Atutxatarrek izerdi asko bota behar izan dute txapelari eutsi ahal izateko
J.L. I
Ez zen ezusterik izan Bizkaiko Binakako Aizkolari Txapelketan, eta Kepa eta Aitzol Atutxak osatutako bikotea nagusitu zen. Aita eta semea, biak ziren lehen ere txapeldunak, eta aurtengoa irabazteko faboritoak ere baziren.
Zazpi bikote aritu ziren lanean, eta bakoitzak sei kana erdiko eta bi 60 ontzako moztu behar izan zituen. Faboritoek berea egin zuten, baina uste baino lan gehiago egin behar izan zuten, minutu erdi eskasera sailkatu baitziren Larrea eta Aldape.
Bizkaiko Trontzalari Txapelketako finalean ere ez zen aparteko ezusterik izan, Astondoa eta Etxebarria faboritoen artean baitziren eta beraiek jantzi baitzuten txapela. Bikote bakoitzak hamar epai eman behar izan zizkion 60 ontzakoari etzanda jarrita, eta, hamabi, kana erdikoari. Sei etzanda jarrita, eta beste horrenbeste, berriz, enborra zutik jarrita.
Magunazelaiaren marka
Herenegun Getxon izan zen jaialdian, Urdax Magunazelaiak ere marka ahalegina egin nahi zuen 170 kiloko harri errektangularrarekin eta bere helburua ongi bete zuen.
14 urte besterik ez ditu, eta jadanik lan handiak egiten ari da. Herenegun bost minutuko txanda bakar batean jaso nahi zuen harria, eta egindako lana eta emandako itxura paregabeak izan ziren; 14 segundotan harria bizkarrean berdinduta zuen, eta, horrekin, noski, marka egina zuen. Ez zuen ahalegin gehiago egin, eta errekorra jasoaldi batean geratuko da. Litekeena da urtea amaitu aurretik beste saiakeraren bat ere egitea.