GARA > Idatzia > Kultura

Ana Urkizak ideiak, minak eta beldurrak bildu ditu ŤAtzorako geratzen denať liburuan

p054_f02_097x092.jpg

M. L. | DONOSTIA

«Altxor txiki bat da», hasi zen esaten Urkiza atzo egindako aurkezpen ekitaldian. «Atzorako geratzen dena» (Alberdania) bere liburu berria da, aforismoekin egindakoa. «Ez dago tramarik ez eta pertsonaia nagusirik ere», gehitu zuen egileak. «Ideiaz, irudiz, gertakizunez, minez, inkoherentziaz, beldurrez... beteriko liburua da, azpian pentsamendua baitago», zioen. Baina esaldi kategoriko hauen azpian saiakera, poesia eta narratiba ere badago.

Itxuraz, eta itxuraz baino ez, aforismo hauek ez dute inongo erlaziorik, liburua irakurtzeaz amaitzean ikusiko baitu irakurle bakoitzak guztien artean dagoen harremana.

Liburuaren azalean agertzen diren harri txikiak dira ondarroarrak idatzi dituen aforismoak eta hauek taldeka bildu ditu orrialde bakoitzean.

Mundua buruz behera jarri

Ana Urkizak berak azaldu zuenez, aforismo hauek «ez zaituzte berdin uzten. Mundua buruz behera jarri eta nolakoa den ikusteko saiakera bat da. Buruz behera jarriz gero, mundua nola ikusten dugun jakiteko saiakera, alegia».

Umorez bustiak daude aforismo hauek, ironikoak dira batzuk, amaierarik gabeak besteak. «Ez da deus berririk ikasi behar, dakiguna gogoratzea ez baita nahikoa» dio batek. «Gizonak eta emakumeak berdinak gara. Bai eta ez. Arazoa, funtsean, semantikoa da», dio beste batek. «Ez da sekretua batzuek premia larriagoak ditugula beste batzuek baino. Premia larridunak urgentzietatik pasatzen dira eta besteak hilerritik», dio azken batek.

Barrualdea mugitzeko asmoa du liburuxka honek, poliki irakurtzeko eta pentsatzeko egindakoa baita.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo