GARA > Idatzia > Kultura

Euskal Herria, Katalunia eta Galizia bat eginik Gasteizko poesia errezitaldian

GARA | GASTEIZ

«Euskal Herria, Galizia eta Katalunia, tradizioaren eta modernitatearen arteko bide elkarketak» izenburuko poesia emanaldia izango da gaur 18.00etan Gasteizen, EHUko Letren Fakultateko areto nagusian. Sarrera doakoa da, eta edukiera bete arte nahi duena sar daiteke.

EHUko iturriek jakinarazi dutenez, ekitaldian Maialen Lujanbiok, Maria Lado eta Lucia Aldao galiziarrek eta Josep Pedrals kataluniarrak parte hartuko dute. Ekitaldia Arabar Esperientzia Gelek eta EHUko galiziar eta kataluniar irakurletzak antolatu dute. Banakako saioak eta taldeko saioak entzuteko aukera izango da, eta errezitaldiaren bukaeran jai txiki bat ospatuko dute. Festa honetara ere gonbidatuta daude ekitaldiko ikusleak.

Antolatzaileen arabera, egile gazte hauen topaketa aukera ona da poesiara hurbiltzeko bide desberdinak ezagutzeko, bakoitza bere kulturaren ordezkari aproposa baita. Gainera, belaunaldi baten eta lurralde desberdinen ezaugarri komunak ezagutzeko asmoa dute.

Maria Lado (A Coruña, 1974) Galiziar Filologian lizentziaduna da, poeta eta rapsoda; Josep Pedrals (Bartzelona, 1979), poeta, rapsoda, dramagilea eta musikaria.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo