GARA > Idatzia > Iritzia> Gaurkoa

Andoni Olariaga | Filosofian lizenziatua

Etikaren eta politikaren arteko harremanaz

«Etika» eta «moral» hitzen etimologiatik abiatu eta ekintza moralik ez dagoela ondorioztatuta, galdera bat plazaratzen du Olariagak: zer egin aldez aurreko irizpiderik gabe zer moral, balio ohitura edo ekintza den egokiena zehazteko? Eta dioenez, sarritan irizpide absolutuetara «ihes egiteko» joera dago: demokrazia, legea, giza eskubideak...

Etika, grekozko ethos-etik datorren hitza da, eta «ohitura» esan nahi du. Morala, latineko mos-etik dator, eta esanahi bera dauka. Finean, gizartearen elkarbizitza (edo elkarbizitza eza) zimendatzen duten isilpeko premisen multzoa baino ez da morala edo etika. Zizeronek zioenez («De fato», I, 1), «ohiturei erreferentzia egiten dionez grekoek ethos deitzen duten filosofiaren alderdi horri guk ohituren filosofia deitzen diogu, baina latina aberastea komeni denez, morala deitu behar zaio». Moralaren esanahi horri jarraituz, hortaz, immoral edo etikoki ez zuzentzat hartzen diren ekintza edo balio multzoak gizarte baten ohituren kontra egiten diren horiek lirateke. Moral-gabea den gizaki, balio zein ekintzarik ez da existitzen, beraz. Halaber, pertsonak moralak bagara ere, ez dago ekintza moralik, soilik ekintzen interpretazio morala baizik (Nietzsche), a priori ekintzek eta balioek moralik ez dutelako. Printzipioz, hortaz, ekintzak eta balioak ez, baina pertsona denak gara moralak, balioespen moralak egiteko gaitasuna dugun heinean: berdin da faxista, kanibala, enpresaria edo moja izan. Immorala izateak, hortaz, ez du esan nahi moral gabekoa izatea, moral (ohitura) jakin baten kontrakoa izatea baizik.

Orduan, zer egin daiteke, ez badago a priorizko irizpiderik (ez dagoenez), zer moral, balio, ohitura edo ekintza den egokiena zehazteko? Badirudi erlatibismoaren atzaparretan jausten garela. Eta, hain zuzen, balioen ageriko erlatibismo horren aurrean, irizpide ziur eta absolutuetara ihes egiten dugu maiz. Politikariek zein apaizek abilitate handia dute hori egiteko, hainbat irizpide absolutu erabiltzeko, alegia. Edozein ekintza politikoren zuzentasuna edo horren eza deliberatzeko irizpide absolutu erabilienak erlijiosoki santutuak dauden «demokrazia» eta «legea» dira. Demokraziaren izenean sarraski handienak egin daitezke, legearen izenean injustizia handienak. Baina berdin dio, irizpideok tautologia baten bidez defendatzen dira: legea legea da. Beste irizpide absolutu bat, komunikabideek eraikitzen duten elkarrizketa ideal batetik eratortzen den kontsentsu famatua litzateke. Baina halako elkarrizketa markorik egon ez dago errealitatean, eta dagoenean, elkarrizketaren arauak, galderak eta erantzunak berak aldez aurretik erabakitzen ditu boterea duenak. XXI. mendeko beste irizpide ziurra giza eskubideak lirateke; hain zuzen, etikaren eta politikaren arteko gatazka irizpide moraletatik askatu (halakorik posible bada) eta irizpide juridikoetan zentratzeko sortu zirenak. Azken irizpide hori sorreratik izan da, hain zuzen, estatu tiranikoaren aurkako tresna baliagarriena disidentzia mota guztientzako; era berean, ordea, gehiengoaren izenean egiten diren sarraskiak justifikatzeko tresna modura erabili dute estatuek. Bestela, pazifismo manikeoaren slogan absolutuak ere ezagunak ditugu, ekinbide politikoarekin zerikusirik ez duten predikuen arrosarioa. Irizpide absolutu horiek guztiek, oraindik ere, etika eta politikaren arteko loturaren gatazka bide errazetik konpondu nahi dute, politika etika konkretu bati lotuz nork bere moralari edo irizpide absolutuari.

Afera horren aurrean, Max Weberrek proposatu du arreta handirik jarri ez zaion irtenbide bat, «Politik als beruf» (Politika, lanbide bokazio) idatzi ezin zoragarriagoan. Politikariaren bokazioaz eta haren etikaz hausnarketa interesgarriak utzi zizkigun. Lehenik eta behin, bi etika bereizi zituen: batetik, «konbentzimenduaren etika» (printzipioen etika), eta bestetik, «erantzukizunaren etika». Lehena absolutua litzateke: politikariak ez du pentsatzen, esaterako, lege bat aplikatzeko orduan momentu horretan politikoki egokia ala ezegokia ote den, ondorioak eta erreakzioak zein izango ote diren. Ondorioak kalkulatu gabe printzipioekin gidatzea eskatuko luke, beraz. Bigarren etika, aldiz, ondorioak kalkulatzen dituena da. Ekintzaren ondorioek printzipioek baino pisu handiagoa izango lukete. Bigarren etika horrek politikarako irizpide gisa eraginkortasuna izango luke. Ekinbide politikoak, funtsean, bigarren etika horrekin, efikaziaren irizpidearen bidez funtzionatzen du.

Maila batean bi etikak dira gatazkatsuak, bakoitza bere aldetik era zurrun batean planteatzen bada. Lehenarekin baino ez aritzea, Weberren hitzetan, arduragabekeria nabarmena litzateke ekinbide politikoan, duintasun ezaren etika bat (santuarentzat izan ezik, noski). Izan ere, etika horrek zera agintzen du: «Ez aurre egin gaizkiari indarrarekin». Baina politikariarentzat balio duena kontrako agindua da: «Gaizkiari indarrarekin aurre egin behar diozu, bestela haren garaipenaren erantzukizuna zurea izango da». «Printzipioen etika» horrekin jokatzen duenak, hortaz, «ez du jasaten munduaren zentzugabetasun etikoa». Bigarren etikaren arazoa, aldiz, ondorioak askotan kalkulaezinak izaten direla litzateke. Honela laburbiltzen ditu bi etiken esanahiak Weberrek: «Sineste sendoaren etika baten arabera egindako ekintza baten ondorioak txarrak direnean, egin zuenak ez du haiekiko erantzukizunik sentitzen, munduari egozten dio erantzukizuna, gizakien ergelkeriari edo gizakiak halakoak egin dituen Jainkoaren borondateari. Aldiz, erantzukizunaren etikaren arabera jarduten duenak, gizaki arruntaren akatsak kontuan hartzen ditu». Weberren ustez, politikariak kontziente izan behar du erantzukizunaren etikaz, etika hori baita ekinbide politikoa arautzen duena. Izan ere, «politikan sartzen denak, hau da, boterea eta bortxa bitarteko bezala erabiltzeari baiezkoa ematen dionak, deabruarekin itun bat egin du, halako moduan non jadanik ez den egia haren jardueran onak ona baino ez duela ekartzen eta txarrak txarra, baizik sarri kontrakoa gertatzen dela. Hori ikusten ez duena haur bat da politikoki». Izan ere, kontuan izan behar da politikak ekintzarako bitarteko espezifikoena boterea duela, eta horren atzean biolentzia dagoela. Beraz, printzipioen etika hori ezin da politikarekin nahastu.

Politikariak politikaren egitekoaz, «haren etorkizunaz eta hari dagokion erantzukizunaz arduratu behar duen etika bat» izanik, «iraganean izan diren erruei buruzko auzi argitu ezin eta hortaz politikoki antzuetan galdu egiten denean, kulpa politikoan erortzen da». Hori egitea, hau da, arrazoi izateko «etika» baliatzea, Weberren ustez, gorrotagarria da. Horixe da, hain zuzen, gerra bat irabazten duenak (edo irabazi duela uste duenak) askotan egiten duena, «beti arrazoi izateko grina txar zikoitzari amore emanez, arrazoia bere alde zuelako garaitu duela nahi izaten du eta». Euskal Herrian kirol nazional bihurtu da azken hori. Weberrek argi dauka, bide horretatik «behin gerra bukatu ondoren errudunak nortzuk ziren bilatzen hastea, atso zaharren kontua da; gizartearen egitura da gerra sortzen duena». Gerra edo gatazka baten ondoren, gatazkatik bertatik atera behar diren ondorioei eta han jokoan zeuden interes material eta etorkizunerako erantzukizunari dagokien gaiei buruz mintzatu beharra dago. Hori ez den guztia egitea (gerran irabazle moralak, errudunak... bilatu nahi izatea), ez da duina, haren ustez.

Zer irakaspen atera dezakegu Weberren kritika eta proposamenetik? Politikariak erantzukizunaren kontzientzia eta etika izan behar du. Politikaren ekinbidearekin bat ez datorren «konbentzimenduaren etika erlijiosoa» predikatzen duen politikariak ez dauka bokazio politikorik. Soziologoak esango lukeen bezala, politikari horiek «hobe zuketen besterik gabe gizakitik gizakirako senidetasunaz arduratu izan balira eta beren egunoroko lanera jarri izan balira». Hau da, hobe zuketen moja eta abade egin izan balira: politikariz mozorrotutako mezalagun gehiegi dago-eta dagoeneko Euskal Herrian.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo