Joxemari Carrere Ipuin kontalaria
Egin ditzagun bat, mila Kukutza
Oker ez banago behin egon nintzen ipuinak kontatzen Kukutzan. Saioa nola joan zen ez dut argi gogoan, baina oroimenak ondo ekartzen dizkit gaztetxean barrena egin zidaten itzulialdia. Gaztetxeen belaunaldikoa izanik arrunt interesatua nintzen halako eraikin erraldoia ezagutzeko. Eta txundituta geratu nintzen antolamenduarekin. Harrigarria zen aktibitate ezberdinen eskaintza, beraien arteko koordinazioa eta auzoarekin zuten enpatia. Benetan kultur zentro bizia zen. Gure herrian egin izan genituen esperientziekin gogoratu nintzen, eta halako zerbait izanik gogoan, aurrez aurre ikusteak hain oker ez geundela frogatu zidan. Eta orain Kukutza eraitsita, jasotako errepresioa eta inpotentzia sentsazioa baztertu nahian, urteak atzera egin du oroimenak, Errenteriako gaztetxea suntsitu zuten garaira, orduan ere, polizia beste kolorekoa bazen ere, eskola berekoa.
Hainbeste urte igaro ondoren, oraindik ere erantzun bera jasotzen da esparru propioak, komunitatetik eta komunitatearen zerbitzuan pentsatzen eta garatzen diren espazio ez instituzionalak antolatzen direnean. Merkatuaren legetik kanpo jartzen dena piztia akabagarria da, eraikinen espekulazioaren kontra ageri dena, gazte zikin tximaluzea; ondasun pribatua jainkoa da, komunitarioa, berriz, deabrua. Jakina, mitifikazioetan erortzeko arriskua dago, akatsak ez ikustea, baina horrek ez du kentzen halako egitasmoen zilegitasuna. Kukutza gaztetxearen egitasmoa defendatzea komunitatearen aldeko egitasmoak garatzeko eskubidea defendatzea da, autoantolakuntza, bere argi eta ilunekin. Askatasuna ez baita urrezko hitzetan agurtzen den jainkoa.