GARA > Idatzia > Kultura

Kutxa Kultur-ek gazte sortzaileak guztion begien aurrean jarriko ditu hirugarren urtez

M. LARRINAGA | DONOSTIA

Kutxa Kultur plataforma gazte sortzaileen lana hedatzeko helburuarekin sortu zen orain hiru urte. Musikaren, zinemaren, komikiaren eta modaren alorrak lantzen dituzten artistak dira laguntza honen hartzaileak eta urte osoan egiten dira egitasmoak.

Atzo aurtengo programazioaren aurrerapen bat aurkeztu zuten, baita bertan parte hartzeko deialdiak ere. Gaurtik aurrera irekita daude deialdiok.

Musikaren alorreko berrikuntza bat dakar aurtengo programazioak. Izan ere, orain arte lehiaketa moduan antolatu den arren, aurten hamar talde aukeratuko ditu epaimahaiak eta hamarrek hartuko dute parte, bai jaialdi txikietan eta bai urte bukaeran antolatuko den Kutxa Kultur Festibalean ere.

Musika talde edo bakarlariek martxoaren 26ra bitartean izango dute bi abesti musika@kutxakultur.com-era bidaltzeko. Aukeratutakoek Mundumiran, Surfilm Festibalen, musikaren egunean, Heineken Jazzaldian eta Sanmiguel Donostikluba jaialdian joko dute.

Kutxa Kultur Festibala irailean ospatuko da aurten, 7an eta 8an alegia, eta Igeldoko jolas-parkean antolatuko dute aurten, eta bi egun horietan zehar hainbat egitasmo egingo dira musika kontzertuez gain. Guztira bertako hamar taldek eta nazioarteko beste zortzik hartuko dutela parte aurreratu zuten atzo, baina izenik ez zuten eman nahi izan.

Papera, pantaila eta tela

Komikiaren arloan, kontakizun jakin batean oinarritutako komiki bat egiteko eskatuko zaie parte-hartzaileei. Lanak bost orrialde izango ditu gehienez eta ekainaren 30ean amaituko da epea. Parte hartzea posta elektroniko edo ohiko bidez egin daiteke eta irabazleak 900 euro jasoko ditu.

Kutxa Kultur Expressok film laburrak sortzeko aukera emango du. 48 ordutan zeinahi formatutan film bat grabatzea izango da helburua, zehaztutako gai bati buruzkoa. Gainera beharrezkoa izango da aipatuko zaien objektu bat txertatzea. Film laburrak maiatzaren 21ean aurkeztuko dira eta grabaketaaurreko 48 orduetan egin beharko da.

Kutxa Kultur Moda moda-diseinatzaile gazteen hirugarren erakusketa da eta ikusle guztientzako gune irekia izango da Donostiako Loiola kalean. Izena emateko epea uztailaren 30era arte izango da zabalik. Zehazki datarik eman ez zuten arren, urrian ospatuko dela aurreratu zuten. Informazio gehiago www.kutxakultur.com-en.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo