GARA > Idatzia > Kultura

ELEBERRIA

Gosez

p057_f01_49x79.jpg

Iban BALERDI

Kai Meyer idazle alemaniarrak arrakasta itzela du bere herrialdean; 42 urterekin genero fantastikoko dozenaka liburu ditu argitaratuak gazte nahiz helduentzat. Gainera, zinerako gidoiak ere egin izan ditu, baita komiki bat ere. Sorkuntzarako gaitasun aparta duenik ezin ukatu, beraz.

Gure artean literatura fantastikoak ez du, beharbada, beste toki batzuetan duen tradizio edo indarrik, baina Alberdania eta Erein argitaletxeen Batera izeneko sail honetan nazioartean sona lortu duten lanak topa ditzakegu, eta labetik atera berriak, gainera. Kasu honetan, aipagarria da euskarazko itzulpena gaztelaniazkoa edota ingelesezkoaren aurretik heldu izana. Irakurleak behar ditu orain.

Liburu honetan gertatzen den guztia lerro batzuetan kontatzea ez da gauza erraza. 17 urterekin, Rosak New York utzi eta Siziliara jo beharko du, ahizpa Zoe eta izeba Florindarekin bizitzera. Bertara iristeko hegazkinean Alessandro ezagutuko du, gerora estuago bihurtuko den harremana iragarriz. Izan ere, bi pertsonaia nagusi hauek, Romeo eta Julietaren arteko maitasun istorioaren edizio berri bat eskainiko digute. Baina, fantasiazko liburua izanik, baditu beste hainbat elementu ere, besteak beste, mafiaren itzala eta gizaki nahiz animalien arteko transformazioak.

Irakurleak patxadaz irakurri beharko ditu lehenengo orrialdeak, ez dela ezer gertatzen ematen du eta. Idazlea istorioa ondo kokatzen ahalegintzen da hasiera honetan, «Arkadia iratzarria» trilogia baten lehena baino ez baita. Aurrera egin ahala, interesgarriago eta dibertigarriago bilakatzen da eleberria, eta konturatzerako erabat harrapatzen zaitu. Hemendik aurrera, abiadura bizitu eta abenturak bata bestearen atzetik gertatuko dira, askoren kirioak dantzan jartzeraino. Hala eta guztiz ere, trilogiaren lehen zatia baino ez izanik, hainbat kontu ez dira argituko eta irakurlea hurrengoetarako gosez geldituko da.

Gehien gustatu zaidan gauzetako bat istorioaren kokagunea izan da. Siziliako uhartearen deskribapenek bertara joateko desioak pizten dituzte. Edertasunez, kondairaz eta misterioz betetako gune paregabera garamatza autoreak, edozein izaki topa daitekeen eremura, edozer gerta daitekeen toki zoro eta zoragarrira.

Agian, pertsonaia nagusietan egiten du kale Meyerrek, Rosaren janzkera eta itxura gehiegitan aipatzen dituela baitirudi. Alessandrok ere apur bat amorrarazi egiten du bat zenbait momentutan. Bigarren mailako pertsonaiak, aldiz, oso egoki eta interesgarriak dira eta hasiera batean uste baino gehiago ematen diote istorioari.

Lehen ere aipatu bezala, trilogia bati hasiera ematen dio nobela honek, eta nabari da, bai, idazleak baduela eskarmentua era honetako istorioak sortzen. Izan ere, amaitu bezain laster, hurrengoarekin hasteko gogoa ematen du. Itxaron egin beharko dugu, ordea. Meyerrek idazteko duen gaitasun eta abiadurarekin gehiegi ez, ziurrenik.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo