GARA > Idatzia > Iritzia> Zorroztarria

Julen MURGOITIO

Indar zentrifugoa!

Ez, kontu honetan ez dut ezker abertzalea ulertzen. Zelan izan liteke sozialistak eta popularrak kritikatzea, mugitzen ez direla leporatuta? Mugitu ezetz? Bai zera, mugitu eta agudo gainera. Nola otordu oparo baten osteko sabel-kolpearen estualdiak bultzatzen zaituen arinka eta uzkerti komunerantz, hala mugitu dira horiek guztiontzako komuna nahi duten konstituzio hori aldatzera. Erreforma espres. Baina ez, horren erreforma ez dator urteetan Estatuaren barruko periferiatik izan den eskaera formaletik, bai zera! Bilboko Aste Nagusiaren bezperako egunetan Estatuaren kanpoko erdigunetik izan den exijentziatik baizik. Egin eta kito! Bestela, kandela! Eta horra, Estatuaren balizko ezkerra eta dudagabeko eskuina eskutik, biribilketa alaian, zezen-larruaren begiradapean. Aitzakia berria topatu dute euren estatua oraindik zentripetoago egiteko, jakinda zentrifugoak periferiakoa kanporantz bultzatzen duela, berez, periferia zena zentroa izateko bidean. Horixe konfrontazio politikoaren beste ikuskera bat: han zentroaren alde peto-petoan, hemen zentrotik ihes egiteko etengabeko saioan, zentro propioaren bila. Periferia guztiak zentro izango diren bestelako mundurako bidean, baina planeta honetatik atera gabe, jakina!

Erreforma espres horrenak ezustean harrapatu ditu jelkideak, noiz eta Bildun bildutakoak izendatzeko adjektibo berrien bila jo eta ke ari zirenean: marxista-leninistak, maoistak, opusdeistak... tximistak, taxidermistak; eta eurak zer eta humanistak, txo! harrapa ezan/k! Eta ezuste-aldian zer egin eta berehala ezusteko erantzuna eman, eurentzat ere ezusteko; ganbarako kutxa zaharra zabaldu eta dzast! harrapatu lehena, eta sitsei hautsa astinduta, berori egin albiste. Gasteizeko Legebiltzarraren orain hogei urteko ebazpen bati suertatu zaio lehena izatea, erabakitzeko eskubidearen inguruko ebazpen fosildua bera. Nazio Batuen Erakunde izeneko horrek Israelen kontra, ez Palestinaren alde, aldizka ateratako ebazpenen hilobi berean datza beste hori ere. Hobian bego! Total, hori hartu eta horra! zuzenketa espres, ustezko debaterako. Ama, ama! zuzentzen hasita praka bete lan izango dute jelkideek koherentzia mantentzeko. Ezin da txosna Arriagatik urrun ipini eta aldi berean Arriagako espiritua mantendu. Galtzerdiak ez dira eskuetarako, mundu honetan behinik behin.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo