GARA > Idatzia > Mundua

Wangari Maathai ingurumenaren aldeko borrokalari sutsua hil da

Wangari Maathai, «Zuhaitz-emakumea» ezizenaz ezaguna zen eta 2004an Bakearen Nobel saria jaso zuen kenyarra, hil zen igandean. Ingurumenaren eta emakumeen eskubideen aldeko borrokalariak herrikideen eta nazioartearen esker ona jaso zuen.
p020_f01-46x80.jpg

GARA |

Wangari Maathai ekologista, 2004an Bakearen Nobel saria jaso zuen emakume kenyarra, 71 urte zituela hil zen igandean, minbiziaren aurkako tratamendua jasotzen ari zen ospitalean.

Nobel saria jaso zuen lehenengo emakume afrikarra izan zen Maathai. Garapen iraunkorra sustatzeko planen bitartez demokraziari eta bakeari egindako ekarpenagatik eta emakumearen gizarteratzearen aldeko borrokagatik eman zioten saria.

Egun, Mwai Kibaki buru duen Kenyako Gobernuko Ingurumen eta Natura-Baliabideen ministro eta diputatua zen Maathai. Gainera, Afrikako Batasuneko Ekonomia, Gizarte eta Kultura BAtzordearen emakumezko lehenengo presidente hautatu zuten 2005ean. 1977an Gerriko Berdea Mugimendua sortu zuen; mugimendu horrek 30 milioi zuhaitz baino gehiago landatu zituen Kenyan eta 47 milioi, Afrika osoan, zoruaren higadura saihesteko. Kanpaina hori dela-eta, «zuhaitz emakumea» ezizena jarri zioten.

Naturaren indarra

Achim Steiner Nazio Batuen Ingurumenerako Agentziako zuzendariaren esanetan, «naturaren indarra izan zen». «Beste batzuek beren ahalmena eta bizitza kaltetzeko eta epe laburreko probetxua ateratzeko erabiltzen duten bitartean, berak horiek oztopatzeko, jendea mugiarazteko eta ingurumena eta garapen jasangarria defendatzeko erabili zuen», jarraitu zuen.

Mwai Kibaki Kenyako presidenteak «ingurumenaren babesean ezabatu ezineko marka utzi duen nazioarteko ikonoaren desagertzea» deitoratu zuen.

«Modu pertsonalean deitoratzen dut desagerpen hori; oso eraginkorra zen ingurumenaren aldeko borrokan», esan zuen Nnimmo Bassey Lurraren Lagunak erakundeko presidenteak. Sari ugari jasotzeaz gain -Nazio Batuen Erakundeak bakearen mezulari izendatu zuen 2009an-, oso ospetsua zen ere kenyar arrunten artean. «Wangari Maathai herri txiki batean jaio zen, baina itzala utzi du nazioarteko esparruan» irakur zitekeen bere omenez Facebooken irekitako orrialde batean.

Aldi berean, Daniel Arap Moi presidente ohiaren erregimen autoritarioaren aurka borrokatu zen 80ko eta 90ko hamarkadetan. Horren ondorioz, jipoiak eta kartzelatze ugari pairatu zituen.

Alderdi-aniztasuna iritsi zenean eta Mwai Kibaki presidente hautatu ondoren, Ingurumeneko Estatu idazkari izendatu zuten 2003 eta 2005 bitartean, baina esperientzia garratza atera zuen. Gero, ingurumenaren eta giza eskubideen aldeko borroka Kenyaz haraindi eraman zuen eta Kongoko Bassin basoa -munduko bigarren oihan tropikal handiena- salbatzeko enbaxadore izendatu zuten.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo