GARA > Idatzia > Iritzia> Azken puntua

Xabier IZAGA Kazetaria

Gasteiz hidratatua

Ez zait edatea gustatzen, baina telebistan esan dute egunotan ondo hidratatu behar dugula». «Ez dut gehiago edan behar, baina gutxiago ere ez». Horrelakoak maiz entzungo ditugu Gasteizen, osteguneko arratsaldeko 18:00etatik aurrera (eta lehenago ere bai). Entzun ez ezik, ikusi ere egingo dugu jende sobera hidratatua, ez gehiago ez gutxiago (bai gehiegi baina) edandako lagunak. Eta gehiegizko hidratazioaren ondorioak beren gorputzak baino jasaten ez baditu, bejondeiela.

Eman lezake ondo pasatzea neurriz egin beharreko jarduna dela uste duten horietakoa naizela, edo beraiek gustuko ez dutena denentzat txarra dela uste dutenetakoa. Ezta hurrik eman ere. Gainera parrandazalea naiz, eta oso ondo begitantzen zait jendeak ahal eta nahi duen moduan dibertitzea, baita nik gustuko ez dudan moduan ere. Bakoitzak ahal eta nahi duen guztia kontsumitu dezala, nire erabakiak ez baitu neure buruarentzat baino balio. Nik ere, lanak eta adinak uzten didaten neurrian, «hidratatuko» naiz; baina horrek, ez nire kasuan ez inorenean, ez luke edozertarako aitzakia izan behar. Alegia, ez luke edozein portaera zuritu behar. Edan edo beste edozer kontsumitu gabe ere edozein jarrera onartzeko modukoa ez den moduan. Mugarik gabeko jaiaren aldekoa naiz, baina jaiak, askatasunak bezala, badute muga bat, bestearenganako errespetua, eta ez naiz «egun on» edo «on egin dagizula» esanez adierazten den errespetu horretaz, hain zuzen.

Gasteizen txanda da eta espero izatekoa da Iruñearen eta Baionaren lekuko duina izatea, baina eraso sexualak edo bestelakoak ez dira jaia, jaiaren aurkako eraso baino.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo