GARA > Idatzia > Ekonomia

Euskal enpresak Mondragon taldeak Indian duen gunean ezarri ahal izango dira

Lakuako Gobernuak Mondragon korporazioarekin atzo sinatutako akordio bati esker, kooperatibak Indian duen parke teknologikoan kokatzeko aukera izango dute euskal enpresek aurrerantzean.
p030_f02.jpg

GARA | PUNE

Patxi Lopez lehendakaria Indian egiten ari den bidaiaren baitan, Mondragon kooperatibak Pune-n daukan gunea bisitatu zuen atzo. Bertan parke teknologikoa industriarako gune «erreferentziala» dela baieztatu zuen Lopezek, eta horregatik, euskal enpresei bertan ezartzeko aukera erraztuko dien hitzarmena sinatu zuen Lakuak Mondragon taldearekin. Helburu nagusia, Indiako merkatura hedatu nahi duten euskal enpresei bidea irekitzea da.

Modu horretan, kooperatibako kide ez diren euskal enpresak ere Indiako parkean kokatu ahal izango dira. Zehazki, parkeak dituen 166.000 metro koadroetatik 40.000 helburu horretara bideratuko dituzte. Lopezen hitzetan, akordio horrek gauzak asko erraztuko dizkie Indian kokatu nahi duten enpresei.

Izan ere, lehendakariaren esanetan, Indiako merkatuak aukera asko eskaintzen dituen arren, bertan kokatzea zaila izaten da bere ezaugarri geografikoengatik «ezberdintasun sozio-kulturalengatik eta merkatuaren konplexutasunagatik». Horregatik azpimarratu zuen, Mondragon taldearen bitartekaritza «oso baliagarria» izango dela.

Ildo horretan, Lopezek eta Jose Maria Aldekoa Mondragon taldeko lehendakariak 2010ean Txinan antzeko ekimen bat abiatu zutela gogorarazi zuten eta izandako «arrakasta» ikusirik, beste herrialde batzuetan antzeko esperientzia abiatzea erabaki dutela aitortu zuten. Indiakoa bigarrena izango da.

Aldekoaren ustez, garrantzitsua da lehiakideekin ere elkarlanean aritzea, batik bat multinazionalen kasuan. Lopezek gaineratu zuenez, «euskal enpresen lehiakideak ez daude Euskal Herrian, munduan baizik». Alde horretatik, elkarlana oso garrantzitsua dela nabarmendu zuen, bere ustez, euskal enpresak batera aritu behar dutelako nazioartean.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo