GARA > Idatzia > Euskal Herria

Polizia operazioa prozesuaren aurkako Parisen «eraso argia» izan dela salatu dute Senperen

Esparru askotariko 110 bat lagun bildu ziren atzo Naia eta Audrey Lacroix ahizpen atxiloketak arbuiatzeko. «Konponbidearen kontrako eraso argitzat» jota, otsailaren 25ean salaketa karrikaratzera deitu zuten.

Arantxa MANTEROLA | SENPERE

Joan den asteartean Senperen hasitako polizia operazioa prozesu demokratikoa trabatzeko Estatu frantsesaren «eraso argia» dela salatu zuten atzo, espetxeratu berri izan den Naia Lacroixi eta bi egunez atxilotua izan zuten bere ahizpa Audreyri elkartasuna adierazteko elkartu ziren esparru askotariko 110 lagunek, tartean, gazte andana.

«Jendarmeen `zirku' berri honekin, errepresioaren eta bortizkeriaren estrategia ez duela bazterrean utzi erakutsi digu berriz Estatu frantsesak», erran zuen Inge Arinek, ezker abertzalearen eta Segiren izenean.

Duela aste batzuk Donibane Garazin izandako atxiloketak edota hainbat espetxe frantsesetan (Villepinte, Poitiers, Fleury, Dijon...) presoak pairatzen ari diren egoera gogorrak gogora ekarrita, euskal gatazka konpontzeko bidean Euskal Herrian egiten ari diren ahaleginak zapuzteko «eraso orokorraren» ildoan kokatu zituen Parisen «ekintza errepresiboak».

Mobilizazio jendetsuak

«Herri honen askatasunaren aldeko borroka gelditu nahi dute bi estatuek, baina aitzina goaz, eta ezker abertzaleko kideok konponbidearen aldeko indar metaketa sustatzen jarraituko dugu», gaineratu zuen ezker abertzalearen bozeramaileak, Lacroix ahizpen atxiloketen aurrean izan diren mobilizazio jendetsuak nabarmenduta.

Arinena ez zen izan Naia Lacroixi sostengua adierazteko hitz-hartze bakarra. Gaztetxeko eta Oxtikeniako kultur talde guztien izenean, Naia Bergarak bere kideak taldeko ekimenetan aktiboki lan egiten duela azaldu zuen, eta jarraian, «Atxik gogor neska!» mezua igorri zion.

Herriko Etxea ordezkatuz, Mirentxu Ezkurra hautetsiak «Naiaren eskubideak errespetatuak izan daitezen», afera hau gertutik jarraitzen dutela ziurtatu zuen, eta atxiloketak egin ziren «modu higuingarria» salatuta, «prozesu demokratikoaren alde denek beren ahalegina» egin behar dutela erantsi zuen.

Senpere Egun eta Bihar udal talde abertzaleko hautetsi Jean-François Berebede eta Eliane Etxeberriaren esanetan, «operazio ikusgarri» horiekin «gazteria beldurtzea eta Euskal Herriaren aldeko ideietatik aldentzea» lortu nahi dute.

Pentsaurrekoa Audrey Lacroixek hasi zuen, atxiloketak eta etxeko miaketa nola igaro ziren kontatuz. Jendarmeek dena arakatu zutela, eta DNA laginak eskatu zizkietenean, bi ahizpek errefusatu egin zuten arren, beren arropak eta mihiseak hartu zituztela adierazi zuen.

Eraso ezezaguna

«Naiari leporatzen dioten eraso saiakera DNAren aztarna batean oinarritzen du Poliziak. Baina nondik du bere DNA, berak inoiz laginik eman ez duenean?», galdetu zuen.

Horrez gain, «ez Herriko Etxean, ez herritarren artean, ezta prentsan ere», Senperen inork ez omen zuen eraso saiakera horren berri, ziurtatu zuten Audrey Lacroixek eta zinegotziek. Are, aurreratu diren datak ere «kontraesankorrak» omen dira, «batzuetan 2010. urtea erraten baitute, eta jendarmeek familiari 2011. urtea aipatu zioten».

Senpereko agerraldiaren ildo beretik, bezperan beste bat egin zuten hogei bat alderdi, sindikatu eta eragile sozialek Donostian. Naia Lacroix berehala askatzeko exijitzearekin batera, «errepresioaren eta ezeztapenaren lubakia gainditu eta normalizaziorako bidean konponbidearen alde urratsak» egitera dei egin zieten estatu frantses eta espainolari.

MANiFESTAZIOA

Naia Lacroix askatzea eta Parisi zein Madrili «errepresioa baztertuz, konponbidearen aldeko urratsak» egiten has daitezela exijitzeko manifestazioa egingo dute Senperen, datorren larunbatean, otsailak 25, arratsaldeko bostetan.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo