ditugu. Martxo aldera hasten gara, eta alderdi politiko guztietako ordezkariek eta kultur taldeek parte hartzen dute. Horrez gain, bilera horiek irekiak daude beratar guztientzat; ekarpen guztiak ongietorriak baitira. Krisiaren eraginez, tirabira gehiago eduki ditugu; lehen errazago adosten genituen gauzak.

Kultur teknikaria zara eta besten koordinatzailea, zenbatgarren aldia duzu lan honetan? Zer egiten duzu?

Seigarren urtea dut aurtengoa. Pixka bat denetatik egiten dut: besten aitzinetik egitarauko ordutegia osatu besta batzordeko guztiekin batera; enpresa, musika talde eta abarrekin harremanetan jarri; kontratuak egin; aurrekontuak doitu... Bestetan bertan, berriz, musika taldeei eta soinu teknikariei lagundu eta harrera egin... eta batzuetan suteak itzali, ezustekoren bat ere suertatzen baita.

Kontatuko diguzu bitxikeriaren bat?

Gertatu izan zaigu antzerki edo kalejira bat antolatua izan, justu kale estu batetik igaro behar izan eta hantxe, abisuak eta kartelak egonda ere, kotxe bat aparkatua egotea. Lehenbizi gidaria nor den asmatu, gero auskalo ze ostatutan topatu edanda... Trafikoarekin arazo dezente izaten ditugu.

Nola pasatuko dituzu bestak? Lehenbiziko egunean, adibidez, zer eginen duzu?

Besta egiteko denbora aunitz ez dago... eta azkenean lanean ari zara... Besta pixka bat eginen dugu, baina ez sobera, zeren eta lanarekin luze egiten dira egun hauek. Gainera, haur txiki bat ere badut, urtebetekoa.

 
Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo