GARA > Idatzia > Kultura

Jose Ariztimuńo «Aitzol» olerkaria ezagutarazteko ekimen ugari, bere heriotzaren 75. urtemugan

Gaur 75 urte hil zuten Aitzol apaiz olerkaria, 1936ko urriaren 17an. Bere izena eta obra ezagutarazteko helburuarekin, jardunaldi andana antolatu dute egunotan, «Euskal Pizkundea eta Aitzol» izenburupean.

GARA | DONOSTIA

«Ondarretako kartzelan gatibu egondako Jean Pelletier frantsesak, torturatzen ari ziren gizon baten sufrimendua deskribatu zuen (`6 meses en las prisiones de Franco'). Koldo Izagirreren `Sua nahi, Mr. Churchill?' liburuko `Martiria' narrazioan ere honela irakurriko duzu: `eta orduan ikusi nian Aitzol, aurpegi osoa handitua, maspildua, eskuineko begia hutsik (...) Hidalgok saltarazi ziok begia, nire aurrean. (...) Giltza ingeles batekin jota lehertu zioan begia'. Biharamunean fusilatu zuten Aitzol, Hernaniko hilerrira eramanda, 1936ko urriaren 17an, duela 75 urte. Astebete geroago, urriaren 24 eta 25 arteko gauean, Lizardiren `Itz-lauz' liburuari hitzaurrea idatzi zion Jose Markiegi eraman zuten Ondarretatik Oiartzungo kanposantura; Telesforo Monzonek `La delación' olerkian ekarri zuen gogora Markiegiren hilketa». Modu horretan ematen zuen ezagutzera Susa argitaletxeak, aste honetako Literatura Emailuetan, Jose Ariztimuño Aitzol olerkariaren heriotza.

Jose Ariztimuño Olaso, Aitzol ezizenez ezagunagoa, Tolosan jaio zen 1896ko martxoaren 18an, eta Hernanin hil zuten 1936ko urriaren 17an. Idazlanak euskaraz zein gaztelaniaz utzi zituen idazle eta kazetaria izan zen elizgizona, eta hizkuntz normalizazioaren aldeko ekimenak bultzatu zituen, besteak beste euskararen ofizialtasuna eskatuz.

Aitzol Gasteizen apaiztu zen 1922an, eta hurrengo hamarkadaren hasieran Euskaltzaleak elkarteko zuzendaria izan zen; 1933an «El día» eta «Yakintza» aldizkariak sortu zituen. 1936an faxistak boterea indarrez hartzen hasi zirenean Donostian zegoen eta Beloken errefuxiatu zen, baina gipuzkoar hiriburua faxisten esku gelditu zenean, Bilborako bidean Pasaia inguruan preso hartu zuten. Donostiako Ondarretako kartzelan sartu eta torturatu egin zuten; handik gutxira Hernanin fusilatuta hil zuten arte.

Gogoratuz

Aitzol ezagutzera eman eta bere lana omentzeko ekimen ugari antolatu dira egunotan. Iragan ostiralean Euskaltzaindiak Bilbon omendu zuen tolosar apaiza, EHUrekin batera. Jardunaldiak «Euskara biziberritzeko bi ekinaldi XX. mendean» izenburua zeraman: «Aitzol eta bere lagunak: Euskal pizkundea (1927-1936)» eta «Mende bukaerakoa (1980-2011)». Asteon berriz, San Telmo Museoan antolatu dituzte jardunaldiak, «Euskal Pizkundea eta Aitzol» izenburupean.

SAN TELMO MUSEOA

Donostiako San Telmo Museoan, eta «Euskal Pizkundea eta Aitzol» izenburupean, jardunaldi batzuk antolatu dira asteon, tolosar apaizaren izena eta lana ezagutzera eman eta bizi izan zuen garaia hobeto uler dadin.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo