GARA > Idatzia > Kultura

UDATE

Zapi gorriz beteko da plaza parrandari hasiera emateko

GARA | BERA

Egun berezia da gaurkoa beratarrentzat, San Esteban bestetako egunik bereziena anitzentzat. Jaiak hasteko grinagatik, urtero giro bero-bero eta magikoan botatzen den txupinazoagatik, kukañako makil luzetik irrist egin eta erorita hartutako lehen bainuagatik... Mila arrazoi egon daitezke.

Segur aski, gaur ere Herriko Plaza bete-bete egina ikusiko dugu, gorri-gorri, eta kuadrillen blusa bizien koloreen pintzelkadekin. Aitzinetik, gosaltzeko elkartuko da makina bat jende Altzaten jarritako txosnetan, eta bertan sabela alaituta hartuko du udaletxerako bidea.

Etxafuegoa, ezkil jotzea, txikientzako goxokiak, erraldoiak eta buruhandiak, Incansables txaranga, Ezpelur gaitariak... Kalejira erraldoi bat osatuko dute bestazaleek herrian barna, ostatuz ostatu geldialdiak eginez, eta bazkari eder batekin bukatuko dute ibilaldia.

Zahar-etxera bisita

Arratsaldean, Incansables txarangak San Jose zahar-etxera eginen du bisita, bertakoek ere besta giroaz goza dezaten. Eta jarraian Illekueta aldera joanen da, kukaña eginen baita bertan. Makil baten puntan zintzarria jarriko dute, eta ausartenak haren gibeletik abiatuko dira. Irri ederrak eginen dituzte ingurukoek erorketa xelebreekin, eta erortzen direnek -hagitz zaila baita puntaraino ailegatzea- bainu freskagarri bat hartuko dute errekan. Han, uretan, ohikoak izaten dira jolasak eta adar-jotzeak.

Kontzertuak eta dantzak

Besta gauza txikia eta eskasa izanen litzateke musikarik eta dantzarik gabe. Horregatik, lehenengo egunetik bertatik dira protagonista bi osagai hauek, bai egunez bai gauez, etenik gabe gainera.

Arratsaldean, adibidez, herriko txistulariak kalez kale ibiliko dira; Illekueta auzotik Herriko Etxeko plazarako bidea eginen dute. Bitartean, Altzateko plazan, Zurbeltz taldeak joko du eta bere batukada folkarekin jendea animatzen saiatuko da.

Istantean irekiko dituzte txosnak leku berean, eta gazteek asmatutako ekitaldi polit bat eginen dute, Gaztexteban Igoera deitutakoa. Panpin bestazale bat igoko dute txosnara, azkeneko egunean, abuztuaren 6an, jaisteko, «Gaixoa ni» kantatu bitartean. Baina zer ari gara bukaeraz solasean! Oraindik hasi bertzerik ez dira egin Berako bestak. Aprobetxatu, beraz!

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo