GARA > Idatzia > Kirolak> Txirrindularitza

Markel IRIZAR Radio Shack taldeko txirrindularia

«Te estimu mol»

Kaixo lagunok! Beste egun batez, suge koloretsuak beroaren bidean egin du bere jarduna. Teorian, aparteko zailtasun handirik ez zeukan etapa honetan gorriak eta bi ikusi ditugu, oliba arteko bide bero eta aldapatsuetan gora eta behera. Garaileari buruz, pronostiko guztiak bete, eta ongi merezita, bere talde lan onari bukaera ederra eman dio Puritok. Baina ohi bezala etapan gertatu den beste gertaera bati buruz mintzatuko natzaizue gaur. Bidoi baten bila zihoan mutiko bat harrapatu du Arvesenek, Sky-ko txirrindulariak. Egia esan, ez dakit nola gertatu den istripua, baina egia da, bidoi edo bixera bat bide ertzean ikusten duenean jendeak, sarritan, egon daitekeen arriskuari erreparatu gabe, haren bila joaten dela itsu-itsuan. Zorionez, gaurkoan ez da ezer larririk gertatu, eta bai mutila, bai txirrindularia ongi dira eta gaitz-erdi!

Eta bukatzeko, ez nuke aukera hau pasatzen utzi nahi, Xavi Tondori nire omenalditxoa egin gabe. Bere bizia galdu zuen lekutik, Sierra Nevadatik, irten gara gaur. Isilune minutua egin dugu, eta onartu beharra daukat, askok malko bat edo beste isuri dugula Xaviren istripua oroitzen ari ginelarik.

Gehienetan, norbait joaten denean, bere gauza onak bakarrik goraipatzen ditugu, baina kasu onetan, ikaragarri atsegin, alai eta jatorra den mutila zen Xavi, eta berari buruz esandako gauza on guztiak egia borobilak dira.

Bere bizia eta ilusioak, garaje malapartatu hartako atea, eta bere autoaren artean geratu ziren, eta harekin batera, berekin zen Beñat Intxaustiren bizi eta bihotzaren zatitxo bat betiko geldituko dira Sierra Nevadan. Orduz geroztik gainean duen zama arintzeko, merezi duen garaipena besterik ez diot opa Beñati.

Eta zu Xavi, katalanez dakizkidan hitz gutxi horiekin agurtuko zaitut. Bai nik, bai zure tropeleko lagunen partez, te estimu mol Xavi, maite zaitut, estimatzen zaitut!