GARA > Idatzia > Iritzia> Ikusmira

Botereak, eskutik helduta Kukutzaren kontra

Kukutza eraitsi dute. Elena Galan epaileak baimena eman zuen goizean, eta agintariek ez zuten denbora galdu. Egun tristea izan zen atzokoa, kulturarentzat eta askatasuna maite dutenentzat. Epaiak argi utzi du Kukutzaren auzian botereek, «ofizialek» zein faktikoek, bat egin dutela gaztetxearen eta auzotarren kontra egiteko. Alkate, sailburu, polizia eta epaile, denak kapitalaren eta jabego pribatuaren morroi azaldu zaizkigu, horretarako beren miseria guztiak agerian utzi behar izan dituzten arren. Errealitatea desitxuratzen ibiltzea ere ez zaie asko kostatu, Iñaki Azkunak berak erakutsi duenez. Jabego pribatuaren defentsa sutsua egiteaz gainera, okupazioaren aldekoen jarrera laidotu nahian esan zuen, Kukutza bezalako kasuak onartuz gero, jendea bizi den etxebizitzak okupa ditzaketela. Azkunak badaki halako kasurik inoiz ez dela gertatu, ezta gertatuko ere, okupazioak eraikin utzietan gauzatzen direlako. Baina ematen du gai honetan denak balio duela, gezurra eta biolentzia barne. Argudio faltaren seinale dira Azkunaren hitzak.

Argudioen faltan, hondeamakinak eta poliziak erabili dituzte Kukutza III.aren kontra, oso bortizki erabili ere, atzo jazotakoak erakusten duenez. Baina gaztetxeak bihotzen bataila irabazi du, eta Kukutza IV.a izugarrizko babesarekin jaioko da. Edo jadanik jaio da.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo