GARA > Idatzia > Kultura

Joseba Sarrionandiaren narrazio uzta, liburu bakar batean bilduta

Elkar argitaletxeak Joseba Sarrionandiaren hiru narrazio liburuak ale bakar bihurtu ditu. «Narrazio guztiak (1979-1990)» izenburupean «Narrazioak», «Atabala eta euria» eta «Ipar aldeko orduak» lanak batu dira orain, zentzu berri bat emanez Sarrionandiaren lanari.

p045_f02_148x108.jpg

M. LARRINAGA | DONOSTIA

«Narrazio guztiak (1979-1990)» liburuak Joseba Sarrionandiaren obra hobeto ulertzen laguntzen duela adierazi zuen atzoko aurkezpen ekitaldian Xabier Mendiguren Elizegik, Elkar argitaletxeko editoreak. «Istorio guztiak batuta obrak irabazi egiten du», esan zuen.

«Narrazioak» izan zen kaleratzen lehena, Cadizko Puerto de Santa Maria espetxean idatzi zuen 1981 eta 1982 artean. Hizkera berri bat landu zuen, dotore bezain adierazkorra, kolorez eta oihartzunez betea; teknikan, berriz, esperimentaziotik fantasiaraino egiten zuen hegan, hango eta hemengo erreferentzia literarioz zipriztinduta.

«Atabala eta euria» aldiz, 1983 eta 1984 urte bitartean idatzi zuen Herrera de la Manchako espetxean; eta azkena, «Ipar aldeko orduak», ihes egin eta gero idatzi zuen, erbestean.

Baina, horiez gain, argitalpen berri honek liburuok idatzi baino lehen sortutako hiru ipuin ere biltzen ditu: «Luigi Anselmi» («Pott», 1979), «Maggi, indazu kamamila» (Xaguxarra, 1980) eta «Enperadore eroa» (Cuentos Incombustibles, 1981), alegia.

Ziklo arturikoa bistan

Mendigurenek azaldu zuenez, guztiak baturik, liburu batetik bestera doazen hariak ageriago ikus daitezke orain. Adibidez, Artur erregeari buruzko ziklo bat osatzen dute hainbat ipuinek: Ginebra erregina, Artur, Lanzelot edota Merlin denbora zehatzik gabeko Durango aldean kokatzen ditu horietan. Bestetik, baserri giroko haurtzaro imajinatu batean kokatzen ditu beste istorio batzuk, edota militante baten bizikizun kamuflatuak izan litezkeen istorioak ere jorratzen ditu Sarrionandiak liburuetan zehar. Orain, gai komun horiek dituzten kontakizunak errazago topatzen eta identifikatzen direla azaldu zuen Elkarreko editoreak.

Argitaletxeak egungo ortografiara moldatu nahi izan ditu idazkiak, eta, horretarako, Juan Luis Zabala aritu zen lehen bertsioan, behintzat. Gero, ordea, Sarrionandiak berak sartu zuen eskua eta estiloa «goitik behera» aldatu zuela adierazi zuen Mendigurenek. Nolanahi ere, zenbait hitz arau ortografiko zaharren arabera berridatzi zituen, Zabalak egindako aldaketak berriz ere bere onera ekarriz.

Azkenik, liburuko azala egiteko Sarrionandiaren nahia bete du argitaletxeak. Izan ere, idazleak berak azaldu zuen «Zeruko Argia» aldizkarian kolaboratzaile izandako garaian lankide izan zuen Vicente Ameztoyren koadro bat gustatuko zitzaiola bertsio berri hau ilustratzeko.

ZAHARRAK KALERA

«Narrazio guztiak (1979-1990)» liburua ez da Joseba Sarrionandiaren obra zaharrak berriz ere kaleratzen diren lehen aldia. Izan ere, Susa argitaletxeak «Kartzelako poemak» bilduma ere kaleratu zuen berriz ere orain dela gutxi.

AGORTUTA

Hainbeste buruhauste eman zituen Euskadi saria irabazi zuen «Moroak gara behelaino artean?» lanaren lehen edizioa agorturik dago jadanik. Ondorioz, Pamiela argitaletxea hasi da bigarrena prestatzen.

SALGAI

«Narrazio guztiak (1979-1990)» Elkarrek kaleratu zuen atzo eta Literatura 305 bilduman topa daiteke, 22,50 euroan. Guztira 336 orrialdeko liburua izan da lan guztien batuketaren emaitza.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo