GARA > Idatzia > Euskal Herria

Manifestazioan parte hartzera deitu dute, gizartea aldaketaren giltzarria izan dadin

p019_f02.jpg

GARA | DONOSTIA

Euskal preso politikoen eskubideak bete daitezen eta lehenbailehen etxera gerturatuak izan daitezen, manifestazio nazionala abiatuko da gaur arratsaldean, 17.30ean, Donostiako Antiguako tuneletik. Egin Dezagun Bidea ekimenak antolatu du, «Eskubide guztiekin euskal presoak Euskal Herrira» lelopean.

Martxak atxikimendu ugari jaso ditu egunotan, eta alderdi politiko, sindikatu eta eragile sozialek ez ezik, kultur arloko pertsona askok ere babestu dute presoen aldeko ekimena.

Euskal Herriko bertakoen babesa jasotzeaz gain, itsasoaz beste aldetik ere hamaika mezu heldu dira, besteak beste, Uruguai, Argentina, Mexiko, Txile edota Ameriketako Estatu Batuetatik.

Euskal gizartearen parte-hartzera deitu dute guztiek, beraien ustez, indarrak batzea «ezinbestekoa» baita Estatu espainol eta frantsesaren kartzela politika behingoz amaitzeko. «Bertaratzen diren guztiak protagonista bilakatu behar dira, egun presoek pairatzen dituzten neurri horiei amaiera jartzeko», adierazi dute eragile eta bultzatzaileek.

Parot doktrinaren amaiera, gaixotasun larriak eta sendaezinak dituzten presoak eta zigorraren hiru laurdenak bete dituztenak aske uzteko ere eskatu dute.

Askatu berriak

Amnistiaren aldeko mugimenduak atzo jakinarazi zuenez, Haritz Lopez tolosarra aske geratu zen atzo, baldintzapean, baina fidantza ordaindu beharrik gabe. Idoia Iragorri ere aske geratu da, baina 3.000 euroko fidantza ordaindu behar izan du. Nahaia Agudo sestaoarrari ere 3.000 euroko bermea ezarri diote, baina espetxean jarraituko du beste auzi batengatik.

Hiru gazte independentistok 2009ko azaroaren amaieran burututako sarekadan atxilotu zituzten.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo