GARA > Idatzia > Kultura

Bidaurreta eta Viorica, «Tombola» eta «Psycho», biniloan bat eginik

Luis Mariano, Jesus Guridi, Quincy Jones edo Monty Normanek sortutako piezak berrikusi ondotik, Jimmy Bidaurreta piano-jotzaile donostiarrak pop izaera nabarmeneko konposizio bilduma bitxia osatu du. Hamar hazbeteko biniloak «Jimmy Bidaurreta meets Viorica» izena du, bi artista hauen topaketa delako, baina gehiagorena ere bai: «Tombola»-rena eta Burt Bacharach-en «The look of love» baladarena, «Psycho» misteriotsuarena eta Serge Gainsbourgena.

p048_f01.jpg

Maider IANTZI | DONOSTIA

Gaztelupeko Hotsak-en Dantza Baltza zigiluaren laugarren alea aurkeztu zuen atzo Jimmy Bidaurreta (Donostia, 1971) piano-jotzaileak. Topaketa xelebre gisa definitu zuen hamar hazbeteko biniloa: bertan, bat egiten dute azken hamarkadetan Euskal Herrian jazz, funk, musika elektroniko eta latinoaren inguruko makina bat proiektutan ibilitako artistak eta Viorica Atanasov abeslari moldaviarrak. «Tombola» eta «The look of love» moldatu dituzte elkarrekin.

Lehendabiziko abesti alaia Augusto Alguero konpositore eta orkestra zuzendari katalanak sortu zuen 70eko hamarkadan, baina Marisolek ezagutarazi zuen. Bertsio berrian, Bidaurretak zuzentzen duen Gasteiz Big Band orkestrak parte hartu du. Bigarren kanta, aldiz, Burt Bacharach pianista estatubatuarraren 1967ko baladaren bertsioa dugu. Dusty Springfieldek abestu zuen eta James Bonden saileko «Casino Royale» filmean azaldu zen.

Bi kantu horiek osatzen dute biniloaren A aldea, eta bertan parte hartzen du Viorica Atanasovek, bolada batez Gasteizen bizi izan zen artista moldaviarrak. Orduan ezagutu zuen Bidaurretak, eta adierazi zuenez, kimika berezia sortu zen bien artean. «Feeling horren isla da lankidetza hau, bide luze baten hasiera izatea espero dudana. Bera Moldaviara itzuli da orain eta bokazio nazioartekoagoa izan dezake kolaborazioak».

Egun batean, jotzeko gelditu ziren bi lagunak eta donostiarrak grabatzea proposatu zion. «Emaitza hain interesgarria eta pozgarria izan da», ezen beste lan bat egitea erabaki baitute, disko pertsonalagoa, kantu originalekin. Ez zuten zehaztu, baina aipatu zuten beharbada uda aitzinetik ale berri bat kaleratuko dutela groove, tekno, elektronika eta remixen mundura hurbiltzen den Dantza Baltzan.

Biniloaren B aldean, Bernard Hermannek Alfred Hitchcoken «Psycho» (1960) maisulanerako konposatu zuen musikaren oihartzunak aditzeko aukera dugu. Zinemaren historiako soinu banda ezagunenetako baten egokitzapen harrigarria egin du Gasteiz Big Bandeko zuzendariak, musika elektronikora eramanez eta lounge kutsu arina eta entzuteko erraza emanez.

Agertu zuenez, denbora luzean lagun izan duen soinu banda da «Psycho»rena. Txarly Brown biniloaren diseinatzaileari ere azala egiteko gaia edo motibazioa eman dio. Brown Bartzelonakoa da eta bilduma honetako aurreko biniloak ere berak diseinatu ditu, itxura deigarria eta ikusgarria emanez azalari eta atzealdeari, jada igaro den garai batekoak izan arren, berriro ikusten ari garen biniloek duten xarma indartuz. Bidaurretak ere aitortu zuen «fetitxismoz» aukeratu duela formatu hau bere musika plazaratzeko. «Gaur egun, nabarmena da formatuen krisia; gero eta gehiago kontsumitzen dugu digitalean eta badakit lan hau ere hala entzungo duela jendeak batez ere. Hala eta guztiz ere, biniloa hautatu dut diseinuagatik, eta kazetari eta aldizkari espezializatuak hurbiltzea errazten duelako ere bai».

Azkeneko pieza, «Ser-G» sentsuala, ez da moldaketa, Donostiako pianistak berak konposatutako lana baizik. Izenak iradokitzen duen bezala, Serge Gainsbourg du inspirazio iturri, eta kantari eta konpositore hori ez ezik, Frantziako kantagintzaren izen handiak ere (Edith, Piaf, Jacques Brel...) omentzen ditu. Berez, film labur baterako sortu zuen abestia eta lehendabiziko aldiz kantatzen du bertan, «kantatu edo horrelako zerbait, gauza xelebre bat», irriz adierazi zuenez. Erran zuenez, biniloa ez da ohikoa eta kanta honek are bitxiago egiten du.

VIORICA ATANASOV

Viorica Atanasov musikari moldaviarra Gasteizen bizi izan zen garai batean eta orduan ezagutu zuen Jimmy Bidaurretak. Kimika berezia sortu zen bien artean eta hortik sortu zen elkarlan hau, bide luze baten hasiera izatea espero dutena.

Dantza Baltza

Bilduma: Lau lan biltzen ditu oraingoz: «Gasteiz Big Band live», «Hotsak dantzan», «Gasteiz Big Band» eta berriena, «Jimmy Bidaurreta meets Viorica». Formatua: 10 hazbeteko biniloa. Argitaletxea: Gaztelupeko Hotsak.

Artisten agertokia hain altua izan ez dadin

Musika beltzekin, dantzagarriekin zein elektronikoekin ikustekoa duten ekimenei lekua egiten die Dantza Baltza Gaztelupeko Hotsak argitaletxearen zigiluak. Sustatzaileek nabarmentzen dutenez, euren jarrera ludikoa da, bihotzetik ateratakoa, eta garrantzi handiagoa ematen diete proiektuei etiketei baino. Euskal Herriko musikaren eszenan joera berriak finkatzea dute xede, eta aldi berean, euskal musika ezagutaraztea. Txarly Brown diseinatzailearen artea eta Jimmy Bidaurreta musikari, ekoizle eta zuzendariaren eskua nabarmenak dira hamar hazbeteko binilo bilduma honetan. Jose Felix Azkarate argitaletxeko ordezkariak pozarren aurkeztu zuen atzo bildumako laugarren lana, «musika alaia eta dantzagarria» duelako. Argitu zuenez, Bidaurretak «musika dantzagarria egiten du, baina ez hotza». Teknologia tartean sartuz, egindakoa birpasatzen du eta musika denen eskura jartzen saiatzen da, jendearengana hurbiltzen, artistak egoten diren agertokia hain altua ez egiten. Horixe egiten du urtetan zuzentzen ari den Gasteiz Big Banden eta bultzatzen dituen bildumetan. M. I.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo