GARA > Idatzia > Iritzia> Kolaborazioak

Julen Orbea Bilboko amnistiaren aldeko mugimendua

Aski da!

Ares, zein da zure aportazioa hainbeste sufrikarioz bizi den gatazka honetan? Zenbat lagun atxilotu, kolpatu eta torturatu dituzue Barne sailburu zarenetik?

Zoritxarrez, Kantauri itsasoko Herri txiki honek milaka aldiz oihukatu duen garrasi ozena. Berriro ere, aste honetan, errekaldetarrek, bilbotarrok, eta Euskal Herriko hainbat txokotan, Ertzaintzaren neurrigabeko bortizkeriaren ondorioz entzun duguna. Aski da! Kukutzaren eraistearen aitzakiapean, 31 atxilotu, hogeinaka kolpatu, zauritu larriak, beldurra eta ezinegona berriz ere.

Helikopteroa, bi tanketa, Berroziak, lehergailuak, gomazko ehunka pelotazo, gasa, dozenaka furgoi, kalez jantzitako hamarka polizia... auzo bat setiatuta, umeak eskolatik irteten, pelotazoak, tabernetara inpunitate osoz sartzen, borrak, erietxeko parte medikoak lapurtzen, irainak, auzotarren portaletara sartzen, pelotazoak, telefono mugikorrak lapurtzen, pelotazoak... aski da!

Ares, zein da zure aportazioa hainbeste sufrikarioz bizi den gatazka honetan? Zenbat lagun atxilotu, kolpatu eta torturatu dituzue Barne sailburu zarenetik? Zenbat eskubide urratu dituzue bi urte hauetan?

Elkartasunaren kriminalizazioa, muntaia polizialak, torturak, karga basatiak, neurrigabeko errepide kontrolak, ilegalki hartutako DNA, jarraipenak, mehatxuan oinarritutako kolaborazio eskaintzak... euskal herritarrak txibato bihurtzen saiatu zara; non dago zure webgune famatu hura? Hainbeste urte Euskal Herrian eta oraindik ez gaituzu ezagutu! Ez al dakizu azken egunetako indar erakustaldi horrekin zu eta zure soldaduenganako mespretxua areagotzen dela? Benetan uste al duzu goitik behera gezurra diren adierazpen batzuekin herri hau engainatuko duzula? Profesionalak direla, bai, errepresioaren espezialistak bihurtu dituzu zure txakurrak. Aski da!

Benetan uste al zenuen bortizkeria, gezurrek eta umiliazioek Herri honen askatasun nahia isilaraziko zuela? Aski da! Ares, grekoen gerraren jainkoa, zure aurretik ere, antzera etorri ziren Atutxa, Balza, eta zu joango zaren bezala joan ziren. Herri honek ez ditu faxistak onartzen eta belaunaldiz belaunaldi askatasunaren alde borrokan jarraitu dugu. Zuen eskaintza bakarra ukazioa eta errepresioa besterik ez dira. Horren aurka zutitzen den orori errezeta bakarra eskaintzen diozue. Aski da! Nazkatuta gaude herritarren zaintzarako sortutako Ertzaintzaz! Nazkatuta gaude, urte asko daramagulako gorputz polizial horren izaera eta jokabidea salatzen. Aski da!

Baina Euskal Herria ziklo politiko berri baten atean joka dago. Ezker abertzaleko kideok hamarkadak daramatzagu estatuen biolentzia pairatu eta salatzen, eta orain abiatutako bidea egiten hasteko, balditza demokratiko minimo batzuk exijitu behar ditugu. Errepresioaren adierazpen ororekin amaitu beharra dago eta horretarako eraso guztien aurrean erantzun zabal eta sendoa artikulatu behar dugu. Ireki dugun prozesu demokratikoaren hasieratik, errepresioa, ezker abertzalea zatitzeko eta Gobernu espainolarentzat erosoagoa den iraganeko eszenatoki batera bueltatzeko probokazioak gero eta larriagoak dira. Biolentziaren erabilpenaren monopolioa inpunitate osoz erabiltzen dute helburu horrekin, eta Ertzaintzak errepresio horren bandera aspaldi hartu zuen Madrileko agintarien papera ongi betez. Gainera, beste alde batera begiratu eta basakeria horiek txalotzen dituzten klase politiko eta komunikabide arduragabe batzuen laguntza osoarekin. Amnistiaren aldeko mugimendutik zuhurtziaz jokatu eta benetako eszenatoki demokratiko baten alde lanean jarraituko dugula adierazi nahi dugu.

Ez dugu onartuko errepresio eta bide polizialean oinarritutako bakerik, eta Gobernuen estrategia errepresiboa indarrean dagoen bitartean herritarron harresi sendoa eraikitzen jarraituko dugu guztion artean. Norabide horretan, jazarpena sufritzen dutenei babesa ematera, kasu bakoitza salatzera eta Madrileko Gobernua arduradun eta erantzule gisa kokatzera deitzen dugu, errepresioarekin bukatu eta gure Herria benetako agertoki demokratiko batera eraman arte. Besarkada bat atxilotuei, kolpatuei, Errekaldeko auzokide kaltetuei eta Kukutzagatik malko bat edo beste bota duzuen guztiei. Errepresioaren gainetik, jarraitu amesten! Lortuko dugu!

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo