GARA > Idatzia > Eguneko gaiak

KRONIKA | EZKER ABERTZALEAREN EKITALDI NAZIONALA

Gaurko konpromisoak zehaztuta, martxan da ezker abertzale berria

Iruñean zuten zita atzo ezker abertzaleko militante eta ordezkariek. Refena aretoa agertoki gisa hartuta, ezker abertzalearen bilakaeraren eta Euskal Herriaren azken hamarkadetako ibilbidearen irudiak berreskuratu zituzten. Aitzinera begiratu eta etorkizunari aurre egiteko beharrezko urratsei heltzeko.

p004_f01.jpg

Ana ABARIZKETA I

Arratsaldeko bostak igaro berri zirela zabaldu ziren Iruñeko Refena eraikineko ateak. Ikurrinez eta Nafarroako banderez babestutako eserlekuak hartu eta zurrumurruek ez zuten luze jo. Izan ere, berehala, Mikel Laboaren melodien laguntzarekin, Euskal Herriko jendartearen erraietan ondo gordeta dauden hainbat irudi agertu ziren guztion aurrez aurre, tartean hamarkada batzuk atzeragokoak, hala nola, Ez Dok Amairu mugimendukoak, Korrikaren lehen pausoak edota langileriaren mobilizazioak. Egungoak ere azaldu ziren, tartean, Errekalde auzoko Kukutza gaztetxekoak.

Pantaila handiaren aurrean, ezker abertzaleko ordezkariak, eta, atzean, 2.000 lagunetik gora, militante eta jarraitzaile. «Gaurko konpromisoa, biharko Euskal Herria» lelopean, emozioa izan zen bildutakoen artean nagusi, baita hizlarien aurpegi eta ahotsetan ere. Hitzetan erreparatuz gero, aldiz, «konpromisoa» izan zen behin eta berriz aretoko pareten artean entzun zen hitza.

Hitzez eta sentimenduez gain, objektu bat ere gehitu zen atzoko ekitaldira. Ekitaldiko kartelean agertzen zen Rubiken kuboa izan zen, mugimenduz mugimendu, gai-jartzaile lanetan aritu zena. Gazteria, amalurra, amnistia, independentzia eta sozialismoa agertu ziren hurrenez hurren kuboan, eta, hala, herri honen historia ezaugarritu duten gertakari eta pertsonak gogoratu ahal izan zituzten bildutakoek: Lemoizeko eta Garoñako zentral nuklearren aurkako borroka, AHTren kontrako ekimenak, 1977. urteko Askatasunaren Ibilbidea, euskal preso politikoen aldeko mobilizazioak, Lizarra-Garaziko akordioa, Jon Idigoras militante historikoa, ETAren erabaki historikoa, sarekadetan atxilotutako gazteak... Irudiek zutik jarri zituzten bildutakoak, txalo ozenen artean.

Bidean bizitza galdu dutenak, euskal preso politikoak eta iheslariak ere omendu zituzten. Babesik beroena beraiei eskaini zieten bildutakoek, behin baino gehiagotan deiadarren bidez ekitaldia moztuz. Euskal preso politiko ohiak ere izan zuten bere unea eta «Presoak eta iheslariak etxera!» zioen pankarta igo zuten oholtzara, arratsaldeko txalo zaparradarik beroenetakoa jasoz. Itziar Aizpurua Jokin Gorostidiren bikotekideari, Elena Bartolome Josu Muguruzaren emazteari eta Aitziber Ibaibarriaga Txabi Etxebarrietaren ilobari arrosa bana eman zieten atzean «Agur eta ohore» irakur zitekeen pankarta zutela.

Hain zuzen ere, Itziar Aizpurua ezker abertzaleko militante historikoak hartu zuen aurrenekoz hitza. Ezker abertzaleren bilakaerari errepasoa eman eta bere jaiotzatik gaur eguneraino emandako urratsak aipatu zituen, bidean galdutako kideak gogoratuz. «Egia osoa jakitea beharrezkoa dugu», adierazi zuen ozenki. Jarraian, «Espainia handiak» eta «Frantzia ahaltsuak» Euskal Herria «bereganatzea» lortu ez dutela irmoki adierazi zuen.

Ezker abertzaleko militanteak ere izan zituen gogoan, beraiek gabe egungo bilakaerara iristea «ezinezkoa» izango litzatekeela baieztatuz. Bere azken hitzak herri kontzientziari eta mobilizazioari eskaini zizkion, bere iritziz, «ezinbesteko baldintzak» ezker abertzalearen ibilbidean.

Itziar Lopategi izan zen hitza hartzen hurrengoa. Ziklo politiko bat itxi eta aukera politiko berriak ireki direla azaldu zuen, eta, jarraian, Euskal Herrian ireki den egoera berriak independentziara bidean jarri gaituela iritzi zion. Bide horretan «guztion» indarra batzea beharrezkoa dela baieztatu zuen.

Ordezkarien agerraldia

Bi emakumeen hitzaldien ondotik, ezker abertzaleko oraingo eta lehengo ordezkariak igo ziren agertoki gorrira txalo zaparrada ozen baten erdian. Ehundik gora igo ziren, tartean Pernando Barrena, Txelui Moreno, Idoia Aiastui, Niko Moreno, Tasio Erkizia edota Miren Legorburu.

Rufi Etxeberria izan zen azken hitzaldiarekin ekitaldiari amaiera jartzeko ardura izan zuena. Iraganaren errepasoa eginagatik, etorkizuna izan zuen hizpide Etxeberriak. Bidea ez dela erraza izan azaldu zuen, eta, ondotik, «baldintza oso zailetan hausnarketa luze, sakon eta korapilatua egin ondoren», ezker abertzaleak «aho batez estrategia aldaketa sakona» egitea erabaki duela azaldu zuen.

ETAren erabaki historikoaren ondotik, «gehiengo independentista eta ezkertiarraren uholdea» datorkiela ohartarazi zien gainontzeko alderdi politikoetako ordezkariei. Gatazkaren konponbideari dagokionez, «soilik gatazkari bere sustraietatik helduz eta konponbide demokratikoa emanez» lortuko dela «behin betiko irtenbideen agertokia» aipatu zuen.

Bestalde, fase politiko berrian, plano politikoan, sozialean, sindikalean, ideologikoan zein instituzionalean aliantza politikoak egitea beharrezkotzat jo zuen Etxeberriak.

Gaur egungo globalizazio kultural eta ekonomikoaren eragin «kaltegarrien» aurrean, «ezker abertzale berria» osatzea eta «indartzea» proposatu zuen. Bere ustez, gainera, horixe izango da «iraultza demokratiko nazionalaren motor ideologiko, politiko, sozial eta instituzionala».

Erronka berri horretan, jendarteak dituen «milaka» arazoen aurrean presente eta aktibo egon behar duela nabarmendu zuen. Hala, independentzia eta sozialismoaren bidean, Estatu espainol eta frantsesarekin negoziazio politikoari «eutsi» beharko zaiola ere aipatu zuen.

«Etorkizuna gurea da» oihukatuz amaitu zuen hitzaldia Etxeberriak, aurretik Euskal Herriaren iraganarentzako «etorkizuna erdiestea» helburu duen proiektua defenditu nahi dutela azpimarratuz. Bi ordu inguruko iraupena izan zuen ekitaldia «Eusko gudariak» eta «Internazionala» abestuz amaitu zen, jada arratsean ondo sartuta.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo