GARA > Idatzia > Iritzia> Ikusmira

Lan istripuak: lau eguneko balantze ikaragarria

Aste honek lan istripuen balantze ikaragarria utzi du, lau egunean beste horrenbeste langile hil baitira. Asteartean Abadiñon (Bizkaia) behargin bat, asteazkenean Soraurenen (Nafarroa) kamioilari bat; atzo, berriz, beste bi langile hil ziren, lehena Bilboko metroan, geltoki berria eraikitzeko gunean lanean ari zenean, eta bigarrena, bere kamioiak beste kamioi batekin egin zuen talkaren ondorioz, Gasteizen. Langileek, gizarte osoak, ezin dute etsi lan ezbeharren aurrean, eta aste honetan hildako lau lagunak, orain arte hildako langile guztiak bezala, ezin dira gelditu kopuru beldurgarri baten osagarri huts gisa. Edozein motatako langileen eskubideak ez dira apeta, eta lan segurtasuna, prebentzioa eta langileen osasuna errespetatzea ez da neurriz kanpoko eskaerarik, ezta negozia daitekeen gairik ere. Inork ez lituzke eskubide horiek erabili behar etekinak emendatzeko faktore gisa; izan ere, delitu larria da jokaera hori, baina zigorgabetasun nabarmenaren mesedea duena. Oso larria da enpresaburu eta administrazio-arduradun askoren arduragabekeria, are larriagoa lan prebentziorako legeak indarrean egonda, batzuek bete ez eta besteek ez baitituzte betearazten. Eskubide horien murrizketak eta horiei muzin egiteak ekar ditzaketen ondorioak ez dira nolanahikoak, aste honetan lau aldiz, aurten 49 aldiz, frogatuta geratu den bezala.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo